Udako jaiak Andoainen

Udan auzoetako jaietan iragarrita zeuden ekitaldi bakanak bertan behera geratu dira

Xabier Lasa eta Jon Ander Ubeda 2020ko uzt. 23a, 08:00

Gora Kaletxiki Bandak kontzertu bana eskaini behar zuen Etxeberrietan eta Goiburun, uda honetan. Bertan behera geratu dira.

Gipuzkoan azken egunetan areagotu diren positiboen eraginez, Andoaingo auzune ezberdinetan aurrikusita zeuden ekitaldi gehienak bertan behera geratuko dira. Etxeberrieta, Goiburu, Buruntza eta Sorabilla auzuneetan ekitaldi bakanak egingo dituzte.

Uztailak 31, ostirala | Etxeberrieta

Uztailaren 31n, San Inazio egunarekin bat eginez, 11:00tan meza egingo dute Santa Krutz elizan. Horixe izango da eguneko ekitaldi bakarra.

Gora Kaletxiki Bandak emanaldi berezia eskaini behar zuen, baina azken orduan bertan behera uztea erabaki dute. Besteak beste, Berrondok eta Oiartzabalek sortutako pieza berrien estreinaldia egitekoak ziren: "Gogoan zaituztegu", koronabirusaren eraginez hildakoak gogoan dituena; "Ama", ama guztiei eskania eta "Asun Garcia", Andoaingo herritarrari eskainitako musika pieza. 

Abuztuak 3, astelehena | Goiburu

Goiburu auzoan, bertso saioa izango da San Esteban elizan auzotarrek antolatuko duten ekitaldi bakarra.

Abuztuaren 3an, San Esteban egunarekin bat eginez, Andoaingo parrokiak meza antolatu du auzoko elizan.

Oilasko jokoa, tortila lehiaketa eta Gora Kaletxiki Bandaren emanaldia jende kopuru murritzarentzat antolatzekoak ziren, baina azken egunetan hiru ekitaldi horiekin atzera egitea erabaki dute.

Abuztuak 16, igandea | Buruntza

Abuztuaren 16an, San Roke egunarekin bat eginez, meza egingo dute 10:30ean. Aritz Eskudero eta Unai Ormaetxea bertsolariek parte hartuko dute, mezan kantatuz. Ordu berean Olagain taldeko txistularien kalejira abiatuko da auzunetik, San Martin elizaren kanpoaldean amaituko dena.

Sorabilla

Aurten ez da ospakizunik egingo. Sorabillan jaiak bertan behera uztea erabaki dute.

Gora Kaletxiki Band

Etxeberrietan eta Goiburun Gora Kaletxiki Bandak eskaini nahi zituen emanaldiak bertan behera geratu diren arren, bandako kideek ahal bezain pronto emanaldi horiek eskainiko dituztela adierazi dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!