Andoaingo Kereila, epaitegiz epaitegi

Xabier Lasa 2020ko uzt. 20a, 10:00

Teresa Anton Alberro, Aszen, Juana eta Mikel seme-alabekin eta Oroituz elkarteko kideekin, Donostiako epaitegi aurrean. aiurri

Andoaingo zenbait biktima Donostiako epaitegian izan dira azken egunetan, frankismoaren krimenen aurkako kereilarekin urrats berri bat emanez. Beharrezkoa da Udalak 2019ko ekainean jarritako kereila Epaitegi Konstituzionalean aurkez dezan

17 herritar igaro dira epaitegitik, Andoainen frankismoak eragin zituen ehunka biktima (erailak, exiliatuak, atxilotuak, torturatuak…) ordezkatuz, eta guztientzat egia eta justizia eskatuz. Kasuistika anitza osatzen dute Donostiako epaitegitik, 1936an desagerrarazitakoen senideekin hasi eta 60 eta 70eko hamarkadetan Andoaingo kuartelean torturatuak bitarte.

Frankismoaren aurkako kereilaren ekimena Estatu espainiarreko hainbat udalerrietatik sustatu da. Trantsizio politikoan frankismoak eragindako giza eskubideen urraketak ez ziren argitu nahi izan, gutxiago epaitu. Gabezia demokratiko horri aurre egitea du xede kereilak, are gehiago ikusita oraindik ere inpunitatea eskaintzen zaiola botere judizial eta politikotik.

Kronologia

Kereilaren ekimena luzea eta zailtasunez betea izango zela iragarri zuten bultzatzaileek, eta hala gertatzen ari da Andoaingo kasuan ere.

  • 2017/07/20. Andoaingo Udalak, aho batez, Frankismoren Inpunitatearen Aurkako eta Argentinako Kereilaren Aldeko Euskal Herriko Plataformak eta Oroituz, Andoainen elkarteak aurkeztutako mozioa onartu zuen.
  • 2018ko urtarril-otsail-martxoa. Aurreko mozioan onartutakoari jarraiki, Oroituz elkarteak Frankismoak eragindako Biktimen Arretarako Bulegoa ireki zuen Basteron, 1936-1977ko epealdi historikoan giza eskubideen urraketaren bat jasan zuten pertsonen inguruko informazioa jasotzeko, eta txostena osatzeko.
  • 2019/06/12. Andoaingo Udalak, herriko zenbait biktimekin eta Oroituz elkartearekin batera, Andoainen giza eskubideen urraketak jasotzen dituen txostena aurkeztu zuen Tolosako epaitegian. Oroituz elkarteak Buenos Aireseko (Argentina) epaitegira txosten berbera bidali zuen, salaketa jarriz.
  • 2019/12/03. Tolosako epaitegiko Lourdes Arias Vilumbrales epaileak ezetsi egin zuen kereila.
  • 2019/12/09. Udalak apelazio errekurtsoa aurkeztu zuen autoaren aurka.
  • 2020/04/16. Gipuzkoako Auzitegi Probintzialak ezetz esan zion errekurtso apelazioari, auto baten bidez.
  • 2020/05/28. Andoaingo Udalak, aho batez, Epaitegi Konstituzionalean babes errekurtsoa aurkeztea onartu zuen. Gainera, epaitegi horretan ezezkoa jasoz gero, Giza Eskubideen Europako Epaitegira jotzea ere erabaki zuen.

Kereilaren bultzatzaileek aurreikusten dutenez, Epaitegi Konstituzionalak ere atzera botako du kereila, 1977ko urriko amnistiaren legea oinarri hartuta. Hortaz, goiz ala berandu, Europako giza eskubideen epaitegietan amaituko du.

Alberro eta Fernandez familiak

Teresa Anton Alberro lekunberriarra da Donostiako epaitegian izan zen biktimetako bat. Bere aita, Sekundino Anton, Plazaolako trenbideak Andoainen zeukan estazioko burua zen faxistek kolpe militarra bultzatu zutenean 1936ko uztailaren 18an. Teresak lau urte zituen orduan, eta beste bi ahizpa zeuzkan, bi urteko Elena eta urte beteko Mercedes. UGTko afiliatua zen aita, eta faxistek atxilotu egin zuten urrian, Andoaingo beste sei lagunekin batera: Bonifazio Aldaz, Mikaela Aldaz, Ramon Gantzarain, Maximo Lasarte, Jose Lasa eta Gregorio Prestamero. Horietatik hiru Donostian fusilatu egin zituzten, Anton tartean.

Harrezkero, haurdun zegoen alargun Juana Alberrok eta bere hiru alabek ezin izan zuten estazioko etxebizitzan bizitzen jarraitu, eta Hernaniko benefizentzia-etxean topatu behar izan zuten aterpe. 1937ko urtarrilean, erditu zen Geltokiko  eta bi hilabeteren buruan, ama hil egin zen. Teresa alabak, beti esan izan du, erabat sinetsita, ama atsekabeak hil zuela, elikatzeari utzi eta gero.

88 urte ditu Teresak, eta makal dabil osasunez; nolanahi ere, ez zion hutsik egin Donostiako epaitegiko hitzorduari. Kereilarekin ahal duen arte jarraituko duela adierazi zuen atarian, “hamarkadetan ukatu zaigun egia eta justizia eskatzen dut aitarentzat ez ezik, baita ere gainerako milaka eta milaka erailentzat, asko eta asko bide bazterretan daudenak oraindik”.

1936an Tolosan fusilatu zuten Nemesio Fernandez Argiarro andoaindarraren bilobak ere Donostiako epaitegian izan ziren joan den astean. Hain zuzen, Xabier, Alazne, Agurtzane eta Jon Gurutz Fernandez anaiak, eta Begoña eta Edurne Ormazabal ahizpak. Erantzunik gabeko galdera ugari egiten segitzen dute oraindik, aitonaren inguruan: nork, noiz eta zergatik atxilotu eta erail zuten, zergatik ez den justiziarik ezarri geroztik... Euren aitona Andoaingo aguazila zen, eta EAJ eta ELA-STVko kide ekintzailea. 1936ko abuztuaren 29an atxilotu egin zuten. Hurrengo egunean, Antonio Arantzabal, Kruz Aldasoro eta Pio Arzallus andoaindarrak, Migel Amondarain oriatarra eta bostak Tolosako kanposantuan fusilatu zituzten.

Sekundino Antonen familiaren kasuan bezalatsu gertatu zen Nemesio Fernandezen familiarenean: Rafaela Agirre alargunak eta adin txikiko bere lau seme-alabek Andoain utzi behar izan zuten; Aietera joan ziren bizitzera, familiar baten etxera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!