Koronabirusa

Anbulatorioko langileek lasaitasun mezua zabaldu dute

Xabier Lasa 2020ko uzt. 17a, 17:49

Andoaingo anbulatorioko langileek lasaitasun mezua zabaldu dute gaur. Izan ere, nahiko gainezka dabiltza azken egunetan, herritarren aldetik eskaera ugari jasotzen ari baitira PCR probak egin nahi dutela esanez. Adierazi dutenez, herrian oraingoaz ez dago alarma pizteko arrazoi nahikorik.

Alfredo Gomez Anbulatorioko herritarren harrerako arduradunak eta Elixabet Isasi erizainak aitortu dute eskaera ugari ari direla jasotzen azken egunetan, PCR proba egitea eskatuz. Andoaingo herritar askorengan alarma piztu den arren, langileen iritziz “Andoainen oraingoaz ez dago arrazoirik PCR proba masiboki egiten hasteko. Kontrolpean dago egoera, eta zuhurtzia eta arduraz jokatzeko eskatzen dugu”.

Uztailaren 7tik 16ra bitarte 10 positibo detektatu dira. Ez da bereziki larritzeko datua, baina jende ugari ari zaie eskatzen gaitza atzemateko detekzio-probak egitea, anbulatoriora edo karpara hurbilduta nahiz telefonoz.

Argi utzi dutenez, PCR probak egiteko zerbitzua soilik osasun zentrutik deitzen zaien herritarrentzat prestatu dute, kutsatuta dauden ala ez jakiteko. Batetik, medikuak aztertu ostean sintomaren bat (sukarra, eztula…) detektatu zaien herritarrei eskatzen zaie agertzeko proba egitera; eta bestetik, COVID-19aren fokoren batekin kontaktua izan dutenei esaten zaie agertzeko. Anbulatorioaren atzeko aparkalekuan goizetan karpa ipintzen ari dira, eta bertan ari dira burutzen probak.

Arrazoi ugari egon daitezke neurrigabeko alarma piztu dutenak. Besteak beste, Karrikako ludotekako erabiltzaile batek eta Arteta tabernako bezero batek positibo bana eman izanak eta horrek komunikabideetan izan duen oihartzuna, edo Ordizian eta Tolosan ikusitako jende ilarak PCR probak egiteko.

 

Aparkalekuko karpa

Halaber, astelehenaz geroztik anbulatorioaren atzealdean karpa ikusgarri egoteak ere izan du bere eragina. “Osasun krisialdia piztu zenez geroztik ari gara hots egiten jendeari, hona etorri eta proba egin dezan. Kontua da eraikinean bertan egin izan ditugula orain arte, eta astelehenaz geroztik, berriz, aparkalekuko karpan”.

Nolanahi ere, egia da azken egunetan ugaritu egin dela PCR proba egiteko deitu zaien herritarren kopurua. “Karrikako ludotekako edo Arteta tabernako kasu banarekin kontaktua izan duten pertsonak dira horietako batzuk. Aldi berean, agerraldiak eman diren Gipuzkoako zenbait tokietan kontaktua izan duten pertsonak, herrikoak izanik identifikatu direnak. Toki horiek dira: Tolosa eta Ibarrako taberna bana, Leaburuko ostatua, Getariako bi komertzio, eta, Zarautzeko malekoieko tabernak eta kanpinga”.

Proba egiteko eskatzen ari direnen artean, Arteta tabernan azken asteetan kontsumizioa egin dutenak daude. Ekintza hori, besterik gabe, ez dela susmatzeko moduko datua adierazi dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!