Katto Amilibia gogoan hartuko dute, haren heriotzaren zortzigarren urteurrenean

Jon Ander Ubeda 2020ko uzt. 22a, 09:26

Andoaindik abiatuta ibilaldia egingo dute larunbat honetan, Eteneta aldera. Ohi bezala, oinez edo bizikletaz joateko aukera dago.

Juan Antonio Amilibia Katto­ Pirinioetan istripuz hil zela, 2012ko uztailaren 29an. Handik egun gutxira lagunek omenaldi ekitaldia antolatu zuten Etenetan, eta geroztik toki berean omenaldi ekitaldia antolatu ohi dute.

Aurtengoan, larunbatarekin

Hauxe da Kattoren lagunek Etenetan antolatu duten ekitaldiaren egitaraua:

Uztailak 25, larunbata

  • 09:00 Ibiltarien irteera Bekoplazatik.
  • 09:30 Txirrindularien irteera Bekoplazatik.
  • 09:30 Ibiltarien irteera Besabitik.
  • 11:00 Omenaldi ekitaldia Etenetan.

2012ko gertaera latz hura gogoan

Ezbeharra Poset-Maladeta parkean (Benasque, Huesca) gertatu zen. Andoaindarra bakarrik abiatu zen Angel Orus aterpetik, Tuca de las Corbetas mendigaina hegoaldetik egin asmoz. Bidean, ordea, harri ezgonkorren bat topatu, eta hogeita hamar metrotik behera amildu zen.

Uztailaren 31n, bere gorpua erraustu egin zuten Errekaldeko beilategian. Ekitaldi xume bezain hunkigarria egin zuten bertaratutakoek. Abuztuaren 1ean, hileta elizkizunaren txanda iritsi zen, Andoaingo San Martin Tours elizan. Jendetza bertaratu zen.

Abuztuaren 12an errautsen zabaltzea eman zen. Ekitaldi bana egin zen: senideekin Urbasako parajeetan, eta adiskide eta herriko elkarteetako kideekin Etenetako zelaietan (Adarra) bigarrena. Kantujira taldekoak, bertso eskolako kideak, txalapartariak, dantzariak, txirrinduzaleak... jendetza bertaratu zen Etenetara.

Bideoteka

2012ko San Jaun eguneko Axeri dantzan Katto Amilibia kapitain lanetan aritu zen.

 

2014ko omenaldi ekitaldia, haren heriotzaren bigarren urteurrenean.

2019ko omenaldi ekitaldia Etenetan

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!