Ibilbide artistikoari saria Pello Irazuri

Aiurri 2020ko uzt. 24a, 12:00

©Guggenheim

Andoaindarrak “Gure Artea Saria” jasoko duela iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Gure Artea sariak irabazi dituzten artisten izenak ezagutzera eman ditu aste honetan, Donostiako San Telmo Museoan egindako ekitaldian.

Sariak udazkenean banatuko dituzte, Guggenheim Bilbao Museoan egingo den galan. Andoaindarrak saria jasotzeko merituei dagokionez, epaimahaiak merituen zerrenda osatua aurkeztu du.

Epaimahaiaren erabakia

“Epaimahaiak erabaki du Pello Irazu Mendizabali (Andoain, 1963) ematea 2020ko saria Ibilbide artistikoa aitortzeko, funtsezko artista delako euskal arte garaikidearen panoraman eta obra koherente bat garatzen diharduelako laurogeiko hamarkadatik gaurdaino. Pello Irazu joan den mendeko 80ko hamarkadan egin zen euskal eskultura garaikidearen berrikuntzaren ordezkari nagusietako bat da. Zer den artea eta zer ez den artea, horren arteko mugak gero eta lausoagoak diren testuinguru honetan, Irazuk artearen beraren esentzian jarri du arreta, eskulturaren praktikari dimentsio berri bat gehituta, eta horregatik da bere lana konplexu eta berezienetako bat euskal artearen panoraman.

Eskultura ‒eta bere problematika‒ da Irazuren lanaren funtsa, eta tartekatu egiten du, argazki, marrazki eta pintura muralekin, bere espektrorik zabalenean: tamaina txikiko hiru dimentsioko proposamenetatik hasi eta instalazio kolosaletaraino, hibrido objektualak tartean direla. Obrak baztertu egiten du tokiko tradizio eskultorikoa, eta hurbilketa bat azpimarratzen du Jorge Oteizaren eraikuntza-sistemara. Gainera, Minimalismoaren eta Posminimalismoaren autoreak interesatzen zaizkio. Erabilitako diziplinaz aparte, bere lanak oso modu zehatz batean heltzen die gure gorputzen, objektuen eta espazioen arteko erlazio anitzetan sortzen diren arazoei.

Pello Irazu goiz sartu zen euskal artearen eszenarioan, minimalismoaren eta Jorge Oteizaren postulatuetatik zuzenean edanez, eta Euskal Eskultura Berria izenekoarekin bat eginda, garatu zuenean obra-mota bat, izaera geometrikoa zuena, eta interes berezia erakusten zuena formarekiko eta kolorearekiko; bere ibilbide osoan funtsezko alderdi bilakatuko zirenak, alegia. 90eko hamarkadan New Yorkera joan zen eta etapa bat hasi zuen, artistaren hitzetan kanpokotasunaren ideiak markatua. Hamarkada hartako obrak material industrial arinagoekin eta irisgarriagoekin sortuak dira ‒kontratxapatua edo plastikoa, besteak beste‒ eta garapen espresiboak eta keinu etengabeak biltzen dituzte, etxeko espazioari zuzenduak.

Bilbora itzuli zenean, 2000. urtean, Irazuk etapa berri bati ekin zion; bere obran zeinuen bila aritu zen, zeinekin gu erlazionatu, eta deseraiki egiten zituen berriro muntatzeko. Hala, ezagun zaigunaren eta arrotz zaigunaren zerbaiten sentsazioa sorrarazten dute, bere abiapuntura itzuli eta ezagun den horretara begirada, modu indibidual eta erabakigarri batean, zuzentzen duen bati antzematen zaion ezaugarria, beste leku batean bizitako esperientziaren bahetik pasatako begirada dela kontuan hartuta. Irazuk orain bere egiten du espazioa, pintura murala eta hiru dimentsioko materialak konbinatuta, eta kategoria artistiko tradizionalen muga lausotuen artean sartuta.

Etapa honetan, argazkiekin esku hartzen du Irazuk; objektu eskultorikoa hartzen du oinarritzat, iruditan jasoa, eta aldarazi egiten du pintura erabiliz edo zinta itsasgarria bezalako elementuak gehituz. Horrela, obra berri bat bilakatzen da, sorburua duena beste aurrekoaren aldaketan, eta berari ez dagozkion tekniken bitartez

Bere obra berrian, Irazu objektuen erreprodukzio mimetikoen artean sartzen da; objektuei ez dagozkie eginda dauden materialak, eta horrela lortzen da ikusleak zalantza egitea objektuaren beraren materialtasunari, edo materialen estaldurari buruz; asmo hori sumatzen zen jada 90eko hamarkadan, baina indartuta ageri da orain. Hala, material edo estaldura gabezia horrek berak eragiten du objektua bera ia desagertzea.

Pello Irazuk badu halako begirada berezi bat. Aurrez aurre jartzen gaitu obrarekin erosotasun bitxi batez baliatuta: giza eskalatik eta eguneroko objektutik eratortzen den zera hori, lehenik mozorrotua, gero aldarazia eta azkenik transformatua. Nazioarteko ekitaldietan parte hartu izan du ‒Veneziako Bienalaren Aperto besteak beste‒ eta bere obra izen handiko erakundeen bildumetan dago, besteren artean, hauetan: ARTIUM-Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoa; Guggenheim Bilbao Museoa; Bilboko Arte Ederren Museoa; San Telmo Museoa; MACBA, Bartzelona; MNCARS, Madril; Museo Marugame-Hirai de Arte Español Contemporáneo; MUMOK, Viena; Museum of Contemporary Photography, Chicago; Ives Klein Foundation; Museum of Contemporay Art, San Diego; Museo Patio Herreriano, Valladolid; Arte Garaikideko Bilduma, “la Caixa” Fundazioa; Espainiako Bankuaren Bilduma; Europako Banku Zentrala; AENA Bilduma. Irazuk erakusketa monografiko garrantzitsuak izan ditu galerietan eta arte-guneetan, besteren artean, hauetan: Artium-Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoa; Koldo Mitxelena Kulturunea; CAB, Burgos, Sala Alcalá 31, Madrilgo Erkidegoa, eta Guggenheim Bilbao Museoa”.

Artea Andoainen

Albiste honi erantsita Itziar Gutierrez Fernandezek Andoaingo Udalaren laguntzarekin argitaratu zuen “ARTEA ANDOAINEN: ARTISTA GARAIKIDEEN OBRA ETA BIZITZA” azterlana. Besteak beste, egileak Pello Irazuren ibilbidea eta balio artistikoa xehetasun handiz deskribatzen ditu.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!