Olatz Arrizabalagak, Irantzu Etxebestek eta Nora Mendizabalek osatzen duten Reyes Azkoitiaren taldea da Laboral Kutxa Udako Torneoko liderra. Azpimarratu beharra dago, 3 eta 0 emaitzarekin amaitu den lehen jardunaldi hau izan da orain arte jokatutakoen artean orekatuena, partida guztiak oso lehiatu eta berdinduak izan dira eta.
Bereziki ikusgarriak izan dira Olatz Arrizabalagak eta Amaia Aldaik kaiola barruan jokatutako bi partidak. Bi bizkaitarrek sekulako joko erakustaldia eman dute eta markagailuan gorabehera asko izan dira bi partidetan. Puntuak edozein aldetara eror zitezkeen, baina Olatz Arrizabalagak teknikoki gehiago asmatu du bi partida amaieretan eta agian horrek eman dio garaipena bi kasuetan (12-10 lehen partidan eta 12-11 hirugarrenean).
Bi lehia hauen artean binakako partida jokatu da eta hemen ere garaipena Reyes Azkoitiaren talderentzat izan da, baina Irantzu Etxebeste eta Nora Mendizabalek ere izerdi ugari egin behar izan dute Iera Agirre eta Arrate Bergarari irabazteko (12-8). Partida berdindua eta gogorra jokatu dute bi bikoteek.
Partidak ostegun gauetan ikusi ahal izango dira ETB1eko Plazandreak saioan 22:35etan hasitan.