Osasun krisiak gizarte bizitzaren erabateko etenaldia ekarri zuen, eta horrek bere eragina izango du epe erdira. Ondorio larriak epe luzera ez zabaltzea da eragile guztien buruan dagoen pentsamendua.
Udalen finantziazioa bete-betean harrapatu du 2020ko krisiak. Jakina denez, Udal administrazioa bere kabuz kudeatzen dituen zergen bidez eta Aldundiko Foru Funtsaren bidez finantzatzen da. Eta bietatik iristen ari diren seinaleak ez dira onak. Udalak bere kabuz kudeatzen dituen tasa eta zergen bitartez diru bilketaren murrizketa pairatuko du. Agerikoa da, eta adibidea argigarria da: Ostalaritza eta merkataritzari tasa eta zerga horietan hobariak eskaini zaizkio, bizi duten krisiaren aringarri modura. Argi dago, beraz, jasoko den diru kopurua murritzagoa izango dela.
Gipuzkoako Foru Funtsatik dator murrizketa handiena, %20koa hain zuzen. Aldundiko arduradunek hartutako erabakia izan zen, sozialisten eta ezker abertzalearen kritiken artean. Bereziki, erabakia hartzeko moduari egin zitzaion kritika. Andoaingo Udalak foru funtsaren bidez 2 milioi euro gutxiago jasoko ditu, eta dagoeneko murrizketa horiek aplikatzen hasi zaizkie udalerriei egiten zaizkien aldizkako transferentzietan.
Lehentasuna, herritarrak
“Inor atzean utzi gabe”, horixe izan da Lainez alkateak doikuntzak aurkezteko argudio nagusia. Arlo sozialari lehentasuna eman zaio, bereziki zailtasunak bizitzen ari diren familiei begira (autonomoak, merkatariak, eta abar). Inbertsio nagusiak atzeratu egingo dira, etorkizun hurbilean martxan jarri asmoz eta hainbat partida eraldatu egin dira.
Alkateak aurkeztutako proposamena aurrera atera zen kontrako botorik gabe. PSE-EE, EAJ-PNV eta Elkarrekin Podemos alde agertu ziren. EH Bildu abstenitu egin zen.
Udalak emandako datuen arabera, hauexek dira aurrekontu-aldaketaren proposamen nabarmenenak:
- Rikardo Arregi biribilgunea: 141.990 euro.
- Informatika alorreko gastua: 67.900 euro.
- Beterri-Buruntzako enplegu eta merkataritza-programak: 49.000 euro.
- Udal-etxebizitzen birgaitzea eta ekipamendua: 34.000 euro.