Artelanak Arrate plaza edertzeko eta biziberritzeko

Itziar Gutierrez, Eduardo Arreseygor eta Juanjo Lazkano herriko margolariak Arrate Plazako horma eta zutabeak artistikoki margotzen ari dira egunotan. Euskal pilota eta bertako merkataritza inspirazio iturri hartu dituzte hormetan margolan ikusgarriak egiteko.

Joxe Mari Iturzaeta pala jokalari paregabearen erretratua kenduta, gainerako irudiak nahiko modu librean ari dira margotzen hiru artistak.

Artearen historian erreferentziak diren hainbat estilo hartu dituzte gogoan: espresionismoa, surrealismoa, konstruktibismoa, arte urbanoa… Kalean egindako arte erakusketa osatzea da euren asmoa, eta Arrate plazara hurbiltzen den herritarrak hainbat egile ospetsuen lanak (Vincent Van Gogh, Sandro Botticelli, Joan Miró, Pablo Picasso, Edward Hopper, Rene Magritte, Keith Haring…) sumatu ahal izango ditu hormaz horma eta irudiz irudi. Besteak beste, Sandro Botticelliren Venusen jaiotza pilotari emakume batean eraldatuta.

Goiz eta arratsaldez ari dira lanean hiru Arreseygor, Gutierrez eta Lazkano, eta abuztuan ere lanean jarraitzeko asmoa daukate. Izan ere, pintzel finekin ari dira lanean, eta beraz, kontu eta pazientzia handiko zereginari heldu diote. Artistaren sormena eta artisauaren ofizioa ari dira uztartzen, zalantzarik gabe. Hiru margolariek adierazi dutenez, ez daukate inongo erreparorik lanean ari diren bitartean herritarrak eurengana hurbil daitezen eta nahi dituzten galderak edo komentarioak egin diezaiezkieten.

 

Bizitasun handiko iragana

Artelanez gozatzeko aukera kalera eramatearekin batera, Arrate plaza biziberritzea da hiru margolarien ekimenaren helburua, eta Andoaingo  udalarekin hitzarmena egin dute horretarako.

Egun, Arrate Plaza kale bizitza askorik ez daukan plaza izan arren, egia esan, adinean gora doazen auzoko biztanleek guztiz kontrako iragan baten berri eman dezakete.

60ko hamarkadaren amaiera aldera eraiki ziren auzoko etxe-bizitza gehienak; 1977an, berriz, Arrate frontoia. 70 eta 80ko hamarkadatan, Arrate plaza eta inguruko kaleak jendez gainezka ikusi zitezkeen egunero-egunero, txikiteoa zela-eta. Arrate plazan bakarrik, bost taberna zenbatu zitezkeen eremu murritz batean: Arindar, El Quijote, San Martin, Arrate eta Vaticano. Horiek Pio Baroja kalera begirako sarrera ere bazeukaten; kale horretan, hain zuzen, beste hori izaten ziren: Xake, Komunistena eta Andoain.

Taberna guzti horiek Arrate plazako inguru horretan sortzen zuten kale giro horri, Arrate pilotalekuan Gazteleku pilota eskolak eta Leizaran eskubaloi taldeek euren entrenamendu eta lehiaketekin jartzen zuten kirol bizitasuna eta jende mugimendua gehitu beharko genioke.

Denboran zehar ixten joan dira taberna guzti horiek, egun. PSE-EE taldearen sozialistaren taberna eta Lanbroa dira irekita dauden bakarrak Arrate Plazan zein Pio Baroja kalean.

Kontrastean, Goikoplazan ez zegoen tabernarik garaitsu hartan. Egun, ostera, bost taberna (Mayton, Anayak, Plaza, Aterpe eta Olloki zenbatu daitezke gaur egun, nor bere terrazarekin. Ikusten denez, txikiteoaren ohituratik terrazaren ohiturara igarotzen ari gara azken hamarkadetan.

Inondik ere, Arrate plazak eta inguruaren eboluzioak gizarte eboluzioa eta kontsumo habitoak aztertzeko gai ematen du; modan jartzen diren eta modaz pasatzen diren plaza eta kaleen errealitatea ulertzen lagungarri izan daitekeena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!