Koronabirusa

Eguneko egoitzak berriro zabalik

Jon Ander Ubeda 2020ko abu. 3a, 10:31

Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatuak Gipuzkoako adinekoen egoitzetako arduradunei iragarri zienez, adinekoen eguneko zentroak astelehen honetan ireki ahal izango dira berriro. Era berean, egoitza-zentroetako erabiltzaileen irteerak abuztuaren 11n berriro baimentzen hasiko direla aurreratu zuen.

Aldundiak eguneko zentroak eta egoitzetako irteerak behin-behinean eta prebentzioz eten egin zituen pasa den uztailaren 18an. Joan zen ostegunean ohar bidez zabaldu zutenez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta hiru aldundiekin egindako bileraren ondoren, neurriak arinduko dituztela adostu zuten: "betiere egoera epidemiologikoak aukera ematen badu; eta COVID-19ren ondorioetarako ahulenak diren pertsonen osasuna eta ongizatea zaintzea helburu hartuta, gure erabateko lehentasuna izaten jarraitzen baitu". Peñak gogorarazi zuenez zentroak itxita egon diren denboran, eguneko zentroek telefonoz jarraipena egiten jarraitu dute, “eta premia handiena duten kasuetan, arreta indartu da etxean bertan”.

"Asko ikasi dugu denok azken hilabeteetan, baina egoera oso aldakorra da. Oso gertutik jarraitzen dugu birusaren bilakaera eta baita sor daitezkeen agerraldiak ere. Horretarako, Zaintza eta Alerta Sistema martxan dugu, neurriak ahalik eta lasterren hartzeko", erantsi zuen Maite Peñak.

Hartutako neurriak pandemiaren bilakaeraren mende geratzen dira, eta zabaldu, murriztu edo baliogabetu egin daitezke, egoera epidemikoak hala eskatzen badu.

Bisitak egoitzetan

Aldundiak zentro guztiei eskatu die bisita-planen berri ematea, eta "kasu bakoitza zehatz-mehatz aztertuko dugu, nola zabal daitezkeen jakiteko, betiere segurtasun-neurriak bermatuta". Horretarako, gune fisikoen egokitzapena, ikuskapen lanak lagundu ditzaketen langileen handitzea, eta bisiten egutegiak eta antolaketa aztertuko dituzte.

Bisita-plan guztiak aztertu eta berrikusi bezain laster, Gipuzkoako Foru Aldundia kasu bakoitzean dagozkion neurriak aplikatzen hasiko da. "COVID-19k epe ertain-luzeko eszenatoki bat planteatzen digu, egokitzen jarraitu behar duguna, eta gauza bera gertatzen da bisitekin, hain beharrezkoak direnak egoiliarrentzat".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!