Asteburu eta jaiegunetan Otietara eta Olazarrera joateko GI3091 errepidea ixtea erabaki zen, hiribusa, bizikleta eta oinezko ibilaldiak erabiliz turismo jasangarria sustatzeko. Udalak turismo jasangarriari bultzada berria eman nahi dio; horretarako Leitzaran bailarako bi gune jendetsuenetan hondakinen kudeaketa eraginkorragoa egin nahi dute, eta ingurune naturala garbiago mantendu ahal izatea.
Hori dela eta, seinale berriak jarri dira parkeko erabiltzaileei gogorarazteko ingurune naturala garbi mantentzea guztion ardura dela. Olazarren eta Otietan jarritako informazio-kartel berrietan adierazten denez, parkea bisitatu ondoren, sortutako hondakinak horretarako prestatutako edukiontzi gunean bota behar dira.
Paperontzi indibidualak kendu dira, eta eremu bakoitzean edukiontziak biltzeko guneak finkatu dira. Andoaingo biotopoan, ingurumen-balio handiko gunean, zaborra botatzeko eta zabaltzeko jendearen jokabideak ekidin nahi dira.