Olatz Arrizabalagak (Gernika), Irantzu Etxebestek (Bera) eta Nora Mendizabalek (Andoain) osatzen duten Reyes Azkoitiaren taldeak irabazi ditu Laboral Kutxa Udako Torneoaren lehen edizioko txapelak. Hori bai, nahiz eta taldekako lehiaketa izan, Reyes Azkoitiaren taldearen garaipenak izen propio nabarmen bat izan du, txapelketa osoan zehar jokatu diren banakako bederatzi partidetan, finaleko biak barne, nagusitu den Olatz Arrizabalagarena. Dena dela, sei pilotariek maila bikaina erakutsi dute txapelketa guztian zehar.
Bilboko Bizkaia pilotalekuan batu diren 400dik gora zaleen aurrean, finala buruz buruko lehen lehiarekin hasi da, entrenatzaileen arabera txapelen norabidea erabaki zezakeen partidarekin hain zuzen ere. Zentzu horretan, ez da ezustekorik izan eta Amaia Aldai eta Olatz Arrizabalaga aukeratu dituzte finalari hasiera emateko. Aurrekariei erreparatuta, lehia parekatua espero zen, baina, egia esan, emozioak ez du binakakora arte baino iraun. Une horretatik aurrera, Olatz Arrizabalaga nagusi izan da kantxan, eta min handia egin dio Aldairi sakearekin ea ezkerrez moztutako pilotakadekin. Dimakoa deseroso egon da kantxan eta uste baino lan gutxiago eman dio gernikarrari (5-12) 19,55 minutu eta 126 pilotakadatan.
Finalak oso ondo bideratuta zirudien urdinentzat lehen puntu honekin, baina Mikel Inuntziagaren taldeak – Iera Agirre (Leitza), Arrate Bergara (Bergara-Tutera) eta Amaia Aldai (Dima) berehala eman diote buelta kolpeari. Gorrien aldetik, Iera Agirre-Arrate Bergara aritu dira eta Irantzu Etxebeste-Nora Mendizabal aukeratu ditu Reyes Azkoitiak. Leitzako aurrelariak ez die aukerarik eman aurrean izan dituen aurkari gazteei. Bere sakeekin (5) eta erremateekin, beste hainbeste, Iera Agirrek finala aitaren batean berdindu du, Mendizabalen ezker eskuko arazoak tarteko (12-3).
Beraz, kaiolako azken neurketan erabaki da dena, eta, binakakoan emandako maila bikaina ikusita, Mikel Inuntziagak Iera Agirreren aldeko apustua egin du Olatz Arrizabalagari aurre egiteko asmoz. Alperrik, ordea, gernikarra Leitzako pilotariaren gainetik pasa da, eta 1-12 irabazi dio. Bizkaitarrak beste abiadura bat eman dio pilotari, Iera Agirreren ezkerra bilatu du eta, gainera, sakearekin min handia egin dio, emoziorik gabeko partidan.
Amaia Aldai 5 Vs Olatz Arrizabalaga 12
Agirre-Bergara 12 Vs Etxebeste-Mendizabal 3
Iera Agirre 1 Vs Olatz Arrizabalaga 12