"Kultura herri baten nortasuna da"

Olatz Lasa 2020ko ira. 4a, 09:30

Urmuga ekimenak uztailaren 22an Aizpearron (Aralar) eskaini zuen emanaldiko irudia. Eneko Urdangarin

Oihartzuna izan du Euskal Herrian barrena zabaldu den Urmuga egitasmoak. Musika eta mendizaletasuna uztartu ditu, eta protagonisten artean andoaindar bat izan da.

Nola sortu zen Urmuga egitasmoan parte hartzeko aukera?

Urte batzuk dira Et Incarnatus Orkestran aritzen naizela. Migel Zeberiok zuzentzen du,  eta bera izan da Urmuga proiektuaren sustatzaileetako bat. Abenduan edo, entseguetan, proiektu bat zuela iragarri zigun. Mendizaletasuna eta musika lotu nahi zituela adierazi zigun, orduan. Aurrera ateratzea lortu du, eta zoragarria izan da.

Mendia eta musika oso errotuta daude gurean, baina ez da ohikoa biak uztartzea...

Ez, egia esan ez. Migel Zeberiok oso gogoko du mendian kontzertuak eskaintzea. Et Incarnatus Orkestrak urtero udari ongietorria emateko kontzertua antolatzen du Tolosako Urkizu auzoan. Oso kontzertu berezia izaten da. Auditorio perfektua dela defendatzen du. Natura, txorien doinua, noizbehinka haizea, hostoen mugimendua... Egia esan, badu bere xarma.

Aurrez bestelako esperientziarik izan al duzu mendian?

Urkizuko kontzertu horrez gain, Esti Sistiaga nire bikotearekin batera, konfinamenduan gauero ateratzen ginen balkoira. Beste behin jo genuen mendian, Tere Irastortza idazlearekin batera.

Zuek bakarrik ez, gonbidatu modura hamaika musikari igaro da bertatik: Niko Etxart, Donostiako Orfeoia… Giro berezia sortuko zen zuen artean...

Bai, oso. Hamar kontzertu izan ziren guztira. Kontzertu bakoitza desberdina izan zen: Maider Zabalegi, Maddi Oihenart, Donostiako Orfeoia, Eñaut Elorrieta, Miren Narbaiza..., parte-hartzaile ugarirekin. Oso giro polita sortu zen.

Egun guztirako joaten ginen. Entsegua, bazkaria, beste entsegu txiki bat, eta emanaldiaren ondoren, afaria ematen ziguten.

Nolakoa izan zen antolakuntza?

Bi talde zeuden. Batetik, mendizaleak, eta bestetik, musikariak. Mendizaleak goizean goiz abiatzen ziren eta kontzertuak arratsaldean izaten ziren. Ikusle kopuruaren aldetik harrituta geratu nintzen, emanaldietara joan egin behar baitzen. Ez zen Basterora gerturatzea bezain erosoa.

Datorren urtean Urmuga errepikatzeko asmorik ba al dago?

Mezua jaso dugu eskerrak emanez, eta bertan 2021. urteko Urmuga jaialdia prestatzen ari direla diote. Hitz egin dut antolatzaileetako batekin, eta asmoa urtean behin edo bi urtean behin egitea da.

Sortzaileentzat eta batez ere kultur munduarentzat kolpe latza izaten ari da bizi dugun garaia. Nola eragin dizu COVID-19ak zuri?

Ogibidez musika irakaslea naiz. Neskalaguna ere musika irakaslea da. Konfinamendu garaian erotu beharrean ibili gara biok etxetik eskolak ematen: ez zegoen ordutegirik, goizeko bederatzietan hasi eta gaueko bederatziak arte. Etxean lan egiteak bere abantailak eta desabantailak ditu. Kolpea izugarria izan da musikari, aktore eta dantzarientzat. Kate oso bat dago, gainera: Soinu teknikaria, argi teknikaria, eszenatokia muntatzen duena, aulkiak jartzen dituena… Gizarteak eta jendeak orokorrean, kultura zein garrantzitsua den hausnartuko zuela eta konturatuko zela pentsatzen genuen,  baina hau dena pasa denean kultura beti bezala azkenekoa da. Ilaran azkenekoa, lehentasunetan azkenekoa. Pena da, baina zailtasun ugari dago.

Kultura aberastasuna da, herri baten nortasuna kultura da. Jantzi egiten gaitu herri eta pertsona modura.

Zure ikasketei dagokienez, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan ikasi zenuen. Geroztik zein izan da zure musika ibilbidea?

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan egin nituen karrerako lau urteak. Gero, masterra Madrilen egin nuen, urtebetez egon nintzen han. Madrilen nengoela Debako musika eskolan eskaintza bat atera zen. Gero Azkotin hasi nintzen, eta bertan jarraitzen dut. Donostian ere hasi naiz eta oso gustura nago. Donostian biolinaz gain biola ere erakusten dut.

Zer duzu nahiago zuzeneko musikari ala irakasle izatea?

Oraintxe bertan oso gustura nago. Berez, irakaslea naiz, hori da nire lana; baina aldi berean kontzertu bat jotzea ondo etortzen zait energia gehiago lortzeko, horrek azkenean bete egiten nau. Interpretazioa ikasi dugu irakasleok. Alderdi hori ere faltan botatzen da; beraz, klaseak bukatu eta asteburuan oso gustura hartzen dut emanaldiren bat eskaintzeko aukera.

Etorkizunera begira, irakasle eta musikari gisa lanean jarraitzea al da zure asmoa ala proiektu berriak probatuko zenituzke?

Oraintxe bertan oso gustura nago. Irakasle lana oso gogoko dut, eta noizbehinka kontzertuak emateak ere asko betetzen nau. Horrela jarraituko banu oso gustura egongo nintzateke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!