"Eskura ditugun baliabide propio guztiak egoera berrira egokitzeko bideratu ditugu"

Jon Ander Ubeda 2020ko ira. 12a, 09:15
David Urtasun La Salle Berrozpe ikastetxeko zuzendari nagusia da.

David Urtasun La Salle Berrozpe ikastetxeko zuzendari nagusiari elkarrizketa. Arduraz eta erantzukizunez jokatzen ari da hezkuntza komunitatea, eta gizarteak ere modu berean aurre egin beharko lioke pandemiari: "Txukun aritu behar dugu eskolan, eta eskolatik kanpo".

Ikasturtea abiatu da haur eta lehen hezkuntzan. Zein da lehenengo sentsazioa, hasiera honetan?

Pozik gaude,  hasiera eman beharra dagoela iruditzen zaigulako. Ez ohiko moduan arituko gara lanean. Kezkarekin, alde batetik, baina ilusioz. Familiek eta batez ere ikasleek berriz ere eskolara itzultzeko gogoa daukate, eta hori ez da gutxi.

Ea posible dugun hasiera honi jarraipena ematea. Ilusioz hasi gara baina garrantzitsuena hasiera on hori mantentzea da. Hastea ez baita inportanteena, jarraipena ematea baizik.

Txukun aritu behar dugu, eskolan eta eskolatik kanpo. Kanpotik esan nahi dut herriari begira, Andoaini begira.

Imajina daiteke pandemiarena baino erronka zailagorik?

Erronka zailena eta bereziena da. Erronka gizarteari zabalduko nioke, ez nukeelako eskoletara mugatuko. Eskola gizarte bizitzaren zati inportantea da, baina erronka gizarte osoarena da. Kontutan hartu behar da denok jarri behar dugula geure aletxoa. Gero eta txukunago arituz geroz, lehenago bukatuko dugu honekin. Zenbat eta beranduago gainditu, denok ere etxeko lanak ez ditugula behar bezain txukun egin esan nahiko du. Aita, irakasle eta zuzendari moduan diot hori.

Zenbaterainoko garrantzia du udan aldez aurretik eskoletan egindako prestaketa lanak?

Baliagarria izan da, alde batetik, oporretara lasaiago joateko. Etenaldia egin eta atseden hartzeko. Eta familiak ere lasaitzeko. Protokoloak bidali genizkien azken astean beraiek ere lasaitzeko, nolabait esateko: “Begira, Gobernuak eta Hezkuntza sailak emandako jarraibideak beteko ditugu. Jakin ezazuela ikastetxeak badauzkala hiru agertokietarako plangintza desberdinak prestatuta, eta beraz gauzak ahalik eta txukunen egingo ditugula". Galdera guztientzat ez dugu erantzunik, baina nagusienak gutxienez erantzuteko moduan gaude.

Beldurra nabaritu duzue gurasoen artean? Eta beldur horri erantzuteko zein da errezeta?

Kezka eta beldurra dago, kasuan kasu. Lehenengo gauza lasaitzea da. Eguneroko lana ahalik eta argiena izan behar da, komunikazio argia erabiliz. Komunitateak ikus dezan jarraitu beharreko pautak eta bideak ahalik eta txukunenak direla. Osasunak lehentasuna izanik, ikasketa prozesua ahalik eta txukunen eskainiko dugu.

Pedagogikoki ikusita, asko aldatu al da zuen plangintza?

Lehengo asteetan osasunean eta prebentzioan sakontzeko ohiturak barneratu beharko ditugu denok. Hots, ikasleen sarrera-irteerak, ordutegiak, zaintzak... Horretan hezi behar ditugu, biharamunean ere elkarrekin egon daitezen. Lehen helburua hori da, ahalik eta hezkuntza osasungarriena bermatzeko eta gora behera gutxiago izateko.

Gerora joango gara indartzen aurreko ikasturtearen ondorioz sortutako hezkuntza mailako hutsuneak. Ikasturte berezi honi neurria hartzen diogunean, hasiko gara ikasturte berriari dagozkion metodologia eta pedagogia txertatzen. Baina, esan bezala, ordena horretan.

Euskadin DBH, Batxillergoa eta Lanbide Heziketa atzeratzea onuragarria izan al da ikasturtearen hasiera zaila mailakatua izan dadin?

Bai, guretzat bai, azken batean gure ikastetxea handia baita. Ikasle asko ditugu. Datorren asterako, helduagoak hasten direnerako, esperientzia gehiago izango dugu. Zertan asmatu dugun eta zer hobetu behar dugun ikusteko denbora izango dugu. Gauza asko baitira: Jolas garaiak, zaintza, sarrera-irteerak...

Antzematen genuen haur txikien eskola hasiera ez zutela atzeratuko. Txikienak hastea premiazkoa baita gure gizartean. Premia gehien dituzten ikasleak dira. Ikasle helduagoekin, aldiz, errazagoa da kontziliazioa.

Irakasleak era berean langileak dira. Ba al dago eurengan ardura handiegia dagoen sentsazioa?

Bai, eta horretan gizartea akatsa egiten ari dela uste dut. Bakoitzari dagozkion ardurak hartu behar dira, eta ez besteengan utzi. Kritiko izatea oso importantea da, baina gizarte bezala enpatia falta zaigu. Jar gaitezen beraien lekuan, ikusi zein egoeratan dauden.

Bakoitzak azter dezala udan zer nolako ardurak hartu dituen. Eta gero pentsa dezala hezkuntza sistemak egun batetik bestera ikasle guztiak hartu behar dituela. Eskolak beteta egoten dira. Pentsa zer nolako erronka den eta zer nolako ardura den hezkuntzako langileentzat. Enpatia falta zaigu. Ondo daude kritikak, baina era eraikitzailean izan daitezela.

Egoera zail batean, demagun irakasle bat baino gehiago bakartu beharrean dela... Bermerik ba al dago? Ordezkapenak egiteko, adibidez, nolabaiteko segurtasunik baduzue?

Ez, ikastetxeak ez ditu baliabide gehiago. Dauzkagun errekurtso guztiak egoera berrira egokitzera bideratu ditugu. Ikusi behar zein laguntza iristen den, baina ez dago ezer garbi. Gainkostuak sortuko dira, eta hori guztia ezin dugu familien bizkar jarri. Ulertu beharra dago gure baliabideak mugatuak direla.

Familia ardatza da zuen ikastetxean. Zuen lema nagusietakoa hori da. Zure posturik zer nolako mezu emango zenieke familiei?

Konfiantza izan dezatela ikastetxea egiten ari den lanarekin. Eta enpatiarekin batera, egiten dugunak kanpoan egiten dugunarekin lotura izan behar duela. Hezkuntza ez da uharte bat. Eskolatik aterata berdin-berdin jokatu behar dugu.

Beldurra eta kezka denok ditugu, baina konfiantza izatea beharrezkoa da. Goazen aurrera egitera, goazen laguntzera... denon artean egin behar dugu aurrera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!