Greba deialdiaren jarraipena Andoaingo ikastetxeetan

Aiurri 2020ko ira. 15a, 10:05
Aita Larramendi ikastolako instalakuntzak itxita daude.

“Aurrez aurreko hezkuntza itzulera segurua eta adostua” izenburupean greba orokorra deituta dago hezkuntza sisteman. Andoaingo ikastetxearen arabera, grebak jarraipen ezberdina izan du.

 

Aita Larramendi ikastolan greba erabatekoa da, horixe erabaki baitzuen ikastolako langilegoaren gehiengoak. Zerbitzu minimoak eskaintzeko moduan diren arren, familiei bidalitako oharrean iragarri zuten ezingo zutela zaintza, klaseak, garraioa, goiz txoko eta jangela zerbitzurik eskaini.

Ondarreta ikastetxean ez da eskolarik gaurkoan, eta ikastolan bezalaxe zerbitzu minimoak eskaintzen ari dira. Leizaran intitutuan langilegoaren heren batek bat egin du grebarekin, eta gainerakoak lanean ari dira. 330 ikasle daude matrikulatuta Leizaran institutuan.

La Salle Berrozpe ikastetxean normaltasun osoz ari dira lanean. Ikastetxearen gune guztiak zabalik daude, eta egun normala da ikaslegoarentzat eta langilegoarentzat. Greba deialdiak ez du eraginik izan, beraz, La Salle Berrozpe ikastetxean.

Azkenik, ESCIVI, Zine eta Bideo Eskolan ere, normaltasunez ari dira. 

Grebaren deitzaileek, bien bitartean, mobilizazioak deitu dituzte Alderdi Ederretik. Goizeko 11:00tan jarrita dago hitzordua.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!