"Ikasturte hasieran alde emozionalari heldu diogu"

Ikastetxe publikoko zuzendariak gogotsu ikusten du lantaldea, eta txalotzekoa iruditzen zaio ikasleen portaera. Hezkuntza sailarekiko jokabide kritikoa agertu du.

Maite Petrikorena

Udan lanean aritu eta gero, ikasturteari ekitea behar modukoa zen zuentzat? Alegia, martxan jartzea?

“Jar gaitezen martxan”, horixe zen gure desioa. Argi izanik urduritasuna eta zalantzak izango genituela. Ikasleak zoragarriak direla esan dezaket. Primeran egokitu dira. Egoerari dagokionez, oraintxe ari naiz kontingentzia plana berritzen, zeren eta paperak den-dena eusten du. Baina errealitatea erabat desberdina da.

Antolaketa aldetik, beraz, lan handia.

Izugarria. Baina ikasleen jarrera oso ona da, itzultzeko gogo biziz zeudela argi dago. Eskola behar beharrezkoa dute sozializatzeko.

Guraso batzuren artean beldurra nagusi da. Gutxi batzuk ez dute haurra eskolara eramaten.

Guraso horiei esan behar zaie sei urtetik gorako haurren kasuan eskolan hastea derrigorrezkoa dela. Beharra dute etortzeko, sozialitzatzeko...

Beldur hori kendu behar diegu guraso horiei, protokoloa eta segurtasun neurriak betetzen ditugulako.

Zer moduzkoa izan zen lehen eguna, aurkezpenarena?

Lehen egunean aurkezpenak egin genituen, hori bakarrik. Aurtengoan bereziki baliagarria izan zen sartu-irteerako protokoloa aktibatzeko. Egindakoaz ikasteko oso baliagarria izan zen.

Eta irakasleen aldetik zer nolakoa izaten ari da hasiera?

Lanean hasteko gogo handia antzeman dut. Baina baita urduritasuna ere, hain handia baita ziurgabetasuna! Protokolo ugari jaso ditugu paperean idatzita, baina gero harremanetan jartzeko garaian Hezkuntza sailaren erantzuna penagarria izan da. Ez dugu erantzunik jaso.

Ez duzue harreman zuzenik izan?

Ekainaren amaieran kontingentzia plana edo protokoloa jaso eta horren araberako antolaketa egin genuen. Pasa genuen uztaila, deika eta deika... Norbaitekin hitz egitea lortzen genuenean “hori ez da nire ardura, deitu diozu halakoari...” bezalakoak entzun behar izaten genuen. Bulegoan erotu beharrean ibili ginen. Oso bakarrik sentitzen gara.

Beste ikastetxeetako zuzendariei egindako elkarrizketetan adierazten ari dira baliabide guzti-guztiak erabiltzen ari direla. Zuek ere antzeko zabiltzate?

Une honetan Donostiako irakasle bat dago konfinatuta bere etxean, bere alabaren gela itxi dutelako. Etxean egon behar du alabak 10 urte dituelako, baina ofizialki  PCRa egin arte ez dago bajan. Orduan ez daukagu ordezkorik. Eta gure artean antolatzen gara, daukagun lantaldearekin. Horren harira, lankide batek aipatu dit Gasteizen zuzendaritza talde batek planto egin duela, bulegoa itxi eta ikasgeletara itzuli direla. Gure kasuan maiz gertatzen da hori. Ordezkapenik gabe, zuzendaritza lanetan gaudenok gelara joan behar izaten dugu eskola ematera. Zuzendari lanetan aritzeko denborarik gabe gaude, askotan.

Eta bapatean hiruzpalau irakaslek baja hartu beharko balute, zer?

Ezinezkoa litzateke protokoloa betetzea. Mugan gaude, gure plantilla oso zehaztuta dago.

Igande gaua, eta lanean hasteko bezperan zein izaten da zure pentsamendua?

Ikasturte honetan egunez egun gabiltza. Asteburua pasa dut eskolako telefonoa eskutan, irakasle horren kasua bideratzen ari nintzelako. Horrez gain, beste irakasle baten kasua genuen baina dagoenako alabak PCR proban negatiboa eman duela adierazi digu, eta lanean berriro. Ziurgabetasuna muturrekoa da.

Zein da gurasoengandik jasotzen duzuen kezka nagusia?

Lehengo egunetan galdetzen ziguten ea segurtasun neurriak mantendu genitzakeen, gela barruan distantzia bermatu ote zitekeen...

Amara Berri sistema darabilgu eta horren arabera arlo bakoitzeko gela bat erabiltzen genuen. Egoera honetan den-dena hankaz gora jarri behar izan dugu. Ez dugu gure izaeraren funtsa galdu nahi, baina egokitu behar izan dugu.

Hasiera honetan alde emozionalari heldu diogu. Eta, bestalde, hizkuntza aipatu beharko genuke. Batez ere ahozko hizkuntza, zeren gure ikasle askok eskolan dute euskararekiko harremana bakarra. Eta sei hilabete hauek hizkuntzaren aldetik kaltegarriak izan dira.

Hasierara itzuliz, ikasleak kontzientziatuta daudela adierazi duzu...

Euren eginkizuna ondo betetzen dute. Eskolara sartzen dira, jolastokira. Tenperatura hartzen diegu denei, eta dena ondo badago gelara sartzen dira. Gela guztietan dago xaboia eta ura. Talde bakoitzak bere komuna du. Momentuz dena ondo doa.

Ahal den heinean bete beharko da, baina egoera honetan bigarren mailan geratzen al da kurrikulum akademikoa?

Kurrikuluma bete egin behar dugu. Hori da beste eskaera bat. Eta hor gaude, momentuz ez da aldatu, baina egokitu bai. Martxoan utzi genuena berriro hartu eta lanean jarri gara.

Nola ikusten duzu etorkizuna, epe erdira?

Hirugarren astean sartu gara, eta behatzak gurutzatzen ditugu kasurik agertu ez dadin ikasleen artean. Orain arte ezin izan dugu  baliabide faltagatik martxan jarri, Hezkuntzak ez digulako erantzun. Zorionez, Andoaingo Udalak laguntza handia eman digu..

Zertan lagundu dizue Andoaingo Udalak?

Bigarren jangela jarri ahal izateko mahaiak utzi dizkigu. Beste bilera batzuetarako eta nahi ditugun beste gauzetarako lokalak gure esku jarri dituzte.

Espazio falta arazoa al da zuentzat?

Gela guztiak erabiltzen ari gara. Eta zorionez jolastokia estalita daukagu.

Familiei begira, zein mezu luzatuko zenieke?

Izan dezatela konfiantza gugan. Ondo egiten ari gara, ikasleen erantzuna zoragarria izaten ari da eta... beti aurrera! Egoera hau ere pasako da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!