[POSTONTZIA]

Eugenio Ariztimuñori erantzuna

Oroituz, Andoainen 2020ko ira. 26a, 09:00

Aiurri astekariko 661. zenbakian Eugernio Ariztimuñok idatzitako iritzi artikuluari erantzuteko asmoz, Oroituz Andoainen elkarteak zenbait gogoeta egin nahi ditu.

Lehenengo eta behin, poza agertu nahi du Ariztimuñok bere familiaren gora beherak ikertu izanagatik, eta horrela, 36ko altxamendu militarraren ondorioak sufritu zituzten andoaindarren historiaren zati bat argitara jarri izanagatik. Diktadurak bortxa lehenbizi, eta demokraziak 1978ko hitzarmenaren eskutik ezkutarazi diguten geure historiaren zatitxo bat jarri digu eskutan, eta eskertzekoa da hori.

Bidebatez, frankismoaren biktimen atalarekin lotuta, herrikideak animatzen ditugu euren ingurukoen historioak iker ditzaten, eta nahi izanez gero, edozelako datu Oroituz elkarteari jakinarazi diezaioten.   

Lehengo astean argitaratutako artikuluaren harira joanda, Oroituz elkartearen eta Ahozko historia: oroimenean lokartutako historia liburua ditu kritikagai, horien zenbait datu eta ekimen. Erantzun aurretik, uste dugu komeni dela gogoratzea elkartearen sorrera eta liburua zein testuingurutan gertatu ziren.

XXI. mende hasieran, Estatu espainiarreko zenbait lekuetan (Zaldibia, Bierzo...) frankismoaren biktimen gorpuak azaltzeak gizartean halako inpaktu soziala eragin zutenean eratu zen Oroituz elkartea. 1978ko trantsizio prozesua gutxieneko zintzotasun batekin aztertuz gero, ohartuko baikara prozesu hura gidatu zutenek (diktadurako mandatariak, ejertzitoa, poliziak, enpresari handiak, kazetariak, elizaren jerarkia...) amnesia eta isiltasuna hitzartu zutela diktadurak 40 urtez giza eskubideen arloan eragindako bortxaketen inguruan.

Aipatutako inposizioaren eragin zuzenez, demokraziaren lehen hamarkadetan Andoaingo, Euskal Herriko edo Estatu espainiarreko gizarteek apenas jakin izan zuten diktadurak zenbateko mina eragin zuen. Andoainera etorrita, ezjakintasuna izan da nagusi urte eta urtetan, demokrazian bizi arren. Biktima zuzenen familiarrek kenduta, herritarrok orohar, ez genekien zeintzuk izan ziren erailak, desagertuak, presoak, torturatuak, langile batailoietara behartuak, exilioan hildakoak edo han bizitzera kondenatuak, ile mozketa jasandako emakumeak...

Gabezia historiko injustu hori modurik apalenean erantzun nahian sortu ziren herriz herri mugimendu memorialistak, Oroituz taldea tartean. Eta egia esanda, gai tabu baten antzerako batekin egin genuen topo hasieratik, ofizialtasunak hamarkadetan ezarritakoa; horrela, administrazio publikoetan apenas zegoen ezer ikertuta, gutxiago biktimen zerrenda ofizialik, eta artxibo askok frankismoko errepresioari buruzko agiriak sutara botata zeuzkaten (Martin Villaren esku luzea...) edo trabak jartzen zituzten ikertzeko (Andoaingo Udal Artxiboa salbuespenetakoa dela esan dezakegu)...

Era horretan, oraindik bizirik geratzen ziren biktimen edo senideen lekukotza pertsonalak izan genituen -eta ditugu-, informazio iturritik aberatsenak.

Biktima desberdinen zentsu bat (ez definitiboa, baina hurbil daitekeena) osatu, eta horien inguruko informazioa kaleratzea, frankismoko biktimen inguruko kontzientzia sozialean eragitea eta eurei demokraziak ukatutako eskubideak (Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea) aldarrikatzea izan zen asmoa. Guzti hori erlojuaren kontrako lantzat hartu genuen, batetik urjentziazkoa zelako diktaduran zein demokrazian gertatutako injustizia bikoitza modu batera edo bestera argitan jartzea, eta bestetik, biktimen artean oraindik bizirik zegoen belaunaldiak merezi zuelako inposatutako iluntasun historikotik atera eta aitormen publikoa jaso zezan (omenaldi ekitaldien, mahai inguruen eta abarren bidez).

Egitasmo horren baitan, milaka eta milaka testigantza, agiri, argazki... joan ginen jasotzen (eta segitzen dugu jasotzen). Jakin bagenekien errepresio frankistaren kapitulu hori liburu formatuan argitaratzerako orduan, zuzenekoak ez zirenak ere joan zitezkeela, nahigabe izanda ere. Eta onartu genuen arrisku hori, jakinik funtsezko informazioa behintzat, argitara jarriko genuela.

2006an argitaratu zen 646 orrialdeko liburu bikoitza bi hizkuntzetan, eta eurekin etorri dira gainerako ekitaldi publikoak (omenaldiak, mahai inguruak, pelikula proiekzioak...). Azken ia 15 urteei begira jarriz gero, umiltasunez baino harro, esan dazakegu guztiek ere beren funtzio soziala bete dutela.

2006az geroztik Andoaingo errepresioari buruzko informazioa biltzen jarraitu dugu, esan bezala. Eta ohartu gara zenbait datu oker geneuzkala. Horrenbestez, komenigarria litzateke, etorkizunean, bildutako datu berriekin eta zuzenketekin edizio aktualizatu bat argitaratzea. Zalantzarik ez dagoena da, goiz ala berandu, bildutako informazio guztia esku publikoetan amaitu behar duela.

Eugenio Ariztimuñoren artikuluaren harira, ulertzen dugu hiru kritika egiten dizkiela Xabier Lasaren liburuari eta Oroituz taldearen jardunari. Goazen erantzunekin, puntuz puntu:

1.- Dioenez, Alfredo Amas Egibar ez zuten Donostian lurperatu, Andoainen baizik. Eta arrazoi du. Lehen aipatu dugun datu oker horietako bat da. Eta esan bezala, etorkizunean liburuaren edizio aktualizatuan sartu beharrekoa izango da, beste zenbaitekin batera.

2.- Baita ere, zera dio, Alfredo Amas ez zela miliziano edo gudaria izan, baizik eta langile behartua, berezko ondoez bategatik hiltzeko zoritxarra izan zuena; ez frontean, baizik eta atzealdeko lanetan, eta eskatzen da liburutik kanpo uzteko eta baita ere kentzeko Miranda pasealekuko paneletik, frontean hildako errepublikarren zerrendatik.

Uste dugu auzitan jarri ezin den oinarrizko printzipio bat ahazten duela: 1936ko uztailaren 18an zilegitasun demokratikoa zeukan sistema politiko errepublikanoa zegoen indarrean, nahiz eta sakoneko arazoak eduki (langileen lan baldintzak, nekazal erreforma, estaturik gabeko nazioak, Elizaren eta ahaltsuenen pribilegioak...). Uztailaren 18an, falangismoak, karlismoak, ejertzitoaren zati batek, Elizaren jerarkiak... talde gaizkile bat osatu eta kolpe militarra eragin zuten, odola isuriz diktadura ezartzeko asmoz. II. Errepublikak zilegitasun osoa zeukan eraso biolento horri erantzuteko, eta halaxe egin zuen, besteak beste, herriz herri Defentsa Batzordeak eratuz, eta sistema demokratiko batean eskubideak ez ezik betebeharrak ere bazituzten herritarrak mobilizatuz. Eta horrexegatik, Andoain, Donostia eta gainerako herritarrei aginte errepublikanoaren esanetara jartzea zegokien une ezin larriago hartan, are gehiago mobilizatua izateko adinean egonik. Bada, Andoaingo zein Donostiako Batzorde Defentsak herritarrak erreklutatu zituzten, indarrez nahiz borondatez erreklutatu ere. Ondorioz, Errepublikaren ejerzitoko kide bilakatu ziren errekrutatuko herritar guztiak, eta hainbat funtzio bete behar izan zituzten (infanteria, logistika, garraiolariak, sukaldaritza, lubaki-egileak...).

3.- Hirugarren kritika gisa, dio Alfredo Amas ez zela frankismoaren biktima izan, ez zelako frontean hil, ez zutelako erail eta ez zutelako desagerrarazi. Zilegizkoa da, eta beharrezkoa, biktimen eta sufrimenduen katalogazio edo mailakatzea. Baina printzipio gisa iruditzen zaigu frankismoaren biktimaren atalean derrigor sartu behar direla frankisten kolpe odoltsuaren eraginez, zuzenki ala zeharka, hil zirenak: hormaren kontra jarrita erail zituztenetik hasi, eta, behartutako exilioan egoera penagarriaren eraginez (gosea, baldintza higienikoak, gaixotasunak...) hildako zibilak bitarte sartzen diren gizaki guztiak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!