Eduardo Audikanarentzat “igandeko esperientzia bi hitzetan laburbildu daiteke: Interesgarria ta dibertigarria. Interesgarria, guduaz gain, garai hartako egoera politiko, sozial eta erlijiosoari buruzko gauza berriak ikasi genituelako. Dibertigarria, hizlaria aditua zelako, eta historiarekiko duen ilusio hori gure egitea lortu zuelako. Anekdota bitxiak kontatu zituen, gainera”.
Izaskun Iztuetak edizio guztietan parte hartu du: “Aita Larramendi eta Agustin Leitzari buruzko lehen irteera hartan izan nintzen, eta hain interesgarria iruditu zitzaidan geroztik irteera guztietara animatu naizela. Oporretan, maiz, hango eta hemengo eliza, museo eta tokietara abiatzen gara eta, aldiz, gure herria ez dugu gehiegi ezagutzen. Jakinmina izan dut betidanik, eta horrelakoetan parte hartzeak ilusio handia egiten dit”.
Marixabel Ormazabalentzat ere ez zen lehenengo aldia: “Espero nuen gustukoa izango zela. Izan ere, lehendik Andoaingo dorretxeen ibilbidean parte hartu genuen, baita Andoaingo hainbat emakumeri eskainitakoan ere. Gauza batzuk jakinak dira, baina ondo dator pasarte haiek tarteka gogora ekartzea”. Ormazabalek ondo ezagutzen du gertaera hura, 2013an Andoaingo Guduaren lehen antzezpenean parte hartu zuelako.
Bisitaldi gidatuan parte hartu eta gero, bestelako begiekin ikusi ohi da egunerokoa dugun paisaia. Audikana bat dator ideia horretan: “Aurrerantzean, Kale Nagusiko kale estuetatik edo Leizaur zubitik igarotzean, Andoaingo Guduan ia 800 hildako izan zirela jabetu eta zeinen krudela izan zen jakiteko baliagarria izango zaigu. Bestalde, gutako askok ezagutzen ez genuen Juan Bautista Erro pertsonaia politiko garrantzitsua ezagutzeko baliagarria da bisitaldi gidatuetan parte hartzea. Edo Arrate edota Iriarte etxeen toponimiaren zergatia”.
Iztuetak horrelakoetan egindako deskubrimenduak nabarmendu nahi ditu: “Ez diogu gehiegi erreparatzen inguruari. Karmentxoenea ezagutzeko aukera izan genuen, behin. Etxe arrunta zela uste nuen, baina oso etxe berezia da barrutik”.
Soldaduak Juanita Alkain plazan
Ibilaldiko sorpresatxoa izan zen. Audikanarentzat, “soldaduen agerpena oso interesgarria iruditu zitzaidan. Hiru soldadu ikusteko aukera izan genuen, bata karlista eta biak liberalak. Horietako bat txapelgorria eta bestea britaniar soldadua. Janzkeran antzeman genuen karlistek abantaila izan zutela. Euren janzkera arinagoa zen, eta abarkak erabiltzen zituzte. Liberalek, aldiz, erraz apurtzen diren botak zituzten”.
Ormazabalentzat igandeko esperientzia kulturan sakontzeko aukera baliagarria da: “Goiza lagunartean igarotzeko modu berezia da, eta gainera herritik atera gabe”. Igandekoa eta gero, errepikatzeko gogoz dago. Audikanak antzekoa adierazi du, beste argudio bat erantsiz: “Ibilbide gidatuan parte hartzea herriko jende gehiagorekin sozializatzeko beste modu bat da”. Iztueta datorren urterako zain dago, jada: “Izena emateko Aiurrin albistea argitaratzeko zain izaten naiz”.
Konturatu orduko bertan izango da edizio berria. Herriko historian sakontzeko aukera berria, Larramendi Bazkunaren eskutik eta Andoaingo Udalaren laguntzaz.