Giza eskubideen idazkari nagusi izendatu dute Jose Antonio Rodriguez Ranz andoaindarra

Aiurri 2020ko ira. 24a, 13:48
©Bizkaie

Jose Antonio Rodriguez Ranz 'Txiki' Andoaingo historialari eta irakaslea Jaurlaritzako Berdintasuna, Giza Eskubideak eta Kooperazioko idazkari nagusi izendatu dute.

 

Ez dago oso argi zeintzuk izango diren bere ardurapeko arloak. Zuzendaritza horren izena aldatu egin baitute gobernu berria osatzearekin batera; izan ere, bere aurretik postu horretan egon zen Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza, eta Lankidetzaren idazkaria izan zen, eta Lehendakaritzaren menpe zegoen arlo hori. Baina oraingo aldaketarekin, Beatriz Artolazabal jeltzalearen gidaritzapean dagoen Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiken sailera eraman dute. Antzekoa gertatu da Emakunde Institutuarekin ere.

Nahiz eta ardura horiek zehazteko egon, segurutzat jotzen da bere gain izango direla Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua edo eta presoen gaia.

Rodriguez Ranz filosofia eta letretan doktorea da. Deustuko Unibertsitateko Gizarte Zientzien fakultatean dekanoa izan zen (2012tik 2015), eta azken urtetan Donostiako Campuseko erretore ordea izan da.

Artean, politikari lotutako ardurak Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusiaren garaian (2003-2007) hartu zituen, orduan haren kabinete-burua izan baitzen. Sabino Arana Fundazioko partaide da, bertako Hermes aldizkaria gidatzen du eta Gogoeta eta Eztabaidarako Foroaren arduraduna da.

Historiarekin lotutako makina bat liburu eta artikulu argitaratu izan ditu; besteak beste, “Guipúzcoa y San Sebastian en las elecciones de la II. República”, eta, “La política como pasión. El lehendakari Jose Antonio Aguirre (1904-1960)” edota ‘El péndulo patriótico”. Andoaingo Leyçaur 2 aldizkari historikoan, 1992an, “Burgos y Andoain: dos estrellas en el firmamento de Luis Miguel. La inmigración burgalesa a Andoain en el siglo XX” ikerketa lana argitaratu zuen.

Larramendi Bazkuneko kide da eta “Agustín de Leyza “andoaindarrentzat ongile” liburuxka argitaratu zuen elkartearen eskutik 1994an.

Andoaingo bizikidetza hizpide

2005eko urtarrilean, Andoaingo sorreraren 400. urteurrena zela eta Andoaingo datu demografikoak eta politikoak izan zituen hizpide Basteron eman zuen hitzaldian. Aiurri aldizkariari orduan eskaini zion elkarrizketan, gai horiek eta Andoainen azken 50 urtetan gertatuko giza eskubideen bortxaketak izan zituen hizpide orduan.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!