Kohesioaren beharra, Andoain herriak aurrera egin dezan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko ots. 12a, 09:46

Urtarrilean Rosa Ayerberekin batera Udal Artxiboak antolatutako hitzaldietako bat eskaini zuen Jose Antonio Rodriguez Ranz “Txiki”k. Iragan mendeko argazki zehatza eskani zuen, datu bidez.
Testuinguruan sakontze aldera, egilearen beraren ikuspegia jaso nahi izan du Aiurri astekariak. Horra Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzietako dekanoarekin izandako solasaldia.

Hamabost urte igaro dira azterketa historikoak egin gabe zabiltzala. Faltan botatzen duzu garai hura?
Jose Antonio Rodriguez Ranz.
Une honetan ez dut faltan botatzen Andoain herriari loturiko azterketak egitea, egia esatera, baina itzuliko naiz bide horretara. Ikerketari denbora gehiago eskaini ezin izana, hori da faltan botatzen dudana. Unibertsitateko lana ahal dela ikerketarekin uztartzen saiatzen naiz eta alde horretatik “La politica como pasion. El lehendakari Jose Antonio Aguirre (1904-1960)” (Tecnos) liburuak balio izan dit ikerketarako dudan zaletasun hori pixka bat asetzeko.

Dekanoa zara Deustuko unibertsitatean. Eta zein da, zehazki, dekanoaren lana?
J.A.R.R.
Nire kasuan enpresa handi baten burua naiz. Unibertsitateari enpresa edota Deusto Bussines School atalek ospe handiena ematen dioten arren, zuzentzen dudan Gizarte eta Giza zientzietako fakultatea Deustuko unibertsitateko handiena da. 255 nomina dira hilero. Enpresa handia da, goi mailako formaziora zuzenduta dagoena: komunikazioa, turismoa, gizarte lana, humanitateak, hizkuntzak,... Horiez gain, Deustuko institutu guztiak ere gure fakultatearen menpe daude: giza eskubideetakoa, europear edota euskal ikasketetakoa, aisialdikoa, etikakoa... Aterki zabal baten parekoa da gurea.

Esan gabe doa ardura handi samarra duzula.
J.A.R.R
. Bai, eta gizartea bezala etengabe aldatuz doana. Lehiakortasun handia dago eta adi egon beharra dago.

Zure burua eroso ikusten al duzu langintza horretan?

J.A.R.R. Bai. Azken boladan esaten ari naiz nire irakasle izatearen garaiak joan direla. 2003an eman nuen klasea azken aldiz, eta geroztik instituzio ezberdinetan aritu izan naiz lanean. Unibertsitatera itzuli nintzen, baina gestio lanetara. Irakasle izatearen tren hori galdu dudala uste dut. Kudeaketa lanak amaitzen ditudanean ikerketari denbora eskaini nahiko nioke.

Basteroko hitzaldian Andoaingo datu demografikoak eta politikoak azaldu zenituen luze eta zabal. Haur zinela, auzoan zuzenean ezagutu zenuen XX. mendean espainiar lurraldetik etorritako inmigrazioa.

J.A.R.R. Herriko etxeetan bizi ginen eta garai hartatik bi irudi ditut gogoan. Gure eskaratzean hamar bizilagun ginen, lau bertakoak eta sei kanpokoak. Gehienak Extremaduratik etorritakoak ziren, baina baziren auzoan Gaztela-Leongo eta Soria aldekoak ere. Gure eskaratzean zegoen proportzio hori modu beretsuan auzune osoan ematen zen. Integrazioa ona izan zela esango nuke. Ez daukat bi komunikateen irudirik, ez behintzat haurren artean eta ezta gurasoen artean ere. Gure auzunean ez da jatorriaren araberako bereizketarik egin.
Beste irudi bat gordetzen dut, ikasturte amaierako ekitaldian ikasleei agertzen saiatu naizena, eta etorkizunari begira baliagarri izan daitekeena: 70eko hamarkadan SAPA enpresak 500 langile zituen. Eguerdiko 12:30etan, sirena hotsekin batera, langile horiek guztiak buzoa jantzita ilaran etxera itzultzen ziren bazkaltzera. Eta 14:00etan buelta lanera. Horietako askok, enpresa berean 40 urte egiten zituzten, kasu batzuetan haien seme-alabek ere bai,... garai hartako industria eredua zen. Orduan ehundik gora langileko 8 fabrika zeuden Andoainen, gaur 3 bakarrik.
Neronek ikasleei esaten diet garai hura amaitu dela. Etorkizuneko langileek toki batean baino gehiagotan lan egingo dute, munduko toki ezberdinetan.

Espainiatik etorritako haienganako adiera zatarrak ia gaurdaino iritsi dira, ordea. Askoren artean, “txurriano” hitza. Gaur egungo gizartearen eraikuntzan ezinbesteko izan ziren haiekiko injustizia modukoa egon al zen?
J.A.R.R. Benetan diotsut, ez  daukat sentsazio hori. Eta ez da gure burua zuritzeagatik. Integraziorako bi aldeetatik esfortzu handia egin zen, eta benetako integrazioa hurrengo belaunaldiarekin eman zen. Lehenbizi etorri ziren haien seme-alaben belaunaldiarekin.

Gizarte orotan kohesioa funtsezkoa da. Azken hamarkadatan, ordea, gatazka politikoan une gogorrak bizi izan dira.
J.A.R.R. Hitzaldian zehar azken berrogeita hamar urteetan hausturarako arrisku une ezberdinak egon zirela aipatu nuen. Lehena, bi komunitateen artekoak sortu zuena. Arriskua egon zen kanpokoen etorrera proportzio handian gertatu zelako. Elkarbizitza hori berrantolatzeak bere lana eman zuen baina, zorionez, denboraren ikuspegiarekin arrisku hori ondo gainditu zen.
Indarkeriari lotuta, Andoainen ETAren indarkeriak eta estatuak edota indar polizialek eragindako giza eskubideen urraketak beste tokietan baino gehiago eman dira? Ez dut uste. Bestalde, egia da ETAk eragindako bi hilketek kohesio hori kolokan jarri zutela. Normaltzat hartu behar da min hori eta zatiketa hori. Hildako bi pertsona horiek itzal handia zutelako, eta baita bertakoa den ingurua. Azken berrogei urteetan giza eskubideen urraketa ugari egon da, eta beharbada batzuetan gizartetik ez dugu behar bezala erantzun. Zatiketarako arriskua egon zen, baina alde horretatik baikorra naiz. Ez da egun batetik bestera egiten den prozesua; kohesiorako bide horretan sakontzen badugu, erabat justifikatuta dagoen zauri hori sendatuz joango da.

XXI. mendea aurrera doa eta kohesioa mehatxatzen duen faktore berriak kezkatzen zaitu: gizarte mailakoa. Ekonomiaren egoera zailari erabat lotuta dagoena, bide batez.
J.A.R.R. Gaur egun gizarte mailan gainditzeko dugun erronkarik handiena bazterketarena da. Langabezia datuak auzora, eskaratzera ekarrita..., bistan da gugandik oso gertu kinka larrian dauden familiak bizi direla. Horiek bazterrean uztea da dugun arriskurik handiena. Lana dugunon eta ez dugunon artean haustura gertatzen ari da. Eta horrela jarraituz gero, haustura lan duina eta lan kaskarra dugunon artekoa izango da. Gaur gaurkoz hori da dugun arriskurik handiena. Horregatik kohesioa hitza nabarmendu nuen Basteroko hitzaldian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!