1900. urtean Andoainen jaio zen Roman Unanue. Gurasoak Miguel eta Gregoria ziren, eta anai-arrebak: Joxe Joakin, Eugenio, Juan Martin eta Fidela. Familia Plazaolako tren geltokiaren ondoan bizi zen. Roman Unanueren iloba Luken Unanuek haren nortasunari buruzko lehen argibideak eskaini dizkigu: “Bihotz handiko gizona, atsegina zen. Medikuntza ikasketak Madrilen eta Zaragozan egin zituen, eta ondorengo urtetan Beasainen, Gabirian eta Lezon mediku gisa jardun zuen. Oso gertuko pertsona agertu zen beti bere kontsultara hurbiltzen zitzaizkion herritarrekin. Astuariaseko jatorriko emakume batekin ezkondu, eta bost seme-alaben aita izan zen; Donostian bizi izan zen bere azken urtetan. Luzea eta sendoa zen gorputzez, eta futbolean normalki defentsan, erdian jokatu izan zuen”.
Roman Unanue gaztetan Madrilera joan zen medikuntza ikasketak egitera, eta bertan igaro zituen urteetan Real Madril taldean jokatu zuen, hiru denboraldietan hain zuzen (1920-1921, 1921-1922 eta 1922-1923).
Urte haietan oraindik ere Estatu espainiarrean ligarik ez zen indarrean jarri, taldeen arteko ligaxkak, torneoak edo eta adiskidetasunezko eta erakustaldiko partidak jokatzen ziren gehienbat.
Madrilen eskaintzen zituzten medikuntzako ikasturteak gainditu ostean, Zaragozako fakultatera joan zen karrera amaitzera, 1923an. Ordurako berak Zaragoza ezagutzen zuen, eta Zaragozako futbol zaleek ere aski ezagutzen zuten bera, jokalari gisa. Izan ere, urte bete lehenago, 1922ko urriaren 17 eta 18an, jada estatuan talderik famatuenak ziren Bartzelona eta Real Madrilek Zaragozan adiskidetasunezko bi partida jokatu zituzten elkarren kontra. Esan beharrik ez dago zenbateko ikusmina eragin zuen zaragozarren artean gertakizun bikoitz hark. Honakoa izan zen Real Madrilen hamaikakoa: Mengotti, Manzanedo, Quesada, Silicia, Unanue, Megia, De Miguel, Moraleda, Torres, Bernabeu eta del Campo.
Zaragozan, beste bi denboraldi egin zituen futbolari gisa. Lehenbizikoa Union Deportiva Universitarian jokatu zuen, Zaragozara medikuntza ikastera joandako euskaldun askoren antzera. Garai hura ez ezik orduko futbolaren mundua pittin bat erretratatzen digun pasadizoa kontatu ohi dute Zaragozan, futbol zaletu zaharrenek: euskaldun horietako batek txapelarekin jokatzen omen zuen, eta joko zelaian, berarentzat gola sartzea baino garrantzitsuagoa izaten omen zen txapela buruan eustea. (Ciria, Pedro: El sueño de ser grandes: historia social del nacimiento del futbol en Zaragoza, 1903-1936). Hurrengo denboraldian Zaragoza taldearekin aritu zen. Kapitainaren besokoa jantzita jokatu zuen liga osoa, nortasun sendoko jokalaritzat baitzeukaten.
Datu bitxi gehiago agertzen zaizkigu urte horietan, adibidez: 1924ko martxoan eta apirilean Aragoiko selekzioarekin jokatzeko hautatu zuten, eta Kantabriako selekzioaren kontrako bi partidatan hartu zuen parte.
Unanue Zaragozan bizialdia egiten ari zen bitartean, Andoainen Euskalduna Andoaindarra kluba eratu zuten, 1923ko maiatzaren 28an, hain zuzen. Roman Unanue taldearen sorreraren sortzearen bultzatzaileetako bat izan zen, zuzendaritzan agertzen baitzaigu (Zatarain, Javier: S.D. Euskalduna Andoaindarra. 75 urteurrena).
Medikuntzako ikasketak amaituta, Zaragozako hiria eta bertako futbol taldea utzi, eta jaioterrira itzuli zen. 1924-1925 denboraldian Euskaldunarekin jokatu ondoren, futbola utzi zuen; eta harrezkero familiari eta mediku lanbideari eskaini zizkion bere bizitzako ahaleginak.
Futbolarekiko sukarra ez zen itzali Unanuerengan, eta kirol horri lotuta jarraitu nahi izan zuen. Horrela, badakigu epaile gisa ere jardun izan zuela, nahiz eta ezin ziurtatu zein mailatan, ezta zenbateko maiztasunez; izan ere, 1935eko ekainean, bera izan zen Beasainen jokatu zen Beasain-Real Sociedad adiskidetasunezko partidan epaile lanak egin zituena.
Roman Unanue 80ko hamarkadaren hondarrean hil zen, Donostian. Duela hamar bat urte, omenaldia eskaini zioten Donostian bertan, Zaragoza Realaren kontra ligako partida bat jokatzera etorri zen txanda batean. Zaragozan arrasto sakona utzi zuen seinale, zalantzarik gabe.