Zazpi eskultura Oria ibaiertzean, Olazabalen sormenetik

Aiurri 2020ko urr. 9a, 13:11

Iñaki Olazabal Ezama (Andoain, 1959) eskultoreak Gipuzkoako zazpi herrietan (Zegama, Ordizia, Ikaztegieta, Tolosa, Andoain, Zubieta eta Orio) eskultura bana jarri zuen 2005-2006ko epealdian. Oria ibaiari omenaldi gisa irudikatutako egitasmoa osatu zuten zazpi artelanek.

Zazpi eskulturetara hurbiltzearekin batera, polita izan daiteke herri horietan bisita luzatzea, Oria ibaiertzetan pasealeku txukunak egokitu baitituzte guztietan ere.   Oria ibaiak Aizkorriko San Adrian inguruan (660 metro) du sorburua; bertaratzen diren Latsaen eta Otzaurte errekak batzean sortzen da Oria, hain zuzen. Hortik aurrera, 80 kilometroko ibilbidea egin ostean, Oriora iritsita Kantauri itsasoan isurtzen ditu urak. 

Gipuzkoako ibairik luzeena eta emaririk handiena duena da Oria. Bidean, honako herri eta auzoak zeharkatzen ditu: Zegama, Segura, Idiazabal, Ormaiztegi, Beasain, Ordizia, Itsasondo, Legorreta, Ikaztegieta, Alegia, Tolosa, Irura, Amasa-Villabona, Andoain, Lasarte-Oria, Usurbil, Aginaga eta Orio. Besteak beste, Agauntza, Amezketa, Araxes, Zelai, Asteasu eta Leitzaran ibaien emaria jasotzen du bidean.

Olazabalek zazpi eskulturak 2005-2006an epean jarri zituen herriz herri. Aldi berean, herri bakoitzean bere artelanez osatutako erakusketak antolatu zituen. Bertara tailer ibiltaria eraman zuen, eskulturaren langintzaren inguruko erakustaldi didaktikoak eginez; ikusleekin harreman zuzena lortu zuen era horretan. Hain zuzen, Andoainen 2005eko irailean zehar eduki zuen ikusgai erakusketa, eta besteak beste, ikastetxeetako ikasleei sortze-prozesuaren inguruko xehetasunak azaldu zizkien.

Zazpi artelanak interpretatzen

Itziar Gutierrez arte historian aditu den andoaindarrak bertako lau eskulturgileen (Gotzon Etxeberria, Pello Irazu, Joxe Ramon Amondarain eta Iñaki Olazabal) lanen inguruan Artea Andoainen: artista garaikideen obra eta bizitza ikerlana argitaratu zuen Leyzaur 13 aldizkarian, 2014an. Olazabali eskainitako atalean zera dio haren obraren zati handi bat hizpide hartuta: “(…) eskultura idulkitik jaitsita, naturarako edozein espazioetara egokitzen da. Izan ere, artearen, naturaren eta bizitzaren arteko lotura hautsiezina den kate garrantzitsua izatera iritsi da artistarentzat”. 

Erreportajea osorik, Aiurri hamaboskariaren 568. zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!