Urteak joan eta urtea etorri, konponbiderik ematen ez zaion arazoa dago Karrikan

Xabier Lasa 2020ko urr. 9a, 07:57
Alberto Pecharroman

Karrika auzoko Aiztondo kalea bukatu eta Etxeberrieta auzoko Martin Ugalde kalea hasten den eremuan, urte luzez bere horretan dirauen hesitura dago. Lurrazpira jaisteko aldapa zatar bat, lokal komertzialerako baimena izan eta garaje bilakatutako zazpi gunera iristeko.

Eta Etxeberrietatik Karrikara igarotzen diren dozenaka herritarrentzat, espaloiarekin muga egiten duen metro eta erdiko zabalera duen zulo bat. Haurrei begira, bereziki, arriskutsua dena.

2006ra egin behar da atzera, arazoaren jatorria jakite aldera. Algodonerako Emakumeen plazako etxebizitzak eraiki ziren orduan; gizarte-etxebizitzak izan ziren, eta Eusko Jaurlaritza sustatzailea. Kale-ingurune guztia urbanizatzeko orduan, kaleko errepidea egin bai, baina errematatu gabe utzi zuten ingurua.  Alberto Pecharromanen hitzetan, “Etxebizitza-sustatzaileak ez zuen interesik jarri dena urbanizatuta uzteko. Eta Jaurlaritzak ere ez zion derrigortu ezer egitera. Hor du jatorria arazoak. Geroztik, bizilagunok orduko utzikeria ari gara jasaten”.

Pecharromanek zehaztu duenez, Algodonerako Emakumeen plazako bizilagunek arazo bati baino gehiagori egin behar diote aurre egunero, orain hamabost urtetik hona. “Hasteko, irisgarritasunarekin zerikusia daukan traba dago, etxe aurreko espaloia bi lekutan estutu egiten da, eta metro eskaseko pasabideak geratzen dira bi lekuetan, hortik oinez doazen auzokoen ez ezik baita ere Andoaingo herritar guztien kalterako. Legeak dio gutxienez metro eta erdiko zabalera eduki behar dutela halako espaloiek. Egin kontu, bizilagunen bati larrialdiren bat gertatuz gero, erizainak ozta-ozta pasako lirateke anbulantziako beren kamillarekin bi pasabide horietatik. Are gehiago, badaukagu eskarmentua orain urte batzuk gertatu zen sute baten kontura: su hartu zuen etxebizitza batek, eta suhiltzaileek komeriak izan zituzten beren tresneriarekin mugi ahal izateko”.

Aldi berean, plazaren eta lur-azpiko zazpi garajeen artean dauden horma zein beheko “zulo” iluna ere ezin dira libratu kritiketatik, Pecharromanen ustez. “Batetik, arriskutsua da eremu horretatik behera umeren bat deskuidatuta eror litekeelako, jolasean ari dela edo baloi baten atzetik doala. Eta bestetik, zikina pilatzen da jendeak goitik jaurtitzen dituen zakarrekin; arratoiak ere ikusi izan dira bertan. Udalak dio leku pribatua dela eta ez dagokiola berari garbitasun lana egitea”.

Irtenbidea, eskura

Bizilagunak irtenbidea eskatzen aspaldidanik dabiltzan arren, arazoak bere horretan jarraitzen duela esan du Pecharromanek, haserrea ezin ezkutatuz. “Aurreko legegintzaldian zein oraingoan, bi alkateekin maiz hitz egin izan dut, baina denbora pasatzen da eta ez da ezer aurreratzen. Ana Carrereren garaian beheko garajetako itoteak konpondu ziren, goian asfalto berria ipinita. Baina gehiago ez da egin”.

Pecharromanek argi dauka nori dagokion arazoaren erantzukizuna: “bi administrazioek, Eusko Jaurlaritzak eta Andoaingo Udalak arazo honetan elkar hartu beharko lukete, albo batera utziz iraganean egon diren ezin konponduak”.

Borondatea jarriz eta obra bat aurrera eramanez konpon litekeela arazoa, gehitu du. “Bizilagunon garaje komunitarioa eta lurrazpiko zazpi garaje horiek maila berean daude, eta beraz, bi eremuak bereizten dituen horma bota liteke; era horretan, kaleko garaje horietako jabeek sarbidea gure garajetik egiteko eskubidea edukiko lukete. Obra horrek gutxi gora behera zenbateko kostua izango lukeen ere esan izan zaigu administraziotik, noizbait: milioi bat euro. Irtenbide horrek bizilagunok ez ezik lurpeko garajeen jabeak ere aseko lituzke”.

Ekimenak, protesta gisa

Gauzak horrela, orain jarri diren eta hurrengo aste eta hilabeteetan abian jarriko diren zenbait ekimen iragarri ditu. “Bizilagunen komunitateak urteak damara konponbidea eskatzen, eta etsia hartuta, ekintzari heltzeko ordua iritsi da. Dagoeneko, bidean da ingurune guztiarekin lotutako segurtasun peritutza. Txosten horren emaitzak jakin ostean, bizilagunen artean sinadura bilketa helduko da. Halaber, Eusko Jaurlaritzari, edozein erakunde eratu berriari eskaintzen zaizkion graziazko ehun egun eman ondoren, ez badu proposamenik luzatu, Arartekora joan beharko da, ea instantzia horrek kasu egiten digun”.

Aiurri.eus gunean inguru horren egoera islatzen duen bideoa ikusgai dago.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!