1934ko jaiak Xoxokan

Xabier Lasa 2020ko urr. 10a, 08:55

Joakin Iraola, Patxi Irizar Garro eta Migel Arrieta, Goiburuko jaietan korrika desafio ikusgarria eskaini zuten. 1949koa da argazkia, okerrik ezean

Orduko egunkarietan arakatuz, Goiburu bezala ezagunak ziren jaien kronikak topatu ditugu. Orain bezala, lehen ere kirol jarduerek garrantzia handia zuten Urnietako landa eremuko jaietan.

II. Errepublikan zehar (1931-1936) Urnietan indartsuen ziren nazionalisten eta tradizionalista-karlisten bi familia politikoen arteko xextrak  1934ko Sanmieletan nola islatu ziren aipatu genuen aurreko asteko Aiurrin. Bada, lehia horrek segida izan zuen Goiburu auzoko jaietan, Sanmielen jaien osteko astean heldu zirenak.

Udalaren inguruko testuinguru politikoa gogoratu beharko dugu, labur-labur. Primo de Riveraren diktadura eraistea eta Alfonso XIIIk Frantziara ihes egitea eragin zuten 1931eko apirileko udal hauteskundeen ostean, hamar abertzalek osatu zuten Urnietako udal korporazioa, Jose Mari Belauntzaran alkate zelarik. 1934eko irailaren hasieran, ordea, dimisioa aurkeztu zuten guztiek, Euskal Herriko gainerako alkate eta zinegotzi nazionalista eta sozialisten antzera. Izan ere, eskuineko errepublikano Lerrouxen gobernuak ardoaren estatutuari (desgrabazio fiskalaren aldekoa) buruzko lege-proposamenari ezezko biribila nahi izan zioten horrela, Kontzertu Ekonomikoaren eta udal autonomiaren kontrako erasotzat jo eta gero.

Gipuzkoako gainerako herrietan bezala, Urnietan ere gobernadore zibilak Batzorde Kudeatzailea izendatu zuen; herriko karlista eta tradizionalistak hautatu zituen Urnieta gobernatzeko, eta horiek irailaren 15ean hartu zuten agintea. Egun horretan bertatik hasita, udal talde berriak egundoko ahalegin propagandistikoa egin zuen herritarren aldeko jarrera irabazteko eta haustes-ontzietako botoek eskaini ez zieten zilegitasun demokratikoa lortzeko asmoz. Kontrara, nazionalistek euren indarrak karlistak deslegitimatzera bideratu zituzten.

Horrela, Sanmielak eta Goiburu jaiak erakusleiho egokiak bilakatu zitzaizkion Udal talde berriari, bere burua nabarmentzeko. Nazionalisten eta karlisten arteko xextraren erdi-erdian aurkitu ziren bi jaiak. Aurreko asteko Aiurriren zenbakian, jada Sanmiel jaien testuinguruan gertatutakoak izan genituen hizpide hizpide.

Ondoren heldu ziren Goiburu auzoko jaien inguruan, berriz, apenas dugun agiri idatzirik, ez bi familia politikoak elkarri mokoka ibili zireneko kontuak argitzeko moduan, ezta ere egoera horrek auzo-giroan eduki zezakeen eragina argitzeko moduan. Soilik La Constancia egunkari tradizionalista-karlistan topa daiteke aipamen zehatzaren bat, ideia txikiren bat osatzeko lain. El Día egunkari nazionalistak ez zuen deusik idatzi, eta hortaz, alde baten bertsioarekin geratu behar, bestearen faltan.

Horrela, 1934ko urriaren 20an, larunbatarekin, Betikuak ezizeneko idazleak kronika idatzi zuen, hurrengo egunean Goiburu auzoan ospatzekoa zen jai egunaren berri emanez, eta urnietarrak animatuz bertara zitezen (bide batez esanda, begi bistan geratzen da idatzian nola isurtzen den Goiburu auzoko baserritarrenganako paternalismo kutsua):

“(…) Bien se merecen los laboriosos baserritarras de Goiburu que su digno Ayuntamiento les proporcione un día de gran alegría para poder compensar, en parte, los sinsabores y penosos trabajos que proporciona la vida del caserío, base y sostén de la economía guipuzcoana. No todo ha de ser trabajar, también es necesario expansionarse un poco para que el espíritu del honrado casero salga de esa monotonía en que suele estar sumido durante el año. Urnietarra, biyar guziok Goiburura, egun eder ta alai bat igaro nai badezute. Biyar arte, ba”. 

Urriaren 23an, aurreko igandean ospatutako jaien kronika egin zuen Betikuak idazleak, La Constancia egunkarian. Herri kiroletako probetan izandako sailkapenak aipatzen hasi aurretik, jai egunaren arrakasta itzela nabarmendu zuen. “(…) Tiempo espléndido. El astro rey, luciendo sus magnificiencias, alegra con sus rubios cabellos el encantador y pintoresco barrio urnietarra de Goiburu. Centenares de caseros de ambos sexos, jóvenes, sanos, alegres y confiados, acceden con sus mejores trajes a celebrar con gran júbilo las estupendas fiestas que nuestro Ayuntamiento ha organizado como colofón de las fiestas patronales de nuestro querido txoko…”.

kronikan zehar, herriko nazionalisten aurkako mezua zabaldu zuen, jaiei boikota egin nahi izan ziela iradokiz: “(…) La fobia nacionalista que llegó al extremo de hacer desistir a uno de los músicos actuantes que estaba comprometido para tomar parte en esta romería…”.

Eta azkenik, Udal agintari berriei koipea galanki ematen segi zuen, irakurleei sinetsarazi nahian eurek izan zirela Goiburu auzoko jaiak antolatu zituztenak. “(…) No queremos terminar esta crónica sin felicitar calurosamente al señor Larburu, dignísimo Alcalde y a los Señores concejales del barrio de Goiburu como del barrio de Ergoyen y demás ediles que integran nuestra Corporación, por el brillante colofón que han puesto a las estupendas fiestas que con éxito insuperado se han desarrollado en nuestro querido Urnieta”.

Esna bezala, lastima da ezin izan dugulako topatu jaiei buruzko bestelako agiririk, Betikuak goitizeneko idazlearena kenduta. Gainera, ahozko testigantzen faltan, ezingo dugu jakin zenbateraino izan zen egia idazleak emandako azalpena. Ezin jakin jaien antolaketa benetan udalarena izan ote zen, ala auzotarrena. Ondo dakiguna da gutxienik azken 80 urtetan auzotarren arteko auzolana izan dela jaiak bizirik mantendu dituena, asko jota Udalak diruz lagunduta.

Beste kronika baterako utziko dugu noiz eta zergatik gertatu zen izendapenaren aldaketa “Goiburuko jaiak” izatetik “Xoxokako jaiak” izatera alegia.

Migel Arrieta: eredugarri gazteen inplikazioan

Ez da azken urtetako kontua ikustea auzoko gazteak nola inplikatzen diren erabat jaietan, bai ekitaldi franko antolatuz eta baita ekitaldi horietan maiz protagonismoa hartuz. Ondo baino hobeto ulertu izan dutela zer den auzolanaren filosofia, alegia. Migel Arrieta Bideburu, Legarralde baserriko semea izan daiteke belaunaldiz belaunaldi auzoaren eta auzotarren alde musutruk jardundako gazte ekintzailearen prototipoa. Aurtengo urtarrilaren 4an zendu zen, 88 urte zituela.   

40 eta 50eko hamarkadetan, auzoko jaien antolakuntzan. Buru belarri jardun zuen gerra osteko urte triste eta txiroetan jendearentzat “debaldeko festa” ikusgarriak antolatzeko orduan, eta horretarako irudimena eta borondatea erabiliz. Inguruan ziren zenbait bertsolari sonatuekin (Uztapide, Pablo Zubiarrain Ernani Txiki, Jose Luis Lekuona Lexoti, Juanito Marko Altxo…) bikotea osatu zuen oholtzan. Eta hori gutxi ez eta, korrika apustuetan ere parte hartu zuen; esate batera, 1949ko jaietan, lau txandetan Gipuzkoako txapeldun eta behin Espainiako azpitxapeldun izan zen Patxi Irizar Garro andoaindarrak, Manuel Otxotorenak eta hiruek desafio ikusgarria eskaini zuten hainbat urnietarren eta inguruko herritarren ikusmina piztuz.

Erlazionatuak

Iraganeko Sanmielak

Xabier Lasa 2020 urr 02 Urnieta

Iraganeko Sanmielak

Xabier Lasa 2020 urr 02 Urnieta

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!