Iñigo Egia: "Saio indartsua eskainiko dugu"

Xabier Lasa 2020ko urr. 15a, 08:00

Oreka TX taldeak Koklea disko berriena aurkeztuko du Basteron, ostiral honetan. Taldeko kide den Iñigo Egia andoaindarrak aitortu du zirrara berezia eragiten diola Basteroko oholtzara igotzeak, eta ikuskizun indartsua eskainiko dutela ziurtatu du

Bost musikarik osatzen dute Oreka TX taldea: Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte (zurezko, harrizko eta banbuzko txalapartak eta bidoia), Mixel Ducau (alboka, zurezko klarinetea, saxoa eta sopranoa), Juanjo Otxandorena (bouzoukia), eta, Iñigo Egia (perkusioa).

Taldeak 2019an Koklea izenburuko diskoa aurkeztu zuen, eta zuzenekoak han hemen eskaintzen hasita zegoela heldu zen osasun krisia: “Diskoa aurkezterakoan, hor non kontzertu guztiak bertan behera geratu zitzaizkigun. Denborarekin, zorionez, horietako zenbait berriro programatu dituzte. Andoaingoa tarteko. Japonia, Iruñea, Zaldibar… zenbait bazterrean geratu dira, nolanahi ere”.

Txarrean-txarrean, Oreka TX taldeak suerte pittin bat daukala aitortu du Egiak: “gure talde-formatua ez da milaka musikazale erakartzen dituen horietakoa, eta programatzaileak errazago animatzen ari dira gurekin”.

Etsipenez ikusten du musikagintzaren sektorea Egiak: “Lur jota gaude musikariak ez ezik, baita arloko gainerako profesionalak. Ezjakintasunera ohituta bizi izan gara azken urtetan, baina orain sufritzen ari garena are kaltegarriagoa egiten ari zaigu. Konfinamendua bezalako muturreko egoeran, ia-ia liburu, serie edo musikari esker biziraun izan dugu; ikusi da kulturaren ekoizpena zeinen garrantzitsua den gizakiontzat, baina gero laguntza ofizialen txanda heltzen denean, sektorerik ahaztuenetakoa izaten segitzen du. Aspalditxotik ikusia dago kultura ez dela lehentasunezkotzat hartzen; esate baterako, batzuei iruditzen zaie disko bat sortzea doako lana dela, ez duela ahalegin intelektualik eskatzen, eta ez dagoela zertan ordaindu beharrik”.

Koklea, azken diskoa

Hamalau piezek osatzen dute Oreka TX-aren azken diskoak, eta horietan hainbat artistek kolaboratu dute. Batetik, munduko bazter askotako hizkuntzen sonoritatea topatu nahi izan dute, honako ahotsekin: Thierry Biscary (Kalakan), Aziza Brahim (Sahara), Monica de Nut (Galizia), San Salvador taldea (Okzitania) eta Emi Toko (Japonia). Eta bestetik, Xabier Zeberio (biolina eta harpa) eta Karlos Subijana (txirula) bertako bi musikarien soinuez baliatu dira diskoa aberasteko. Basteroko eszenategian boskotea ariko da: “20 urtetako ibilbidea egin eta gero, iruditzen zait une honetan heldutasun puntu batera iritsi dela taldea, unerik gozoena bizi duela, eta kapaz dela zuzeneko oso indartsua eskaintzeko ordu eta erdian”.

Txalapartaren magia

Oreka TX-ek betidanik egin du apustu esperimentazioaren eta bide berriak urratzearen alde, eta horrela, kultura eta kiroletako hainbat diziplinekin (dantzariak, musika bandak, abesbatzak, herri kirolariak…) elkarlanean ikuskizun zeharo desberdinak sortu izan ditu.

Txalaparta izan du oinarri Oreka Tx proiektuak, hasietatik.“Euskal Herrian ez ezik hemendik kanpo ere, harrigarria egiten zaio jende askori txalapartarena; batik bat, bi pertsonek erritmo partekatuan jotzen duten instrumentu bakarra izango delako munduan, ziurrenik. Txalaparta ez baita instrumentu bat bere horretan, bi pertsonek inprobisatzen duten ekintza baizik”.

Nolanahi ere, etengabeko esperimentazio prozesu horretan, eta soinu berrien bila ibiltzeko grina horretan, perkusioaren arloak zein soinu berezi-bereziek ere bere garrantzia hartzen dute Oreka TX-ak eskaintzen duen ikuskizunean. Hala dio Egiak, ezpainetan irribarrea marraztuz: “Leku askotara kontzertuak eskaintzera joan, eta bertako burdindegiak bisitatzea izaten dugu gogoko; material arraroen bila aritzen gara, tramankulu edo katxarro berriak sortzeko. Gure entsegu lokala ikusi besterik ez dago nola dagoen egur edo burdinazko trastez beterik.

Niri dagokidanez, munduko bazter askotako instrumentuak jotzen ditut, eta pentsatu nahi nuke nire ekarpena egiten diodala taldeari”.

Baliabide anitzeko musikaria

  • Perkusio jolea da, eta makina bat instrumentu jo ditu azken diskoan: Indiako tabla, panderoa, kajoia, hanga, udua, cymbalak, kaxixiak, derbuka, kalabazak eta danborra.
  • Hainbat musika taldeekin aritu da: Oskorrirekin azken hamabost urtetan; musika latinoa euskaraz egiten duen Tic Tara talde kidea da. Alos Quartet kamara laukotearekin aritu izan da; kale ikuskizunean, suan eta erritmoan oinarritzen den Deabru Beltzak taldearekin ere aritu zen…
  • Soinu teknikaria da. Oh Brother Hernaniko musika estudioa kudeatzen du. Nahasketak eta masterizazio lanak egiten ditu.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!