Jon Iraola hainbat arlotan murgilduta egon da, baina azken urteotan idazle lanetan ari da. Jada kioskoetan dago Aizkorri-Aratz naturguneari buruzko gida-liburua.
Nolatan idatzi duzu Aizkorri-Aratz natur-parkeari buruzko liburua?
Saltsa askotako perejila izan naiz beti, baina azken urteetan mendiari eskaini diot gehien. 2016an zortea eduki nuen mendizaletasunari eta bertako jarduerei buruzko graduondokoa burutzean. Liburua idazteko aukera ikasketa horiek egitean iritsi zitzaidan.
Zein helbururekin idatzi zenuen?
Nik askotan esan izan dut, mendiak ematen didana ezin dudala hitzez azaldu. Mendia gogoko dugunok badakigu zer nolako zirrara sor dezakeen. Sentitzen nuena idatziz adierazi nahi nien herritarrei eta liburua hartuko zuen edonori.
Jakitun naiz koronabirusaren garai honetan mendizaletasunak goruntz egin duela; hots, igo egin da mendira joateko joera, baina guztiak Hernioko, Txindokiko edo Aizkorriko puntara joaten dira. Gutxik ezagutzen dituzte, esaterako, Aizkorri edo Txindoki inguruko menditxoak.
Liburua idaztearen eta argitaratzearen prozesuan zailtasunak eduki dituzu?
Nahiko erraza izan da, enkargu bidezko lana izan baita. Graduondoan mendiko kazetaritza izeneko ikasgaia eduki nuen eta Ramon Olasagasti izan zen irakaslea, zeinak, lan batzuk eskatu zizkigun, horietako bat Carlos Soriari buruzkoa. Nire lana gustatu zitzaionez, ikasketak bukatu eta Unai Ugartemendiaren bitartez Ramon Olasagastirekin kontaktuan jarri nintzen berriro. Bat-batean esan zidan Sua argitaletxetik liburu bat eskatu ziotela Aizkorri-Aratz parke naturalaren inguruan, baina bera lanez gainezko zegoenez ea idazteko prest nengokeen galdetu zidan. Sua argitaletxearekin hitz egin nuen lanak zertan oinarritzen zen jakiteko; ia bi urteko epea jarri zidaten liburua amaitzeko. Baiezkoarekin erantzun nien, aitzakia ematen zidalako mendira gehiagotan joateko edota argazkilaritzan murgiltzeko, izan ere, liburuko argazki guztiak nireak dira.
Mendizaleentzat liburu baliagarria izango da txoko berriak ezagutzeko.
Pena dut edukia Aizkorri-Aratz ingurura soilik mugatzeagatik. Umetatik ezagutzen dudan gunea da, toki berriak ere ezagutu ditut, baina mugak jarri beharra daude, ezin dira nahi beste leku liburuan agertu. Halaber, Euskal Herrian eta Espainia mailan zabalduko den tirada bat dela jakinda, pozgarria da jendeak liburua irakurri eta Aizkorri mendi bat izateaz gain, kate bat ere badela erakustaraztea. Aukera asko ematen duen ingurumen naturala da.
Liburu honetan denetik aurki daiteke. Hiru kilometroetara iristen ez diren ibilbideak aurki ditzakezu, altuera gutxikoak, baina haurrentzako oso baliagarriak izan daitezkeenak; zera esan nahi dut, haurrek ibilbide luzeak eta zailak egin ditzazkete zailtasun handirik gabe, baina lekuez gozatzea eta ingurua lasaitasunean ezagutzea garrantzitsua iruditzen zait. Horrez gain, ibilbide gogorrak ere badaude, esaterako, bi ibilbide jarraian egitea proposatzen dut, egun osoko iraupena eduki dezakeena.
Kirol jasangarriari buruzko atal bat idatzi duzu, zertan datza?
Liburua erdi amaitua nuenean eskatu zidaten mendi ibilbideez gain, interesgarria izango zela beste eduki mota bat gehitzea. Gauzak horrela, proposatu nien kirol jasangarriari buruz egitea. Txikitatik eduki dut mendi zaletasuna eta beti erakutsi didate txoko guztiak bere horretan utzi behar direla; nolabait azaltzeko, ez dugu geure arrastoa utzi behar, oharkabean igaro behar gara. Alde batetik, aipatu nahi nuen, Aizkorri-Aratz inguruak kirol eskaintza zabala ahalbidetzen duela; hala nola espeleologia, barrankismoa, orientazioa eta eskalada, beste batzuen artean. Beste alde batetik, Gipuzkoako Mendi Federazioak lan polita egin izan du jasangarritasunaren inguruan, eta mendizaleentzako praktika egokiei buruzkoa dekalogo bat argitaratu zuen.
Etorkizunari begira libururen bat gehiago idatziko duzu?
Maiatzean liburua entregatu nuenean argitaletxetik aitortu zidaten oso pozik zeudela egindako lanarekin, eta gustatuko litzaiekela datorren urterako beste zerbait idaztea. Gaien bat pentsatzeko esan zidaten, bestela eurak bidaliko zidatela proposamena. Nik pare bat aukera mahaigaineratu nituen: batetik, Euskal Herria autokarabanan edo furgonetan ezagutzeko gida moduko bat; bestetik, umeekin asteburu pasa egiteko lekuak kirola eta abenturak uztartuta.
Oraindik ez dut baiezkorik jaso. Agian, beste gairen bat proposatzeko eskatuko didate. Hala ere, esan bezala, gai orokorrago bat egitea gustatuko litzaidake.
Liburuaren laburpena, naturgune ikusgarriari eskainita
Dozena erdi bat mendilerro hartzen ditu 20.000 hektarea inguruko hedaduran zehar. Lurralde menditsu hau garaiera handira iristen ez bada ere, erliebe malkartsu eta arrokatsu bat da, non, paisaia erraldoiak elkar kateatzen diren: Aketegi edo Andarto bezalako tontorrek itzala ematen diete Urbia, Oltza edo Degurixa bezalako erosio karstikoei; pagadi amaigabeek Altzaniako mendilerroa janzten dute, eta haren hegoaldean haitzarteak eta hegalak agertzen dira. Aipatu beharra dago ere Marutegi edo Atxorrotx bezalako harkaitz ikusgarriak, Arrikrutzeko haitzuloa bezalako lurpeko unibertsoa eta Aitzuloko begiak, Arantzazuko santutegia edo San Adriango tunelaren tankerako leku magikoak.