Gantzarain ziklista handia Ordizian omendu zuten

Xabier Lasa 2020ko urr. 15a, 15:09
Gantzarain eta Aranburu ziklista ohiak, Simon Carr (Delko) irabazlearekin batera.

Gurutz Gantzarain andoaindarra eta Bixente Aranburu ormaiztegiarra Ordizian omendu zituzten joan den astelehenean, bertan jokatu zen nazioarteko Klasikaren (UCI Europe Tour egutegikoa) baitan. Gantzarainek bi txandatan irabazi zuen Klasika hori.

Klasika eta aitortza-ekitaldia Chapel-Gorri elkarteak antolatu zituen. Ordiziako Klasika aitzindaria da Estatu mailan egiten diren egun bateko proben artean. 1938an jarri zen abian, eta geroztik 97 edizio egin dira, segidan denak.

Gurutz Gantzarainek 1945 eta 1946ko edizioetan txapela jantzi zuen; 1952an, berriz, bigarren geratu zen. Aranburuk, bere aldetik, 1949an irabazi zuen proba. Irabazleen zerrendan, besteak beste, honako ziklistak ageri dira: Antonio Mendiburu, Anton Barrutia, Txomin Perurena, Migel Mari Lasa, Marino Lejarreta, Abraham Olano, Neil Stephens, Laurent Jalabert, Mikel Zarrabeitia, Alejandro Valverde, Felix Cardenas, Gorka Izagirre,  Angel Madrazo edo Simon Yates.

 

Sprintlari bizkorra

Gantzarain esprintlari fina izan zen, eta 40 eta 50eko hamarkadetan Gipuzkoan makina bat lasterketa irabazi zituen dohain horri esker, afizionatuen mailan. Egungo ziklismo modernoarekin zerikusirik ez zeukan ziklismoa praktikatzen zuten sasoi hartan; tubularrak bizkarrean eramaten zituzten, eta gurpilak ziklistek beraiek aldatu eta puztu behar izaten zituzten. Ibilbide oparo horri profesionalen mailan segidako emateko pronto egon zen Gantzarain, baina bizitzaren gora beherek eragotzi egin zioten. Horiek eta kontu gehiago adierazi zizkion Aiurriri 2010eko uztailean eskaini zion elkarrizketan. Etxeberrietako jaien atarian izan zen hori, Etxeberrietako auzotarren omenaldia jasotzera zihoala.

Hona 2010ean argitaratutako erreportajea:

https://aiurri.eus/eskualdea/1544015138116-gantzarain-txirrindulari-handiari-omenaldia

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!