Covid19 | Datuak egunez egun

Andoaingo intzidentzia metatua bikoiztu egin da astebeteko epean

Aiurri 2020ko urr. 21a, 18:17

Intzidentzia metatuaren semaforoa gorriz jartzen ari da ia Beterri-Buruntza osoan. Andoaingo eta Urnietako kasuetan aldagai hori bikoiztu egin da, aste batetik bestera.

Semaforoaren adierazlea berriki txertatzen hasi da Osakidetza, Europatik zetozen joerekin bat eginez. 14 egunetako intzidentzia metatua neurtzen da hiru koloreen bitartez. Logikoa denez, gorriak arriskua iradokitzen du.

Andoain azken egunotan 500eko intzidentzia maila adierazten ari zen, baina langa hori gainditu gabe. Denbora kontua zen, Gipuzkoa osoan gertatzen den igoera orokorra Andoainen errepikatzen ari delako. Azken egunetako datuek gaur eman den albistea iragartzen zuten.

Azter ditzagun gaurko txostena eta aurreko astekoa. Nabarmena da igoera handi samarra gertatu dela inguruan:

Urriak 7-13:

  • Andoainen 26 kasu positibo | 254,27ko intzidentzia.
  • Urnietan 11 kasu positibo | 516,96ko intzidentzia.

Urriak 14-20:

  • Andoainen 49 kasu positibo | 501,84ko intzidentzia.
  • Urnietan 59 kasu positibo | 1130,86ko intzidentzia.

Datu hauek joera bat erakusten dute, kutsatzen ari diren herrikideen kopuruarena. Igoera horrek zerikusi zuzena dauka ospitalean ingresatzen duten pertsona kopuruarekin. Eta hori da agintarien kezka handiena, kutsatzeak ospitaleetan sor dezaketen eragina.

  • Urriaren 7an ZIUn ospitaleratutako herritar kopurua 48koa zen. Urriaren 20an 59 dira.
  • Urriaren 7an Osakidetzan ospitaleratuta zeudenak 238 lagun ziren. Urriaren 20an 328 dira.

Azken datu horiek dira kezka handiena pizten dutena.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!