Euskaraldia, hilabete barru

Aiurri 2020ko urr. 22a, 11:05
Lahetjuzan, Illaro, Kurutxarri, Etxegarai, Dobaran eta Amonarriz. Asteartean Baionan egin zuten Euskaraldiaren edizio berria aurkezteko prentsaurrekoa. euskaraldia

Izen-ematea euskaraldia.eus webgunean, Andoaingo Kale Nagusian jarri duten bulegoan edo telefonoetarako sortutako aplikazioaren bidez egin daiteke. 16 urtetik gorako herritar guztiei zabalik dago ekimena.

Euskaraldiaren izen-ematea martxan da eta ariketa soziala antolatzen ari diren erakundeetako ordezkariek xehetasunak eman zituzten. Baionan egindako agerraldian Euskaraldiaren helburuak gogora ekarri zituzten: parte hartzaileen hizkuntza ohiturak astintzea eta euskararen erabilera handitzea, hain zuzen ere.

Milaka herritarrek bi rol ezagunetan aritzeko aukera izango dute, hilabete barru.

Belarriprest: Beraiei euskaraz hitz egiteko eskatzen dutenak dira belarriprest, euskara ulertzen dute eta beraiekin euskaraz aritzea nahi dute. Ulertzen duten guztiekin ez dute uneoro euskaraz hitz egingo agian, baina ahal eta nahi duten guztietan egingo dute. Gakoa jokaeran dago eta ez gaitasunean.

Ahobizi: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute ahobiziek. Euskaraz ulertzen ote duten ez dakienean lehen hitza, beti, euskaraz izango da; mintzakideak euskaraz ulertzen badu, euskaraz jarraituko dute beti. Gakoa ahal den guztietan euskaraz egitea da, jokaerak definitzen du rola, alegia.

Herri gehiagotan, milaka arigune

Bi datu nabarmendu zituzten antolatzaileek, Euskaraldia abiatzeko hilabete falta denean. Batetik, 2018an egin zen lehen edizioan baino udalerri gehiagotan egingo dela aurtengo Euskaraldia. Guztira 421 udalerritan osatu dira batzordeak.

Bestetik, aurtengo edizioko berrikuntza nagusia den ariguneei dagokienez, Euskal Herri osoan zehar 25.000 arigune baino gehiago sortu direla azpimarratu dute antolatzaileek. Entitateei dagokionez, era guztietako enpresa, saltoki, erakunde eta elkarteak izan dira ariguneak sortu dituztenak.

2018ko edizioan parte hartu duten guztiak berriro ere parte hartzera deitu dituzte. Parte hartzeko baldintzak aurreko edizioko berdinak direla azaldu zuten. Euskaraldian 16 urtetik gorakoek izena eman dezakete, helduen hizkuntza ohitura eta portaeretan eragitea baitu helburu ekimenak. Euskara ulertzeko gaitasuna gutxienez izan behar dute partaideek, baina hortik aurrera, bakoitzak erabakiko du zein rol den berarentzat egokiena. Hori bai, Azaroaren 20tik abenduaren 4ra dagokien rolaren txapa jantzita eraman beharko dute.

Erakundeetako ordezkarien adierazpenak

Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordea: “Aurten norbanakoen ahaleginaz gain, ariguneei esker, arnasgune naturalak eratuko ditugu ariketa sozial hau babes handiagorekin egiteko. Jende askorentzako beste esperientzia positibo bat izatea espero dugu. Urrats hori ematea eta jendea ondo sentitzea behar dugu. Ilusioa behar dugu bizi dugun egoera latz honetan, izan ere, gaixotasuna gorabehera, hizkuntza egunero erabili behar dugu eta esperientzia positiboak eta motibazioa ekarriko ditu Euskaraldiak. Elkarrekin bide hori eginez gozatzea eta elkarri euskara erabiltzeko eremu berriak eskaintzea da helburua.”

Amets Lahetjuzan, Euskal Konfederazioko ordezkaria: “Euskara erabili behar dugu, bere geroa segurtatzeko modu bakarra baita. Biztanleek ikasi eta gero erabili behar dute, transmisioa eta erabilera bereizi ezinak baitira. Hainbat egitura gira, Euskal Konfederazioan, beste elkarteetan, instituzio, zerbitzu publiko eta lantegietan, egunero hortan ari garenak lanean: arlo eta aktibitate desberdinetan, urratsez urrats, zerbitzuak euskaraz eskaintzen, barne funtzionamenduak egokitzen, euskararen erabilpena azkartzeko. Hori guziak helburu bakarra du: edozein herritarrari bere egunerokotasunean, euskaraz bizitzeko aukera ematea”.

Kike Amonarriz, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria: “Herritar eta euskaltzale guztiei inguruko lagunak, senideak edo lankideak aktibatzeko eskatu nahi diegu. Pandemiak zaildu egin digu Euskaraldiaren antolaketa eta guztion laguntza behar dugu Euskal Herriko ahobizi eta belarriprest guztiengana heltzeko. Euskaraldian parte hartzea pandemiari aurre egin nahi diogula, gure komunitatea berrindartu nahi dugula eta oztopoak-oztopo Euskal Herri gero eta euskaldunago bat nahi dugula praktikan erakusteko modu bat da”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!