Eskaintzak

“Digitalizazioari ekin ez dion antolakundea, berandu doa”

Aiurri 2020ko urr. 22a, 09:06

Mikel Corcuera eta Juani Lizaso.

Juani Lizaso IZT kooperatibako ordezkariari elkarrizketa.

Baina zer da digitalizazioa?

Digitalizazioa, eraldaketa digitala... askotan entzun dugu informazioaren gizartean bizi garela, eta egia da. Etengabe, modu anitzetan, bide desberdinetatik informazioa sortzen eta kudeatzen ari gara. Edozein jarduera eta tamainako enpresek sortzen dute informazioa, enpresa txikia izan edo handia, denek dute negozioarentzat ezinbestekoa den informazio jakin bat, bada eraldaketa digitala horretan datza, informazio ahalik eta gehien, modurik ahalik eta eraginkorrenean prozesatu eta erabiltzeko gaitasuna eskuratzean.

Egungo beharretara ekarrita, zein izan daitezke adibide pare bat?

Bada telelana izan daiteke adibide garbi bat. Edo edonondik lan egiteko aukera, edonondik eta edozein gailutik. Edonon, enpresako instalakuntzatan egonda bezala lan egin ahal izatea bezala ulertzen dugu guk telelana.

Beste adibide bat bezeroekin harremantzeko moduan koka daiteke. Gaur egungo kontsumitzaileek erosketak egiteko erosotasuna, erraztasuna, informazio gardentasuna, online eta edonoiz egiteko aukera bilatzen dute. Honi aurre egiteko barne prozesuen eraldaketa sakon bat burutu behar da. 

Azkenaldian, asko hitz egiten da zibersegurtasunaz...

Bai. Eraldaketa digitalaren ezaugarri nabarmenetakoa da informazioa internet bidez partekatzea.  Eta honek mehatxu eta arrisku berriak sorr arazi ditu. Mehatxu mota desberdin asko dago, izugarri, eta egunero berriak sortzen dira, baina hauetako gehienak informazioa eskuratu, lapurtu edo bahitzera bideratuta daude. Kontuan izan behar dugu arrisku errealak direla guztiontzat, honen biktima izan baitira udalak, ikastetxeak, multinazionalak...  Zibersegurtasun institutoaren arabera, euskal enpresek egunero 2400 erasotik gora jasaten dute...

Konponbide zaila izango du horrek…

Mehatxuak eta arriskuak kudeatu egin behar dira.  Ezinezkoa da arriskurik gabeko eremuak garatzea eta ondorioz arriskuak ahalik eta gehien gutxitzeko neurriak hartu behar dira eta hauek etengabe errebisatu. Gure ustez bi motako neurriak hartu behar dira: batetik informazio sistema babestu behar da segurtasun fisikoa eta logikoa eskainiko duen diseinu egoki bat inplementatuz, eta bestetik, segurtasun politikak zehaztu behar dira prozedurak garbi izan ditzaten interes talde guztiek. 

Udal administrazioak ari dira eraldaketa digitalean urratsak ematen

Bai, eta aurrera egiten ari den herrietan emaitzak nabarmenak dira.  Herritarrekin tramiteak online egiteko aukera, espedienteen digitalizazioa, instalakuntzen erreserbak... Pausu handiak ematen ari dira administrazioan nahiz eta oraindik bide luzea geratu. 

Badago zer eginik enpresa eta udaletxeetan, beraz…

Bai eta lehenbailehen hastea komeni da. Zeregin honetan hasi ez dena berandu doa. Zenbat eta denbora gehiago itxaron orduan eta bretxa handiagoa sortuko baitzaie. Estrategia ondo definitzea eta sistemaren diseinu egokia egitea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!