Albisteak berritu ahala, alarma areagotuz doa. Urnieta urriaren 16an 597,74ko intzidentzia tasa metatuan zegoen. Urriaren 22an tasa hori biderkatu egin da: 1357,03ko datua dute orain. Andoainen tasa hori 555,37an dago. Norbaitek ziurta dezake astebeteko epean Andoain ez dela Urnietako egoeraren pare egongo?
Egoera bideratzen ez bada arazo larri baten aurrean egon gaitezke. Eta arazoa ez da zehazki udalerriaren intzidentziaren kolorea edo positiboen gorabehera zehatza. Benetako arazoa kolore eta positibo horien eraginez ospitalean amaitu dezakeen herrikideen kopurua da. Gaurkoz, etenik gabe handituz doa ospitalean eta UCI-ZIUn dauden pertsonen kopurua.
Udalak zer egin dezake? Galdera egitea erraza da, baina erantzuna ez. Urnietak, esaterako, kirol, kultur eta gizarte mailako jarduerak errotik eten egin ditu. Ez zen erabaki erraza izango, neurri horiekin herritarrak etxeratu nahi dituzula adierazten ari zarelako.
Udalerri askotan Urkulluk gaur zer iragarriko zain zeuden. LABI delako aholku batzordeak hainbat neurri jarriko ditu indarrean, gizarte bizitzari eragingo diotenak. Udalerrietan neurriak iragartzea errazagoa izan daiteke aginduak Lehendakaritzatik edo Aldunditik datozela adierazten denean.
Andoaingo Udalak urriaren 16az geroztik ez du komunikaziorik bidali. Eta sei egunetan eta azken hamalau egunetan zerbait gertatzen ari da: Positiboen gorakada eta intzidentzia mailaren areagotzea etengabea da. Herritar asko dabil aztoratuta. Gertukoen dagoen erakundeak, egoera zail honetan, herritarraren animoak baretzen lagundu dezake. Lehendakaritzatik edo Aldunditik erabaki berriak betearazteaz gain, udalak zer gehiago egin dezake? Udalak komunikazioan indarra biderkatu behar du, helburu ezberdinak lortzeko. Besteak beste:
- Gertatzen ari denaz herritarrek kontzientzia hartzeko. Arinkeriaz jokatzen dutenak esnarazteko.
- Adituen eta profesionalen ahotsari ikusgarritasuna emateko. Birusak sor dezakeen kaltearen lekuko zuzenak direlako.
- Prebentzio neurriak gogorarazteko. Behin eta berriro errepikatzea beharrezkoa delako.
- Gizarte bizitzari eragingo dioten erabakiak argi adierazteko. Neurri berriak ondo komunikatzeko.