Udal ordezkari politikoak ez ezik kultur programazioan parte hartu duten udaleko hainbat sailetako teknikariak izan dira eguardian egin den aurkezpenean.
Petri Romero Emakume eta Gizonen Berdintasun lan-saileko zinegotziak ekin dio agerraldiari esanez aurtengo azaroaren 25a ez dela ohikoa izango eta behar diren segurtasun neurriak hartuko direla ekitaldiak aurrera eramateko. Zailtasunak zailtasun, egun hori gogoan hartu eta indartu behar dela gaineratu du, “emakumeenganako indarkeria matxista Giza Eskubideen aurkako adierazpen garrantzitsuenetariko bat da, eta honen aurkako jarrera adierazteko antolatzen da nazioarte mailan azaroaren 25aren eguna”.
Maider Lainez alkateak gogoratu du Andoaingo Udalak, 2019ko maiatzean, indarkeria matxistaren biktimei eta bizi-iraun dutenei arreta emateko erakundeen arteko jarduera- eta koordinazio-protokoloa onartu zuela. “Ildo horretan, udalak azaroaren 25aren inguruan antolatutako jarduera guztiak babesten ditu, eta lanean jarraituko dugu indarkeria matxistarik gabeko Andoain bat lortzeko”.
Programazioa:
* Azaroak 12, osteguna. Gorria ikuskizuna. Miren Amuriza bertsolariaren eta Askoa Etxebarrieta La Pulga flamenko dantzariaren arteko elkarrizketa artistikoa. Bastero Kulturgunea, 19:00.
* Azaroak 17, asteartea. Hitzaldia: SAP (Sindrome de Alienación Parental). Genero indarkeria jasaten duten emakumeen eta bere seme-alaben aurkako tresna gisa. Hizlariak: Ester Ruiz (Plataforma Luna) eta Norma Vazquez. Bastero Kulturgunea, 19:00.
* Azaroak 19, osteguna. Antzerkia. Birritan bortxatua. Aldatzen Laguntzen antzerkia taldea. Bastero Kulturgunea, 19:00.
* Azaroak 24, asteartea:
- Dokumentala: La historia de todas nosotras.
- Eleberri grafikoaren aurkezpena, Elizabeth Casillas eta Higinia Garayren eskutik (Todas Nosotras).
- Dantza: Emakumeak. Node (Myriam Perez Cazabon eta Jone Amezaga).
* Azaroak 25, asteazkena. Biktimei eskainitako omenaldi ekitaldia.
* Azaroak 27, ostirala. Mahai Ingurua: Etxeetako langileen egoera. Isabel Otxoa eta Maite-Lan Kooperatiba eta Emagin elkarteko ordezkariak. Bastero kulturgunea, 19:00.
* Azaroak 28, larunbata. Autodefentsa feminista. Dinamizatzailea: Emagin elkartea. 10:00-14:00 eta 16:00-20:00. Allurralde kiroldegia. Izen ematea: www.andoain.eus edo berdintasuna@andoain.eus.