Leizaran Eskubaloi taldekoek hilabeteak daramatzate lanean txapelketa segurtasun eta berme guztiarekin hasi ahal izateko. Informazioa jasotzen eta bilerak egiten aritu dira, modu batera edo bestera eskubaloiari ateak irekitzeko; garrantzitsua iruditzen zaielako kirol-jarduerak martxan jartzea, garapen fisiko eta emozionalarentzat ezinbestekoa baita. “Normaltasun berri horretara egokitzen jakin behar dugu, normaltasun handienarekin bizi ahal izateko”, gehitu du taldeak.
Kirol elkarteko ordezkariek nabarmendu nahi dute, jokalarien, senideen eta ingurukoen osasunak eta segurtasunak dutela lehentasuna. Adierazitakoa bermatzeko, eskubaloi taldeak protokolo zorrotz bat sortu du, entrenamenduetarako eta partidetarako. Protokolo horrek Andoaingo Udalak zehaztutakoarekin bat egiten du, eta derrigorrez bete beharko da: “Entrenamenduetan eta partidatan segurtasuna bermatu nahi dugu, horregatik hartu dira horrenbeste neurri”.
Esanak esan, Leizaran Eskubaloi Kirol Klubak honakoa adierazi du: “Entrenamenduen hasiera mailakatua egiten ari gara. Jubenilen eta seniorren taldeak irailaren 7an hasi ziren, kadeteak irailaren 21ean, eta infantilak urriaren 1ean. Berriz ere azpimarratu nahi dugu, lehentasuna jokalarien, familien eta haien ingurukoen segurtasuna bermatzea dela”. Lagunarteko partidak jokatzeko aukera eduki dute, zeinetan, ezarritako protokolo eta neurri guzti hauek erabili dituzten. Ez da erraza egoera honetan partidak eta entrenamenduak zehaztea. Izan ere, egunez egun aldatzen doan errealitatea da. Esaterako, eskubaloi taldeek asteburuan hasi behar zuen txapelketa, baina ez da partidarik jokatu azken egunetan bizi izan den egoera dela eta. Guztia bertan behera geratu da eta federazioak ez du zehaztu noiz berrekingo dioten txapelketari. Leizaraneskubaloia.com gunean eskegi dituzte 2020-21 denboraldiko denboraldi-ordutegiak, eskualdeko kontingentzia-plana, Andoaingo Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeko protokoloa eta Leizaran Eskubaloia Kirol Klubaren segurtasun-protokoloa.
LEIZARAN ESKUBALOIA BAZKIDETZA
Leizaran Eskubaloi Kirol Klubeko bazkide egiteko edo bazkidetza berritzeko ezinbestekoa izango da taldearekin harremanetan jartzea, info@leizaraneskubaloia.com posta elektronikoaren bitartez.