Ramon Ansa Zinkunegi zendu da

Xabier Lasa 2020ko urr. 30a, 11:00

Ramon Ansa 2009ko Santakrutzetan pregoilari izendatu zuten.

Herrigintzan eragile handia izan zen, besteak beste, ikastolen sorreran eta diktadura osteko lehen udal korporazio demokratikoen osaketan.

Atzo hil zen, 92 urte zituela. 1928an jaio zen, Leizotz auzoko Antzizu baserrian, eta bost senideetan zaharrena zen (beste lau anai-arrebak: Fernando, Mari Karmen, Jose Kruz eta Xabier). Joxepi Ezeizarekin ezkonduta zegoen. Bikoteak bost seme-alaba eduki zituen: Jesus Mari, Miren Maite, Izaskun, Koldo eta Ixiar.

 

Hileta elizkizuna gaur, ostiralarekin, Santa Krutz baselizan egingo da, 19:30etik aurrera.

Abertzalea eta euskaltzalea zen, mintzalagun atsegina, kultura handikoa eta irakurle amorratua, Euskal Herriko historia zuen gogoko batik bat. Frankismoan zehar, Aita Larramendi ikastolako bultzatzaileetakoa izan zen, bere idazkaria izanik zenbait urtetan.

2009ko Santa Krutz jaietan pregoia egitea egokitu zitzaion, Errekaburu elkarteak izendatuta. Orduan Aiurri-ri eskaini zion elkarrizketan,  beste konturen artean, Andoaingo Ikastolaren egitasmoan zertan ibilia zen kontatu zuen laburki, eta baita ere, herrigintzan zein politikagintzan zein izan zen bere filosofia beti: “Zuzendaritza batzarrean lau bat urte eginda gero idazkaritzarako izendatu ninduten. Gogoan dut zein izan ziren lan gaiztoenak: 15 geletan han-hemen banatuta zegoen ikastola batzeko, lur sailen erosketa,  ikastolaren aitormen ofiziala eta irakasleentzat soldatak Madrildik lortzea izan ziren. Posibilismoa izan da beti nire jokabide nagusia, bai ikastolan baita politikan ere. Politikan, adibidez, ni independentziaren aldekoa naiz. Baina errealitatearen kontra ezin da egin, eta oraintxe, estatutu osoa lege bihurtzea eskatu behar da”.

Herrigintzan, Andoaingo udalean
Herrigintzak eta abertzaletasunak politika mundura eraman zuten, Franco hil osteko lehen urteetan. Hain zuzen, EAJ-PNV alderdiaren alkategai izan zen 1979ko apirilaren 3an ospatu ziren udal hauteskundeetan. Zerrendarik bozkatuena izan zen (2.727 boto), eta zortzi zinegotzi lortu zituen; Ansarekin batera, Imanol Egibar, Inozentzio Agiñarte, Patxi Irigoras, Juan Lopez de Munain, Feliziana Lopetegi, Juan Jose Santa Kruz eta Jose Garmendia. Euskadiko Ezkerrak bost zinegotzi (1.779 boto) lortu zituen, PSOE hiru zinegotzi (1.016 boto), eta azkenik, EMK alderdiak zinegotzi bakarra (436 boto). EE, PSOE eta EMK alderdiek elkar hartu eta EEko Jose Antonio Perez Gabarain alkate izendatu zuten txanda hartan. 

Garai katramilatsua eta mingarria  
Ramon Ansa erabat markatu zuen legegintzaldia izan zen 1979-1983ko hura. Izan ere, garaitsu hartan Andoain biztanlegoa bereziki kolpatzen ari zen Batallon Vasco Español talde armatu ultraeskuindarrak bere anaia Xabier hil zuen, 1981eko martxoaren 3an. Bi urte lehenago, 1979ko maiatzaren 6an, Joxe Ramon Ansa Etxeberria gaztea, Upategi baserriko auzokidea ere eraila zuten. Gertakari haiek gogoratuz, Ramon Ansak Aiurriri elkarrizketa eskaini zion 2016ko otsailean. 

“Beldurra zabaldu nahi izan zuten, errugabeak erailez” adierazi zuen orduan, zalantza hizpirik agertu gabe. Jose Ramon Ansaren hilketaren ostean Andoaingo udalak egin zuen ezohiko batzarraldia hizpide izanda, zera gaineratu zuen elkarrizketan: “Joxe Ramonena gertatu eta berehala, Udalak, mozioa onartu zuen Andoaingo Guardia zibilak izan zirela erailtzaileak antolatu zituztenak adierazten zuena; buruzbide hori ez zen udalkideon iritzi bakarra izan, herritar asko ziren uste berekoak”.

Ramon Ansak 2015an estreinatu zen “Heriotzaren Triangelua” dokumentalean parte hartu zuen, testigantza pertsonala emanez. Basteron estreinatu zenean jendetza erakarri zuen ikus-entzunezkoak Astigarraga-Hernani-Urnieta-Andoain eremuan ultraeskuindarrek eragin zituzten zortzi hilketa eta horietan estatu aparatuek eduki zituzten inplikazioak zituen aztergai. 

Bere testigantza, sarean
Ramon Ansak Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea sustatzea helburu duen Ahotsak egitasmoan parte hartu zuen, bere bizitzari eta pentsaerari buruzko testigantza emanez.

Bertan, bere bizitzako hainbat pasarte kontatu zituen, ahozkotasun aberatsa erakusteaz gain, Andoaingo memorian gorde beharreko altxorra eskainiz. Besteak beste, La Salle ikastetxean ikasketak; Laborde lantokian langile, 36ko gerrako giza sarraskiak, desagertuak, salatariak, emakumeen sufrimendua…; soldaduska; misioek eragindako beldurrak; Santa Kruz baseliza; Azelaingo señoritua; Andoaingo zenbait familia ospetsu; Andoaingo Ikastolaren sorrera; Udaleko udalbatzak 1979-1983 legealdian…

2018an, bestalde, Andoaingo Udalak “Memoria partekatu baterantz” txostena aurkeztu zuen. Bizikidetzari dagokionez azken urteetan eman den urratsik handiena izan da, sufrimendu ezberdinak pairatutako herrikideak elkartu zituen egitasmoa izan zelako. Txosten horretan Ramon Ansak parte hartze aktiboa izan zuen. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!