Covid19 | Datuak egunez egun

"Ospitalak berriro gainezka egiten hasi dira"

Xabier Lasa 2020ko urr. 30a, 14:03

Miren Ibañez Tolosako Asuncion klinikan erizaina da. Koronabirusak jotako gaixoekin lan egiten du andoaindarrak, Tolosako Asuncion klinikan zein Donostia Ospitaleak Amarako egoitzan egokitu duten solairuan.

Buru belarri sartuta zabiltza pandemiaren gaian, bi ospitaletan…

Bai. Orain urte bete bukatu nituen erizaintzako ikasketak, eta segituan bietan lan egiteko aukera eman zidaten. Une honetan, Donostian, Amarako eraikuntzan gaixoak artatzeko ireki duten laugarren plantan ari naiz. Bertan ingresatuta daudenekin medikazioaren administrazioa, zainketa, txukuntasuna… egitea egokitzen zait. Asuncion klinikan, berriz, larrialdietako sailean nabil; horra heltzen diren pertsonak izan daitezke koronbirusagatik ala ez. Diagnostikoaren arabera, ingresatuta ala etxera bidaltzen dira, behar den irtenbidea eskaini eta gero.

Egia esan, bi lanpostuek denbora laburrean eskarmentu handia pilatzeko aukera eman didate, eman didatenez.

Asuncion Klinika konfinatu behar izan zuten urriaren 10ean…

Bai, baina normalizatzen ari da egoera klinikan, lehengo astean ohiko operazioak zein kanpo kontsultak abian jarri zituzten berriro.

Osasun arloko langileek gainerako herritarrek baino neurri are zehatzagoak hartu beharko dituzue egun…

Bai, oso zorrotza da protokoloa, bai pazienteen osasuna baita geurea bermatzeko asmoz. Lankideen artean giroa ona da, kontziente gara zer daukagun esku artean eta arduraz jokatzen dugu. Donostian, lan kontratua udan amaitzen zitzaien langile batzuei hurrengo urteko otsaila bitarte luzatu egin diete; badakite zein den panorama eta ez dira hutsetik hasiko lanean. Horrek lasaitzen gaitu pittin bat, baina hala ere, argi dago egoerari behar bezala aurre egingo dion pertsonalaren falta sumatzen dela.

Maila pertsonalean, nola daramazu osasun krisialdia?

Nahiko ondo daramat guztia. Koronabirusaren lehen olatuan, heriotzez gain, gehien inpaktatu ninduena hiltzen ari ziren gaixoekin ezarri zen distantzia izan zen. Familiarrek ezin hurbildu haiengana (batzuk hiltzen ari ziren arren), eta gutxiago besarkada edo musurik eman… Gaixoak gelako leihoetatik kalera begira, eta bitartean, familiarrak kalean animozko kartelekin… Eszena horrek tristura eragiten zidan batetik, eta emozioa bestetik.

Familiako kideren bat NBE-a (EPI) jantzita sar ziteken gelara, baina hoztasuna nagusi izan zen denbora guztian. Alde horretatik, zerbait ikasi dugu guztiok ere, eta bigarrengo olatu honetan murgilduta, giza goxotasunari begira zenbait neurri hartzen ari gara; besteak beste, teknologiaz baliatuz –eskuko telefonoak eta tabletak–, leuntzen saiatzen ari gara komunikazio pertsonalaren gabezia hori.

Gazteengan jartzen da maiz arreta, kutsatzeen arrazoiez mintzatzerakoan. Zer diozu?

Erruaren zatia badaukagu noski, baina guregan ez litzateke jarri behar ardura guzti-guztia. Gizarte krisiren bat dagoenean ematen du derrigorrezkoa dela errudunak topatzea haiengan fokalizatzeko amorrua; gazteok izaten gara jomuga askotan. Telebistetako irudiak ikusita biktimarik errazenak gara, egia esanda. Bide batez, ahazten da agintariek krisiarekin egiten ari diren kudeaketa kaskarra. Birusaren lehen olatutik ez dute ikasi lezioa, eta osasungintzan, adibidez, ez dituzte baliabide gehiago ezarri. Ekonomia ekoizpenari lehentasuna ematen segitzen dute eta, gizarte mailan jendea biltzeko oztopoak jartzeari ekin diote birusaren transmisioa ekidin nahi dela esanez. Hori bai, garraio publikoetan ez da gehiago inbertitzen, eta lanera doazen pertsonez gainezka ikusten dira; lantokietan ere jende-pilaketak gertatzea normaltzat hartu da.

Zein mezu zabalduko zenuke?

Norbanako kontuaz ari garela, lehenbiziko eta behin; geure buruarekiko ardura eta zaintza hartu behar dugula, eta zorrotz bete behin eta berriro gogorarazten diren neurriak. Elkartasunarekin zerikusia duen jarrera eskatzen zaigu azken batean, geu ez kutsatzeaz gain ingurukoak kutsa ez ditzagun. Hartu beharko genuke kontzientzia ospitalak berriro gainezka egiten hasi direla, gaitza ez dela adinekoen kontua bakarrik, ospitaletan ingresatzen ari diren gaixoen bataz besteko adina 50-60 urtera jaitsi dela...

Bestalde, zaintzaren aldeko mezua aipatzen dudanean, buruko osasuna ere eduki nahi nuke gogoan. Ikuspuntu psikologikotik ere saiatu beharko genuke pandemiak ahalik eta gutxien eragin gaitzan; horretarako komeni zaigu burua lantzea eta entretenitzea, irakurriz, sozializatuz (segurtasun neurriak kontuan hartuta edo eskura dauzkagun teknologiak erabilita)... Irudipena daukat birusaren izurrite hau noizbait gainditzen dugunean, eta ez lehenago, hasiko garela baloratzen zer nolako eragin psikologiko kaltegarriak utzi dituen bidean.

Adibidez, zer pentsatua ematen du haurrekin gertatzen ari dena. Aurreko astean Lekeitio eta Andoain herri bakarrak omen ziren parkeak 24 orduz itxita zutenak. Ez dakit zein puntutaraino den egokia erabakia, ba ote duen oinarri zientifikorik, izan ere ikusi baita umeen artean ez dagoela hainbesteko kutsatze arriskurik; ikastetxeetako errealitateak ere horixe erakusten digu. Umeak bakean utzi beharko genituzke, sozializatu daitezen, jolas dezaten. Azkenean, teknologietan trebea baino abilezia sozialetan gabeziaz beteriko belaunaldia hazten ari gara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!