Zainketa berezien unitatean lanez gainezka zabiltzate.
Ezinean gabiltza, bai. Egia esan, azken aldian lan pila daukagu, geroz eta gehiago; oheen faltan gaude, eta jada ospitaleko beste zenbait eremu Koronabirusarentzat egokitu behar izan dituzte.
Eguneroko martxa irauli egin zaizue.
Ez dauka zerikusirik martxoa aurretik ohikoa zen gure lan dinamikarekin. Normalki, erizainon ardurapean egoten dira UZIra eramaten diren gaixoak. Iraganean, box-etara –bana-banako gelak– normaltasunez sartzen eta irteten ginen, geure zereginak egitera. Gaixoarekin tratu gizatiarra edukitzen saiatzen ginen, non eta ez bazegoen sedatuta. Hizketan eta txantxetan jarduten genuen, egonaldi hartan geu baikara zibilizazioarekin eta bizitzarekin daukaten kontaktu bakarra.
Egun, ordea, dena hankaz gora jarri digun protokolo zorrotza bete behar dugu; EPI babes trajearekin gabiltza eta begiak besterik ez zaizkigu ikusten. Isolaturik eta hondatuta dauden gaixoek gertutasuna eskatzen digute, baina guk nekez erantzun diezaiekegu. Oso-oso egoera latza bizi dugu horrexegatik. Bi edo hiru guantez estalita dauzkagun eskuekin laztan txikiren bat egiten ahalegintzen gara, baina ezin eskaini iraganeko tratua!
Lan-karga oso handia daukagu, eta trajearekin ere ezin dugu denbora askoan iraun, izerditan bukatzeaz gain zorabiatu ere egiten baikara batzuetan. Azkenean, pazienteak eta gu isolatuta gaude elkarrengandik, nahiz eta Zainketa Intentsiboetako Unitatean espazio bera partekatu.
Nola ari zara bizitzen osasun krisialdia, martxoan hasi zenetik?
Lehenengo konfinamenduan, positiboa zuten pazienteekin harremanetan jartzen hasi nintzenean beldurrak akabatzen egon nintzen. Orduan erabaki nuen familiarengandik aldentzea. Andoaingo bizitokitik irten, eta Anoeta herrira joan nintzen bizitzera, bakardadean egoteko. Lehenengo asteetan, etxetik lanera eta lanetik etxera, horixe izan zen nire bizimodua. Negar batean egiten nituen joan etorriak, autoan. Musika alaia, festa-girokoa zen nire heldulekua, egoera emozionalari aurre egiteko.
Une honetan errealitatearekin bizitzera ohitu naiz, baina nekea sentitzen dut. Psikologikoki pixka bat hondatuta nago, eta, dena haizetara bidali, norabait joan eta deskonektatzeko premia sentitzen dut tarteka. Burutazioak burutazio, hor segitzen dut.
Ikusten al duzu tunel beltzaren amaiera?
Nahi nuke ikusi argia, baina axolagabekeria sumatzen dut zenbaiten aldetik; gehiegizko sozializazioa gertatzen ari da gizartean, eta ezkor naiz, ez garela itzuliko iruditzen zait. Inpresio hori edukitzeko, bizipen pertsonalez baliatzen naiz. Izan ere, ZIUn ez ezik bigarren lanpostu batean aritzen naiz Osakidetzan azpikontrata batekin, guardiak egitea da nire ardura; larrialdiren bat aktibatzen denean behar izaten duten erizain horietako bat naiz, hain zuzen. Autoarekin herriz herri ibiltzea egokitzen zait, sendaketak-eta egiteko. Bada, noizean behin, harritu egiten naiz zer nolako jende pilaketak sortzen diren herrietako kaleetan; harridura, ez direlako neurriak hartzen, norbanakoengandik hasita. Ez daukagu barneratuta ekidin egin behar ditugula halako egoerak. Ez gara kontziente halako egoerekin eta familiako bilerekin transmisioa ari garela sustatzen.
Andoain zerrenda gorrian sartu zen lehengo astean, birusaren intzidentzia-tasa handia dela eta.
Ez nau harritzen, eta amorrua sentitzen dut. Gaitza hedatzen hasi zenean txalo joaldiak egiten ziren arratsaldeko 20:00etan, eta ez dakizu zenbat motibatzen ninduten! Negar egiten nuen emozioz. Orain, berriz, iruzur baten biktima bezala sentitzen naiz pixka bat. Txaloek irudikatzen zuten konpromisoa faltan sumatzen baitut.
Egiten diren gomendioekiko errespetu gehiago behar luke egon, txaloez gain. Neurriak zorroztu beharko liratekeela uste dut.
Zer mezu helaraziko zenieke herritarrei?
Buruz joka dezagun, mesedez. Izan zentzudun, norbera ez ezik ingurukoak ere ez kutsatzeko. Baliteke batek arin gainditzea gaitza, baina ondokoak ez! Jendeak hiltzen segitzen du, eta ZIUtik bizirik igaro diren askok gero hilabeteak behar dituzte beren onera itzultzeko.
“Gaztea naiz eta ez naiz kutsatuko”, “konfiantzako ezagun honekin eta harekin geratuta ez zait ezer gertatutako”… eta antzeko pentsamenduek ez dute balio. Egoera larri-larria bizi dugu, eta egin beharko genuke eskatzen zaigun sakrifizioa. Denok gaude gogo biziz jendearekin harremanak normaltzeko, baina egon gaitezke hilabete batzuk horrenbeste sozializatu gabe. Gabonetan ezin garela elkartu? Izango dugu aukera aurrerago. 2011ko maiatzean ospatu behar baditugu, ospa ditzagun orduan!