Ta Andoaingo umeak...

Jon Ander Ubeda 2020ko urr. 30a, 21:06

Zeinen azkar zaharkitzen diren bizipenak, egungo panoraman. Zeinen aldakorra den egoera, eta zenbat bider egokitu behar izan dugun agintariek ezarritakora. 

Aurreko ostiralean tabernak gaueko 21:00etarako ixteko agindua ezarri zuen Eusko Jaurlaritzak. Tira, agindua ez zela uste dut. Baina bai gomendioa. Edo zerrenda-sorta hartako batzuk “aginduak” ziren eta besteak “gomendioak”? Aspaldi galdu nintzen, gizartearen %99,50a bezalaxe. 

Eguerdi hartan, eta giro horretan, Andoaingo Udalak udalerriari dagokion neurri-sorta gehigarria iragarri zuen. Itxi zioten kulturari atea. Eta baita jarduera fisikoari, kirolari eta haur parkeen erabilerari.

Haur txikiarekin batera, arratsaldeko 17:00ak ez ziren Zumea plazara agertu ginenean. Haur zaharrenaren zain geunden. Zeinen giro arraroa plazan. Bolo-bolo zebiltzan tabernarien adierazpenak, Aiurriko mikrofonoaren aurrean hitz egitera ausartu zirenena: “Araudi berria ia-ia negozioa ixteko jasotzea falta zitzaigun azken bultzadatxoa da. Araudi berriarekin ez dugu afaririk emango, Euskadin ez delako inor arratsaldeko 18:30ean afaltzera etorriko. Honek langabezia ekarriko du, edo ERTEan sartzea. Hondamendia da, zeren eta %50ean lan egiten uzten digute baina zergen %100a ordaintzen jarraitzen dugu, Gizarte segurantza, ur eta argindarra berdin-berdin ordaintzen dugu... Gure ordurik indartsuenak murriztea hondamendia da guretzat. Ezin da beste modu batera adierazi”. 

Tabernari harengana iritsi aurretik, beste bat elkarrizketatzera joan ginen baina negarrari emanda zegoen. Eta egoera horretan elkarrizketarik ez egitea onena zela ondorioztatu genuen. Bazen besteren bat bezeroen aurrean atsekabea ez agertzeko sukaldera sartzen zena. Ez zuen bezeroen aurrean emozionalki erori nahi. 

Ordu horietako panorama amesgaizto modukoa izan zen ostalarientzat. Gero jakin zen, gaueko 21:00etarako agindu hori biharamunean ezartzen zela. Beranduegi iritsi zen zehaztapena, 21:00etarako taberna eta jatetxe gehienak itxita zeudelako. Ulertzekoa da ostalarien haserrea.

Plazan, gurasoen artean, giroa ere ez zen hobea. Haur ugari parke inguruan, eta ez parke barruan. Haur parkea itxita zegoelako. Txikitxoak jolasean aritzeko gune egokitura ez sartzeko poliziaren plastikoa ipini zuten. “Danger” plastiko gehiago euritik babesteko parkeari itsatsita dagoen gune estalian ere. 

Bertan jolasean ezin aritu, eta urriaren 23ko hartan parkearen ertzetik kanpoaldera hasten zen haurren aisialdirako gunea. Kontua da euriarekin plazan irrist egin zuela haur batek baino gehiagok. Ez dituzte haur parkeak zabaltzen, prebentzio neurri modura. Akaso hobea al da irrist egin eta kolpea hartzea? Eta horrelakoetan beti egongo da pipertutako andoaindarrasypuntoren bat “segi ezazue etxera” esango dizuna. Baina aizu, “segi ezazu zuk etxera, nahi baduzu!” erantzuteko egunak dira hauek. Gaurkoz haurrei ez zaie kalean ibiltzea eragotzi, ezta? Ba ez dago ezer gehiago eransterik.

Beroaldi horretan hasi zen guraso taldea zerbait egin behar zela pentsatzen, eta telefono bidezko mezuen bitartez larunbatean Goikoplazan elkartzeko deialdia zabaldu zuten. Talde bat isilpean protesta eginez elkartu zen. Eskuetan zituzten afitxak aste osoan ikusgai izan dira Andoaingo kaleetan: “Neurriak bai, baina non daude haurren eskubideak?”.

Geroztik gure herriko alkateak esan du azken astean izan dela kutsatze handiena. 

Eta haur parkeak itxita. 

Soilik horregatik, modako 'intzidentzia tasa metatua' jaistea denok desiratzen dugulako, merezi du parkeak irekitzeko aukera lehentasunezkotzat hartzea. Ideia ona izan daiteke, bakarrik horregatik, parkeak irekitzea. Boluntarioak ez dira faltako gurasoen eta haurren artean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!