Villarejoren trama Andoaineraino iristen da

Aiurri 2020ko urr. 31a, 10:27

Estatuaren zikin-zuloekin eta ustelkeriarekin lotzen den Jose Manuel Villarejo komisarioaren trama Andoainera heldu da. Estatuko prentsan egunotan zabaldu denez, Villarejoren auziari lotuta, Sorabillako auzotarra den Alfonso Pazos joan den astean atxilotu zuten Sorabillan bertan.

Bere bikotekidea atxilotu zuten ere, baina egun espetxean dagoen bakarra Pazos da.
Nazio mailako hedabideetan zabaldutako informazioaren arabera Alfonso Pazos Logroñoko espetxean zortzi urte eta erdiko kartzela zigorra betetzen ari da. Iraganean, administrazio desleiala, agirien faltsutasuna eta justiziari trabak jartzearen delituengatik epaitu eta erruduntzat jo zuten. Une honetan zigorraren erdia beteta dauka, eta bigarren graduko kartzelaldia betetzen ari da, espetxetik irteteko baimen arruntak eskatzeko aukera izanik. 

Hain zuzen, hamar eguneko baimenarekin Sorabilla-Errotagaineko etxebizitzan zegoela guardia zibilek atxilotu zuten, urriaren 16an; bere bikotea ere operazio berean atxilotu zuten. Eta operazio berean Madrilen Gemma Alcala Villarejo komisarioaren emaztea eta Javier Ruiz atxilotu zituzten ere.  

Joan den astelehenean, Manuel Garcia-Castellon epaileak Pazos kartzelara bidali zuen, eta gainerako hirurak aske utzi zituen, kargupean. Guztiei agiri ofizialen salerosketa helburu zuen sare baten partaide izatea leporatzen zaie. 

Zabaldutako datuen arabera, Villarejo estatu funtzionarioentzat bideratuta dagoen Estremerako (Madril) espetxean sartu zuten 2017ko azaroan. Bertan Pozas eta Ruiz ezagutu zituen, eta haiekin adiskidetu egin zen. 

Iturri berdinen arabera, ustez Villlarejok Pozas eta Ruiz konplize eta bitartekari gisa jokatzeko proposatu zien, gordeta dauzkan agiri konfidentzial, polizia txosten eta audio grabaketa konprometigarriekin txantajeak egin zitzaten. Madrilgo prentsari kasu eginez gero, geroztik, Alfonso Pozas, Logroñoko espetxean zigorra betetzen ari zela kalera irteteko baimenak lortzen hasi zen. Eta horrela, kalean egiten zituen bolada horiek probestuz, Ibex-eko enpresa handi, banku, abokatuen bulego, kazetari eta abarri  Villarejoren materiala eskaintzen zien. Pozasek, trukean dirutza eskatzearekin batera, agintzen zien Villarejok material hori ez zuela epaileen esku utziko.
Langintza horretan andoaindarrak bikotea ekintza kide izan duela erantsi dute prentsa-informazio horiek.

Pozas militarra izan zela iraganean.

Villarejo, pertsonaje iluna 
Jose Manuel Villarejo Perezen biografiak erakuts diezaguke 1978az geroztik frankismoak eta frankistek demokrazian zer nolako inpunitatea bizi izan duten. Villarejo frankismoan zehar egin zen polizia, Euskal Herrian ere jardun zuen garai hartan, errepresioan parte hartuz. Franco hil eta demokrazia heldu zenean, Polizia Merituen domina zuria jasotzeaz gain, gobernuan izan eskuinak izan sozialistak, graduazioan gora egin zuen etengabe, boterea eskuratuz estatu aparatuen barrunbeetan. 

1983-1993 epean, polizia izateari utzi, eta 46 enpresa ezberdin sortu eta kudeatu zituen, 16 milioi euroko kapitalarekin. 1993an berriz ere polizia izanik, agente sekretu gisa jardun zuen barne ministerioan, Jose Luis Corcuera sozialistaren aginte pean. 
Bere zenbait enpresen zeregina estatuko hainbat pertsonen bizitza pribatuak ikertzea izan da urtetan. Luzea da ikertuen zerrenda: politikoak, kazetariak, enpresarioak... kabitzen diren bertan; besteak beste, Juan Carlos errege emeritoa eta honen maitale, eta ustez negozio-bazkide, izan zen Corinna Larsen. 

2017ko azaroaz geroztik preso daukate Madrilgo espetxean. Sekretu peko agiriak agerian jartzea eta erakunde kriminaleko kide izatea leporatzen zaio. 

Jose Manuel Villarejoren ibilbide ilunari buruzko erreportaje gomendagarria ETB2n 360 grados saioak 2019ko azaroaren 24an eskaini zuen, La red Villarejo, ¿Mafia y corrupción? izenburupean. Sarean ikusgai dago, 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!