Amaieran, haurrek margoturiko kalabazak eta bilkuran erakutsitako afitxak itsatsi zituzten udaletxeko ate nagusian. Hori egin aurretik, aita batek eta ama batek hitza hartu zuten. Besteak beste, orain arte emandako urratsak azaldu zituzten eta zentzu horretan datorren astearterako ordezkaritza duten alderdi politiko guztiekin bilera egingo dutela iragarri zuten. “Eskatzen duguna sinplea eta zentzukoa da: haur parkeak irekitzea. Bilera egingo dugu asteartean, eta bitartean haur parkeak ireki beharko lituzketela uste dugu”.
Haurrak zigortzeko erabakiarekin kritiko agertu ziren adierazpen ezberdinetan: “Zer nolako irudia ematen ari gatzaio haurrari? Gurasoek jarduera ezberdinak egin ditzakete kalean, aisialdiari lotuta. Eta haurrari parkean jolasean aritzea galerazten zaio. Nola ulertzen da hori? Zer nolako mezua jasotzen du haurrak, hori ikustean?”.
Azaroaren 3an, beraz, bilera izango da. Ikusiko zer ematen duen bilera horrek. Bien bitartean, joan zen urriaren 23az geroztik haur parkeak itxita daude Andoainen. Udalak hainbat neurri hartu zituen, Eusko Jaurlaritzak ezarri zituenaren osagarri. Eta besteak beste kultur eta kirol mailak jarduerak eten egin zituen. Egun gutxira Allurraldeko kirol jarduera berrezartzen zuela adierazi zuen. Mobilizatzen ari diren gurasoek Udalak haur parkeekin ere atzera egin behar duela uste dute.
“Ireki Parkeak guraso taldea” izeneko ekimenak aste osoan irudi eta mezu ezberdinak zabaldu ditu, haur parkeak irekitzeko eskaerarekin batera.