Covid19 | Datuak egunez egun

Hamar kasu positibo Andoaingo San Juan Bautista adinekoen egoitzan

Aiurri 2020ko aza. 2a, 07:40

Gipuzkoako Foru Aldundiak, DYArekin lankidetzan, PCR probak maiztasunez egiten ditu Gipuzkoako adineko egoitzetan. Andoaingo San Juan Bautista orain arte kutsatuez salbu egon da, baina atzokoan 10 kasu positiboren berri eman zuten.

Gipuzkoan adinekoen arretarako 65 egoitza-zentro eta 5.425 plaza daude. Egoitzetako erabiltzaileen artean 108 COVID-19 kasu positibo daude egun. Adinekoen kontrola maiztasunez egiten da. Aurreko astean Aldundiak berak emandako datua da: DYAk 3.825 PCR proba egin zituela, 1.730 egoiliarrei eta 2.095 langileei.

Bigarren olatuan, joan zen abuztuaren 11n lehen positiboa atzeman zenetik, 97 adinekok gainditu dute gaixotasuna eta 43 pertsona hil dira. Andoain orain arte kutsatuez salbu egon da, baina azaroan sartzearekin batera lehen kasuak antzeman dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!