Amiantoak kaltetutako Patxi Modinoren kasua epaitu dute Donostian

Xabier Lasa 2020ko aza. 3a, 08:06

Felipe Diez urnietarrari babesa adierazteko elkarretaratzea, urriaren 15ean

Andoaindarrak biriketako minbizia dauka, ustez Pedro Orbegozo eta beste zenbait lantegietan irentsitako amiantoaren eraginez. Enpresa horiei segurtasun eta higienearen inguruko araudiak bete ez izana leporatzen die Patxi Modinok

Hain zuzen ere, Cofivacasa, Sidenor, Montajes Nervion, Arcelor Olaberria eta Jose Maria Ucin enpresei aurkeztu die demanda; bere osasunean eragindako kalte larriengatik 311.195 euroko indemnizazioa erreklamatzen die. Aste batzuk igaroko dira epaileak epaia jakinarazi arte.

Amiantoak kaltetutakoek osatzen duten Asviamie elkarteak babesa adierazi dio Modinori. Donostiako epaitegian epaiketak izaten diren aldiro bilkura egin ohi du Asviamie elkarteak, baina gaurkoan ezin izan du halakorik egin, osasun krisialdia dela eta. Elkarteak adierazi duenez, Euskal Herrian milaka dira amianto mineral kantzerigenoarekin lan egin ostean osasuna hondatuta hil diren langileak. Ugaltzen ari dira gaiari lotutako epaiketak azken urtetan, hainbat lantegiek zein administrazioak oker jokatu zutelakoan hamarkadetan. Langileen aldeko epaiak irten dira epaiketa gehienetan. Urrutira gabe, urriaren 15ean Felipe Diez urnietarraren kasua aztertzeko epaiketa egin zen; Diez 2018an hil zen, urtetan Orbegozoko langilea izan ostean. Epaiaren zain dago demanda jarri zuen familia.

Patxi Modinok, 1969-1992 epean Hernaniko Pedro Orbegozo lantegian lan egin zuen. Ondoren ACENOR S.A.n aritu zen, mantenimenduko mekaniko ofizial gisa, eta amiantoarekin eta beste zenbait produktu toxikoekin kontaktuan jardun behar izan zuen.

Orbegozo eta beste zenbait lantegi Acenor S.A.era batu zituzten 80ko hamarkadaren hasieran, industria-birmoldaketaren ostean. Hernaniko planta itxi egin zuten orduan, eta bere produkzio-jarduera Basauri eta Gasteizera eraman zuten. Aurrerago, Sidenor S.L. enpresak hartu zuen produkzio-jarduera hori, eta bere pasiboak Industria ministerioaren eraginpeko Cofivacasa-ren esku geratu ziren.

Patxi Modino Orbegozo Montajes Nervion S.A. enpresara joan zen garai hartan.

Horrela, 1994an, Hernaniko plantan, amiantoaren sustantzia zeukan instalakuntza bat desmuntatzea egokitu zitzaion. Baita ere, 1995-1998 epean Jose Maria Ucin enpresan galbahetzeko toberaren postuan aritu zen, zepa edo hondakinak apartatzeko lanetan.

Azkenik, Arcelor Olaberria enpresan jardun zuen, Donostiako Bicolan ABLEren (Aldi Baterako Laneko Enpresa) enplegatu gisa; 1998-2002 epean mekanikako mantenimenduko lanetan aritu zen.

Donostiako Onkologikoko Bular-kirurgiako zerbitzuak andoaindarraren kasua aztertu zuen; 2018/10/15ean egin zuen txostenean agertzen denez “Biriketako Kartzinoma ezkataduna” diagnostikatu zioten.

Bestetik, Gizarte Segurantzaren Instituto Nazionalak (INSS) Modinoren aldeko ebazpena eman zuen 2019/06/25ean, eta gaixotasun profesionalak eragindako Ezintasun Iraunkor Absolutua aitortu zion.

Osalanek (Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea) ikerketa abian jarri zuen, ziurtatzeko Modinok amiantoren fibrak manipulatzeaz gain irentsi ahal izan ote zituen ala ez. Ondorioen atalean, zera adierazi zuen: “egindako ikerketaren ondorioz lortu den informazioaren arabera, arrazoizko zantzuak daude adierazteko amiantoren menpe lan egin zuela. Hori dela eta, Francisco M.E.k, Acenor S.A. enpresako (iraganean Pedro Orbegozo) langilea izan zen denboran amiantoa zeukaten materialak manipulatu ahal izan zituen, eta hortaz, amiantoaren fibrak ere irentsi ahal izan zituen. Aldi berean, amiantoarekin kontaktuan jardun ahal izan zuen beste enpresaren batean (esate batera, Acenorren plantan Montajes Nervion edo Arcelor Olaberriarekin, Bicolan ABLEko langile gisa)".

Osalan-ek, ziurrenik amiantoarekin kontaktua edukiz lan egin zutenen langileen zerrendan sartu du Modino, honi ere okupazioaren osteko zaintza ezartzeko asmoz.

Amiantoak kaltetutakoen Asviamie elkarteak adierazi duenez, Onkologikoko medikuen eta Osalan-en txostenekin argi geratzen da Patxi Modino andoaindarra, urtetan, ingurune toxikoan lanean aritu zela, babes eta prebentzio neurririk gabe aritu ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!