Covid19 | Datuak egunez egun

19 egoiliarrek eta 3 langilek positibo eman dute San Juan Bataiatzailean

Xabier Lasa, Jon Ander Ubeda 2020ko aza. 4a, 10:14

Andoaingo San Juan Bataiatzailea adinekoen egoitzan larunbatean izan zen kasu positibo sorta agerraldi edo brote batean bilakatu da. 10  ziren larunbatean, atzo 11 eta Aiurrik gaur jakin du 19 egoiliar eta 3 langile bakartuta daudela PCR probatan positibo emanda. 22, denera. Asintomatikoak direla adierazi diote hedabide honi.

Bart gaueko albistea:

 

Larunbatean 10 kasu antzeman ziren, eta gaurkoan jakin da agerraldi hark soka ekarri duela. Gaurkoan kasu berri baten berri eman du, Aiurrik Gipuzkoako Foru Aldundiaren bidez jakin ahal izan duenez. Beraz, 11 dira egun hauetan Andoaingo adinekoen egoitzan kutsatu diren pertsonak.

Aiurrik jakin ahal izan duenez, Andoaingo egoitzan kutsatu ziren egoiliarrak ondo daude, eta egoera kontrolpean dagoela dirudi. Bisitaldiak eten egin dituzte eta egoiliarren eta senideen arteko komunikazioari eusteko teledeiak egiten ari dira.

Andoaingo San Juan Bataiatzailean hamar kasu positibo izan ziren larunbatean, eta albisteak berehalako oihartzuna izan zuen herrian. Interes handia antzematen da, eta ez dira gutxi sareetan animozko mezuak zabaltzen ari diren pertsonak. Aiurri astekaria zentroko arduradunekin harremanetan jartzen saiatu da, baina saiakerak ez du fruiturik eman.

Jasotako datu apurren arabera, eta Aldundiak maiztasunez emandako datuen arabera, San Juan bataiatzailea adinekoen egoitzako egoera kontrolpean dagoela esan daiteke. Lasaitasunerako mezua zabaldu behar da, beraz. Izan ere azken orduetan Aldundiak emandako datuen arabera, adinekoen artean kasu positibo gehiago eman dira Gipuzkoan. Baina horien artean ez da Andoaingo kasu berririk adierazi.

Bada beste datu baikor bat ere, kasu positibo horietatik guztietatik ospitale-arreta soilik bik behar izan dutela. Beste 76 pertsona erreferentziazko bi zentroetan artatu dituzte, eta Aldundiak emandako datuen arabera bi zentro horiek Eibarko Ospitalea eta Ordiziako San Jose zentroa dira. Andoaingo egoiliarrak Andoainen erroldatuta daude. Beraz, gainerako herrikideak bezala, haientzat ere erreferentziazko ospitala Tolosako Asuncion Klinika da. Hala ere, gerta liteke Andoaingo egoitzan kutsatutako adinekoren bat Ordizian artatu izana. Huraxe baita orain COVID-19 ospitala adinekoentzat. Udaberrian Donostiako Antigua auzoan dagoen Gurutze Gorriko ospitala izan zen COVID-19 ospitala.

Gipuzkoan adinekoen arretarako 65 egoitza-zentro eta 5.425 plaza daude, eta astearen hasieran erabiltzaileen artean 114 COVID-19 kasu positibo zeuden. Igoera handia eman zen ostiraletik igandera, 78 kasutik 114ra igo baitzen kopurua.

Pandemia izendatu zutenetik, udan bigarren olatua iritsi zela diote adituek. Abuztuaren 11n lehen positiboa atzeman zenetik, Gipuzkoan 104 adinekok gainditu dute gaixotasuna eta 46 pertsona hil dira. Beti ere, Aldundiak emandako datuetan oinarritutako informazioa da.

Aurreko astean 4.300 PCR probatik gora egin ditu DYAk, adinekoen egoitzetako egoiliarren eta langileen artean. Uztailaz geroztik, denera 36.508 proba egin dira.

Ez dagoena oso garbi da zenbat lagun hil diren Euskadi osoan, datu ezberdinak erabiltzen baitira. Datuak eta grafikoak egunero eskaintzen dituen Eldiario.es agerkari digitalaren arabera, Euskadin abuztutik hona 150 lagun hil dira. Eta pandemia hasi zenetik, denera, 769 adineko hil omen dira.

Bisitaldi telematikoak

Positibo kasuak eman aurretik bisitaldiak baimenduta zeuden, ez ordea irteerak. Baina asteburuaz geroztik irteerak eta bisitaldiak bertan behera geratu dira. Bisitaldiak telematikoak egiten ari dira, bideo-deien bitartez, egoiliarren eta seindeen artean.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!