Horregatik LABI, horregatik osasun arloko adituek eta zientifikoek esandakoak aztertzetik hartu izan dituzten erabakiak. Honekin guztiarekin, ez dut esan nahi Lakuatik birusaren eta honek sortu duen egoeraren (dituen egoeren) kudeaketa ona edo egokia izan dela uste dudanik, ezta gutxiago ere. Zilegi beraz, Lakuatik etorri zaigun oro zalantzan jartzea. Baina pedagogia hitza agertu zen bozeramailearen errelatoan eta idatzi honetara ekarri nahiko nuke.
Gure herrian hartu diren zenbait erabakien oinarria non dagoenaren galdera airean ibili da egun hauetan. Haurrak parkerik gabe gelditu diren honetan, erabakiak pedagogikoa izatetik gutxi du. Pedagogiatik ezarritako neurriak, haurren garapena sustatuko duen guneen eskaintzatik igaro behar du. Haurraren jolasa bermatzetik, harreman guneen zaintzatik, bere espazioen errespetatzetik.
Hezkuntza formalari (eskolari) lehentasunezkoa izatea egozten zaio. Guztiok barneratuta dugu zein garrantzitsua den haurra eskolan egotea (ikus bestela martxoa, apirila, maiatza eta ekainean izandako ausentziatik eratorritako ondorioak). Hazkuntzarako, hezkuntzarako gunea dela badakigu. Eskolatik kanpo gelditzen diren jolas harreman guztiek aldiz, ez dute ospe horretaz guztiaz gozatzen. Garrantzitsu ez direla uste izateak, bortxaz tratatuak izateko aukera handitzen duela argi gelditu zaigu egun hauetan.
Haur parkeak, haurrentzako herrian antolatu diren gune bakarrak izanik, itxi dituzte sozializazio gune direlako, sozializazioak haurren garapenean duen zentralitatea pentsatua izan gabe. Parkeak itxiak izatetik, haurrei igortzen zaien mezua bat eta bakarra da. Haurren guneak ez dute zainduak izateko hainbesteko garrantziarik, helduen sozializazio guneak irekiak mantentzen diren bezala, “zu haurra, ez duzu herrian lekurik” (paradoxikoa, gaur egun alderantzizko egoeran aurkitzea).
Azken asteetan, gurasoen talde batek bultzatutako dinamika kaleratu da, parkeak errespetatzeko eskakizuna eginez, haurren eskubideak parkeetara lotuak ikusi ditugu horrela. Agian, kanpotik egin den irakurketa besterik ez da. Nik nire aldetik, borroka edo dinamika hori defendatzearen edo gaitzestearen aldeko autua egiten dudan esatea baino, pentsatzeko gonbitea zabaldu nahiko nuke. Herriak zein hirigintza edo lurralde antolaketa eredu eskaintzen dio haurrari? Bere jolasari? Bere eraikuntza eta garapenari? Parkeak parke dira, herria espazio horiek baino askoz gehiago dela uste dut. Haurrei herrian egoteko aukera ahalbidetu beharko litzaike, nola egon, hori da niretzat gakoa. Haurrak ekintza desberdinetarako aukera bermatua beharko luke, beste haurrekin harremantzeko, helduekin jolasteko.
Covid- 19agatik parkeak irekita edo itxita mantendu behar diren eztabaidatik haratago, nik herri hezitzaileago baten eraikuntza ahalbidetuko duen lanketa edo prozesura bideratuko nuke arreta, eta horrekin batera borroka eremua. Herriko espazioaren antolaketatik, jendartearen antolaketan eragin daiteke, eta alderantziz.
Haurrak, helduak bezala, herrian integratu behar dira, lurralde osoarentzat etokizun orekatu bat bilatuaz. Nekazal eremua eta herriaren arteko oreka sortu beharko litzateke. Egungo lurralde antolaketa, mugarik gabeko kontsumo eredu baten araberakoa da (baita parkeen antolaketa edo kokapena ere). Beraz, herri hezitzaile baterako bidean, kontsumo eredua azertu eta desberdina izango den beste bat planteatu beharko genuke.
Herria birnaturalizatzea beste urratsetako bat litzateke, kutsadura mugatu, asfaltoa kenduz joan, berdeguneen, zuhaitzen, baratza komunitarioen, edota korridore ekologikoen sustatzea.
Kaleek eta plazek izaera polibalentea beharko lukete, jolasteko, harremanak sustatzeko, bizitza egiteko. Haurrentzako, herritarrentzako, askoz tokikoagoa eta erresilienteagoa den herria eraikitzea helburu…