Correos-eko langileen protesta, lan baldintzak salatzeko

Xabier Lasa 2020ko aza. 17a, 14:04

Andoaingo Correos-eko postariek elkarretaratzea egin dute Juanita Alkain plazan gaur goizean, langile faltagatik jasaten ari diren gehiegizko lan karga salatzeko.  Adierazi dutenez, egoerak etengabeko estresa sortzen du langileen artean, euren osasunaren eta zerbitzuaren kalitatearen kaltetan. Asteartero elkarretaratzea egiteko asmoa agertu dute, zuzendaritzak irtenbideak topatu bitartean.

Atsedenerako daukaten ordu erdia probestuko dute elkarretaratzeak egiteko.

Adierazi dutenez, “egunero hainbat banaketa eremu bete behar izaten ditugu, plantilla faltak eraginda, eta ondorioz, beste eremu  batzuk banatu gabe geratzen dira. Egoera horrek pilaketa etengabea eragiten du, eta egunero egin behar  diogu aurre horri. Horrek gure osasunaren eta zerbitzuaren kalitatean eragina dauka. Eta guzti horri, COVD-19ak sortutako egoera gehitu behar zaio; izan ere, lana uneoro maskara jarrita egitera behartzen gaitu, eta entregetan, igogailuetan, atarietan eta abarrean erne ibiltzera derrigortuta gaude”.

Lan baldintza kaskar horiek zerbitzuaren kalitateari ere eragiten diotela gogoratu dute, eta gainera, “kasu askotan atzeratu egiten da oso garrantzitsuak diren bidalketen entrega, hala nola, enplegu bulegoarekin lotutako jakinarazpenak, azterketa medikuak… Epez kanpo entregatzen dira eta herritarrei nahasmendu handiak eragiten dizkiete”.

Azkenik, adierazi dute azaroan eta abenduan asteartero elkarretaratzeak egingo dituztela, 09:30etik 10:00etara. CCOO, LAB, ESK, UGT eta ELA sindikatuen babesa daukate langileek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!