Gurasoen alineazio-sindromea, hizpide eta kritikagai

Xabier Lasa 2020ko aza. 19a, 14:44
Norma Vazquez eta Ester Ruiz, Basteron

“Gurasoen alienazio-sindromea (GAS) genero indarkeria jasaten duten emakumeen eta beren seme-alaben aurkako tresna” izenburuko hitzaldia eskaini zuten Luna Plataformako Ester Ruizek eta Sortzen aholkularitza zerbitzuko Norma Vazquezek Basteron, joan den asteartean.

Nazioarte mailan azaroaren 25a indarkeria matxistaren aurkako eguna gisa izendatuta dago, eta horren harira Andoaingo Udalak gaiaren inguruan antolatutako ekitaldietako bat izan zen hitzaldia.

Gurasoen alienazio-sindromea (GAS) deiturikoa, edo gaztelaniaz SAP gisa ezagutzen dena, polemika izugarria eragiten duen gaia da azken urtetan. Sindrome hori ez duela existitzen aldarrikatzen dute hainbat gizarte sektorek, genero ikuspegi batetik egindako azterketa baten ondorioz.

1985an, Richard Gardner haur psikiatrak sortu zuen terminoa, eta banantze edo dibortzio-prozesu batzuetan haurren zaintza erabakitzeko orduan gurasoek zein haurrek ustez erakutsi ohi duten jokaera definitzeko asmoz. Psikiatraren iritziz, haurrak manipulagarriak izaten dira, aita edo amaren aurka joka dezaten.

Zentzu horretan, kontzeptu hori prozesu judizialetan testigantza emateko psikologikoki manipulatuak izaten diren kasuetan aplikatu beharra dago, Gardnerren aburuz.

OME (Osasunaren Mundu Erakundea) edo eta munduko psikiatriako erakunde nagusienek, ordea, uko egiten diote kontzeptu horri; are zorrotzago epaitzen dute genero ikuspegian lan egiten duten profesionalek edo mugimendu feministek, iruditzen baitzaie emakumeari seme-alaba txikien zaintza kentzeko erabiltzen den tresna maltzurra dela. 

Instantzia ofizialetan baztertua dagoen arren -Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (CGPJ), besteak beste, ez erabiltzeko esana du-, epaiketen ondorengo epaileen sententzietan de facto aplikatu egiten dela salatzen dute hainbat gizarte sektorek.

Gehitzen dutenez, ikuspegi patriarkala nagusitzen segitzeaz gain, nazioartean haurrei aitortzen zaizkien oinarrizko giza eskubideen aurka doa. Iritzi horren defendatzaileen artean daude Basteron hitzaldia eman zuten Norma Vazquez eta Ester Ruiz. Beren arrazoiak azaldu zizkieten entzuleei, hain zuzen.

 

Testuinguruan kokatu beharra

Norma Vazquez Sortzen aholkularitzako kidea da; banaketa prozesuak bizi izan dituzten emakume askorekin lan egiten duen psikologo feminista da. SAP delakoa ulertzeko testuinguru historikoan kokatzen saiatu zen Basteron. “Historikoki, amaren figurak balio sozial eskasa eduki du, nahiz eta amatasunak rol handia eta errespetagarria eduki. Psikologia zientzia den heinean, patriarkala izan da nagusi. Freuden ekarpen handienetako bat umeek familiarrengandik jasaten zuten abusu sexualaren atala izan zen; baina, XIX mendeko gizarte victorianoak atzera egitea derrigortu zuen, eta horren eraginez, azkenean adierazi zuen umeek istorioak asmatzeko gaitasun handia zeukatela, gezurtiak zirela. XX mendeko 70eko hamarkadan, emakumeen matxinada indartsu hasi zenean eta botere kuotak irabazten, erreakzioz, eta mugimendua eteteko gogoz, gurasoen alienazio sindromearen kontzeptua asmatu zuten. Bere eskutik, “Mehatxuaren terapia” ere sortu zuten”.

 

Mehatxuaren terapia

Berarenganako edo/eta bere seme-alabenganako indarkeria matxista edo abusuak salatzen dituen emakumea presionatzea da “mehatxuaren terapia”ren helburuetako bat, Vazquezen aburuz. “Balorazio psikologiko eta sozial amaigabeak ezartzen zaizkio, bere testigantza auzitan jarri eta indargabetzeko asmoz, atzera egin dezan, salaketa erretira dezan. Umeen zaintza kentzeko mehatxua ezartzen zaio, babesgabe uzten dute emakumea. Ustezko terapia hori poliziak umeak bortxaz kentzen dizkionean amaitzen da. Eta guzti hori zenbait terapeuta eta gizarte laguntzaileen bultzadaz eta konplizitateaz gertatzen ari da. Hortik aurrera, administrazioak jarritako profesional horiek balorazio-azterketak egiten jarraituko dute emakume horrekin. Eta prozesu guzti horretan, seme alabak bloketatuta geratuko dira. Gainera, umeak adierazten badute amarekin egon nahi dutela, mehatxatzen zaie hura ez dutela ikusiko, aitaren esku geratuko direla… Ez daukatela arrazoirik konbentzitzen saiatzen dira…”.

 

SAParen biktimak batuta

Ester Ruiz SAParen Aurkako Luna Plataformako kidea bizipen pertsonaletik abiatu zen gaiaz mintzatzeko. 2003an bere bikote kide ohia salatu egin zuen esanez tratu txarrak eragiten zizkiola, eta hortik aurrera, alaba txikiaren zaintzarik gabe amaitu zuen. “Amen hitza sinesten ez duen sistema batekin egin nuen topo. Gaian sakontzen hasi, ingurura begira jarri, eta ohartu nintzen ama asko garela berriro biktimizatzen gaituztenak. Horrela, 2007an, hainbat amek Luna elkartea sortu genuen geure bizipenak partekatzeko eta geure eta seme-alaben eskubideak aldarrikatzeko”.

Amek salaketa jartzen duten unetik torturaren parekoa den prozesu psikologikoa jasan arazten zaiela adierazi zuen Ruizek. “Estatu makinaria oso bat martxan jartzen da. Talde psiko-sozialen eta terapeuten eskuetatik pasa arazten gaituzte... Ez gaituzte  sinesten, manipulatzailetzat jotzen gaituzte, hots, umeei errealitate faltsu bat sinestarazten diegula. Ez dute kontuan hartzen, maiz, zein zaila izaten den frogatzea tratu txar fisiko zein psikologikoak jasan izana. Iruditzen zaie sasi sindrome horren pean bizitzera eraman ditugula haurrak, eta erabakitzen dute hobena guregandik apartatzea dela. Gure “eraginpetik urrunduz gero, sendatu” egingo direla diote”.

Amak programa terapeutikoetan umeekin batera parte hartzera derrigortzen dituztela esanez jarraitu zuen Ruizek. “Emakumeak ez badu programa horietan parte hartu nahi, parte hartu arren ez badu bikote ohia barkatzeko asmorik agertzen, edo eta, haurren testigantzetan aitaren figurarekiko ezinikusia sumatzen badute, bada, orduan, ondorioztatzen dute amak ez duela kolaboratu nahi. Hortik aurrera, amak umeengandik urruntzeko erabakia hartzen dute”.

Profesionalek zein epaileek egiten dituzten txostenetan, SAP-a aipatzen ez duten arren, haren filosofian oinarritzen direla azpimarratu zuen Ruizek. “Sententziak irakurriz gero, ohartzen zara aplikatzen jarraitzen dutela, baina beste zenbait termino darabilte gauza estaltzeko: “gurasoen arteko interferentziak”, “leialtasunen gatazka”… Uste duguna baino zabalduago dago arazoa; estatu mailan, esango nuke sententzietatik %85 kasuetan gertatzen dela horrela”.

Egoera guzti hori haurrek modu traumatikoan bizi ohi dutela erantsi zuen Ruizek. “beldurra eragiten dieten aitekin bizitzera edo eta haiei bixitak egitera derrigortzen dituzte, besteak beste”.

Basteroko hitzaldian Ruizen mintzakide izan zen Vazquezek, Sortzen aholkularitzak 2011n egin zuen ikerketa baten berri eman zuen. Biolentzia salatu ostean bide judiziala bizitzen ari ziren 30 ama eta horien 60 seme alaba (adin txikikoak zein nerabeak) aztertu zituen ikerketak, hain zuzen. Bada, ziurtatu zuenez, emaitzetan kuadro beldurgarriak agertu zitzaizkien: lo-ezina, elikadura-portaeraren nahasmenduak, bulimia, anorexia, atzerapenak garapen motorrean, nahasmen emozionalak, antsietatea, autoestimu baxua, mututasuna, jokaera eta arazoak, eskola porrota, erasokorkeria… Arazo larria izaten ari da, eta etorkizunean larriagoa izango da. Euskadiko epaitegietan ez zaie kasu askorik egiten seme alaba horien ongizate mentalari”.

 

Aitaren figura berreskuratzeko asmoa

Tratu txarren salaketak eta haurrak dauzkaten banaketa eta dibortzio prozesu judizial askoren atzean mentalitate patriarkatuak indar handia izaten jarraitzen duela iruditzen zaio Vazquezi. ”Ideia nagusia da: “Aita da autoritatea gizarte honetan!”. Alegia, aitak ezin duela minik eragin, eta beraz, erreskatatu egin behar dela; eta, baldin eta gauzak ez baditu ondo egiten, lagundu egin behar zaiola. Hainbat pentsamendu matxistek errotuta jarraitzen dute, nahiz esplizituki ez onartu inork: “Hobe aita autoritarioa, aitarik ez edukitzea baino”; “aitak emazteari tratu txarrak eragin badizkio, zerbaitengatik izango da”, “emazteri tratu txarra eragin izan k ez zu esanahi umeekin ere hala jokatuko duenik”: “izan daiteke senar gaiztoa, baina aita ona”… Kontrara, amari, ez zaio zertan lagundu beharrik; izan ere, mekanismo biologiko arraro baten arabera, betidanik jakin behar du gauzak ondo egiten, nonbait”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!