Xake matea oholtza gainean

Aiurri 2020ko aza. 20a, 10:25
"The Big Game" dantza emanaldia. Jesus Robisco

Peoiak lehen lerroan. Haien atzetik dorreak eta zaldiak, mugimendu biziagoekin. Ondoan alfilak, diagonalean aurkaria noiz erasotuko zain. Erdian errege-erreginak.  Gudarako prest dira beltzak eta gorriak, karratuz osatutako oholtzaren gainean. 

"The Big Game" dantza emanaldia izango da gaur Andoaingo Bastero kulturgunean. Arratsaldeko 19:00etan ekingo diote ikuskizunari, eta xake partida batean murgilduko da bertaratzen den oro. Londresen jokatutako "La Inmortal" (1851) partida du abiapuntu emanaldiak: "Xake bizidun baten bertsio aske eta lekualdatua" proposatzen du koreografiak, 32 dantzarik osatzen duten lanean. Espazioek berebiziko garrantzia dute, gorputz asko baitaude etengabeko elkareraginean. Hona hemen proiektua eta haren sorkuntza-prozesua azaltzen dituen bideoa: 

Bestalde, hilaren 27an, arratseko 19:00etan, Andoaingo Udal Musika Eskolako Banda  arituko da Golden Apple Quartet taldearekin batera. Gospel eta jazz musika uztartzen dituen taldea da azken hori, beren kantetako gaiek eta letrek duten umore kutsuagatik ezaguna:

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!