Tomas Chiscano, Andoainen arrasto sakona utzi zuen extremadurarra hil berri da

Xabier Lasa 2020ko aza. 20a, 11:11

Tomas Chicanok andoaindar askoren artean oroitzapen gozoak utzi zituen 1980an berriro bere sorleku Extremadurara itzuli zenean, herrian ia 12 urte egin ostean. Arrasto sakona utzi zuen hainbat pertsona eta erakundeetan: Andoaingo Ondarreta ikastetxeko komunitatean, Etxeberrietako auzoan, Hogar Extremeño elkartean... Eskuzabaltasuna eta umiltasuna jakinduriarekin bikain uztartzen jakin izan zuen pertsona baten pare definitu dute Andoainen ezagutu zutenek. 

Villanueva la Serena (Badajoz) herrian jaio zen eta bertan bizi zela hil zen, azaroaren 13an, 81 urte zituela. Alargunduta zegoen, eta lau seme-alabaren aita zen.

Tomas Chiscano eta bere emazte Maria Espejo, 1968an heldu ziren Andoainera, bertan zegoen eskola publikoan lan egitera. Bi urte Etxeberrietako futbol zelaiaren ondoan zegoen eraikinean irakasle izan ziren; bizi ere, aldameneko eraikinean bizitu ziren, irakasleentzako prestatuta zeuden etxebizitzetako batean. Etxeberrietako auzoan berehala integratu ziren, eta Chiscanoren kasuan, Euskalduna futbol taldeko kolaboratzailea izan zen; orduan adiskidetu zen Javier Zatarain, Nikolas Urrutia, Joxe Galparsoro eta Baleojan sozietatea osatzen zuten beste zenbait kiderekin. Harrezkero, eta orain gutxi arte, Aste Santua heldu aldiro, Chiscanok ohitura hartua zeukan Andoainera etorri eta adiskide guzti horiekin bazkari batean biltzeko.    

1970ean Ondarreta ikastetxea eraiki zenean, Chiscano bertan aritu zen.

Chiscano, Ondarretako hainbat ikasleekin (Egilea: Truchuelo).

 

Literaturako irakaslea izan zen, eta ezagutzak transmititzerakoan erakusten zuen gozotasunagatik nabarmendu zen. Andoainen ia hamabi urteko bizialdia egin ostean, 1981ean, bikotea berriro ere Badajozera, jaioterrira abiatu zen.

Chiscano Andoainen ez ezik, Badajozeko beste hainbat herrietan (Don Benito, Villanueva, Entrerríos eta Santa Amalia) aritu zen irakaskuntzan. 2010ean hartu zuen erretiroa, Don Benitoko ikastetxe publikoan.

 

Hogar Extremeño elkartean, bultzatzailea

1977ko hondarrean, Extremaduratik Andoainera bizitzera etorritako emigranteek El Miajón de los Castúos-Hogar Extremeño izeneko kultur elkartea ireki zuten, bere-bereak ziren kultura, gastronomia, ohiturak… gogoan hartu eta zabaltzeko asmoz. Bada, Tomas Chiscano izan zen bultzatzaile nagusia.

Gaur egun bazkiderik beteranoenetakoak diren Paco Rodriguez eta Pedro Mateosek gogoratu dutenez, “Extremadurako jatorria zuten herrikideek bat egin, eta auzolanaren filosofia aplikatuz eraiki zuten elkartea, nork zekiena eginez. Arotzek, iturginek, igeltseroek, bulegariek… denek eduki zuten aukera beren ekarpena egiteko, orduko 300 pezeta jarri eta gero. Ateak 1977ko hondarrean ireki, 200etik gora bazkide erakarri ziren egitasmora, eta jada hurrengo urterako, dantza eta musika taldea antolatu ahal izan zen, eta baita lehen kultur astea ere aurrera eraman”.

Chiscanoren ahalegin berezia izan zen urteroko kultur aste horretan Extremadurako historiak, gastronomiak, folkloreak, kulturak… aparteko tartea eduki zezaten.

Gipuzkoan Extremadurako emigranteek ireki zuten lehen elkartea izan zen.

40 urtetik gorako historia dauka elkarteak gaur egun, eta hasierako filosofiari eusten dio, nahiz eta bere bazkideak berritzen joan diren, eta horietako askoren profila ez izan berbera. Lehen 200 eta gehiago bazkide haiek, guzti-guztiak Extremaduran jaioak ziren. Esate batera, Mateos zein Rodriguez 18-20 urte zituztela heldu ziren Andoainera, Caceresko Galisteo eta Acebo jaioterriak atzean utzita. “Baina jakina, belaunaldi aldaketa gertatu da hamarkaden joanarekin batera, eta egun, 1977an ez bezala, gutxi gara Extremaduran jaio garen bazkideak. Andoainen jaiotakoak dira gehienak”.

 

2007an omenaldia

Chiscanok Andoain bihotzean zeraman, nahiz ehunka kilometrora bizi, eta urtean behin egiten zien bixita adiskideei, aste santuan nagusiki.

2007ko ekainaren 2an, Andoaingo Hogar Extremeño elkarteak Chiscanori omenaldia eskaini zion, elkartea sortu zeneko 30 urteurrena betetzen zela probestuz. Bolada hartan elkarteko presidentea zen Paco Rodriguezek gogoratzen duenez, “Egun handia izan zen hura berarentzat, eta halaxe aitortu zuen hitza hartu zuenean. Emozioz gainezka egon zen egun osoan, ezin lasaiko unerik hartu! Izan ere, elkarteko kideak ez ezik, udaleko ordezkariak, Ondarreta ikasle izandako eta herritar ugari bertaratu zen ekitaldira; denek nahi izan zuten hura besarkatu, musu bat eman, eskerrak eman Andoainen egin zuen lanagatik…”.

Paco Rodriguez 2007ko ekitaldia aurkezten, Chiscano ondoan duela. Udal agintariak, Iñaki Zabaleta erretorea eta herriko zenbait elkarteetako ordezkariak bertan izan ziren egun hartan.

 

Erreportajearen argazki nagusian, hain zuzen, Chiscano hizketan ageri da, Hogar Extremeño elkartea eratzeko orduan behar izan zituzten agirietako bat eskuetan duela.

 

Idazle oparoa

Lanbidez irakaslea zen, literaturako irakaslea hain zuzen, eta idaztea zuen gogoko. Bere kasuan lan bokazioak eta zaletasunak bat egin zutela esan daiteke. Ondarreta ikastetxean 70eko hamarkadan, gazteengan idazteko eta margotzeko gogoa pizteko asmoz eratu zen lehiaketako bultzatzaile nagusiena izan zen.

Chiscano ikasle batekin Ondarretako ikastetxean (Egilea: Truchuelo).

 

Bost liburu idatzi zituen, poemak gehienak: tartean, Todavía; Borbotones de ensueño; Ilusiones y Sentimientos; La ruptura del tiempo; Le habían dicho que... (cuentos así de chiquirrininos); Poemas para leer en la escuela, liburu askotan, irakaskuntzan pilatutako eskarmentua eta ikasle gazteekiko maitasuna islatu zituen.

Bere azken liburua, Sensaciones Vitales izan zen: 2019an iaz argitaratu zuen, eta emaztea hil ondorengo bizipenak bildu zituen bertan

Hiztegi berezi bat ere argitaratu zuen, Vocabulario Serón, lexikografian bilketa lan aparta egin ostean. Villanueva bere jaioterrian zein La Serena bailara osoan oraindik ere bizirik ziren hitzak, esaerak, esamoldeak… bildu zituen; desagertzeko zorian den hizkuntza ondarea berreskuratu eta ondorengo belaunaldi gazteen esku uztea izan zen bere asmoa.

Gizona ez zen egonean egoteko jaio, eta ekimen ugarikoa izan zen. Extremadurako Idazleen elkarteko kide ez ezik kulturarekin zerikusia zuten zirkulu eta tertulia askotan parte hartzen zuen, eta zenbait literatura lehiaketa irabazi zituen. Villanueva de la Serena bere herrian Porticuvus kultur taldeko ekintzaile gisa jardun zuen azken egunera arte. Prentsa-artikulugile emankorra zen; besteak beste, Hoy egunkariko herri kronikalaria, eta Vegas Altas La Serena astekariko artikulugilea.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!