Euskal presoen aldeko konzentrazioa egin da Goikoplazan Sarek deituta

Aiurri 2020ko aza. 21a, 13:54

150 pertsona inguru elkartu dira presoen eskubideak aldarrikatzeko Sarek deitutako bilkurara. 12:00tan hasi da elkarretaratzea eta orduerdi iraun du. 

Hona hemen irakurritako oharra:

Bidean gara, bidean gaude
Asteburu honetan, Hego Euskal Herriko herri eta auzoetan ehundaka mobilizazio antolatu ditugu Izan Bidea dinamika baitan. Ahalik eta herritar gehienen parte hartzea bilatu dugu, dinamika bera zabaldu eta hedatzeko asmoz. Pasaden maiatzean aurkeztu genuen dinamika honen baitan milaka gara urratsak ematen hasi garen herritarrak; preso eta iheslarien etxerako bidea egiteko urratsak emanaz, elkarbizitza eta bakea eraiki ahal izateko urratsak emanaz.

Abestiak dioen moduan, “bide zuzena ez da beti motzena”. Horretaz zertxobait badakigu. Baina horrek ez gaitu¡ sekula etxean geratuarazi. Badakigu bidea ez dela egun batetik bestera egiten, urratsez urrats baizik. Eta horretan gaude.

Hilabete guzti hauetan, pandemia egoera zail honen baitan egonda ere, aktibo egon gara, lehenik konfnatuak izan garen egunetan gure etxeetatik aldarria zabalduz, ondoren, kalean segurtasun distantziak errespetatuz, baina ezinbestekoa den aldarria behin eta berriro zabalduz. Hala egin dugu gaur ere. Egoera zaila izan arren eta guztion
segurtasuna dela -eta, arduraz jokatzea dagokigun arren, salbuespen espetxe politika amaitzearen beharra kalean aldarrikatu dugu.

Izan ere, espetxeetako egoerak ere okerrera egin du Covid-19aren ondorioz, bai preso direnei, bai bisitara doazen senideei egoa zailduz. Ezin dugu errealitatea hori ahantzi ezta alboratu ere. Horregatik batu gara gaur ere, guztion artean bidea egiteko, guztion artean oinarrizkoak, urgentziazkoak eta beharrezkoak diren pausuak eman daitezen;

  • Larriki gaixo diren presoen kaleratzea.
  • Urrunketa politikaren amaiera.
  • Gradu progresioa; zeinari esker, presoek euren etxeratze prozesua abitu ahal izango duten.
  • Zigorren batuketa.
  • Bakartuak diren emakume presoen bateratzea.
  • Finean, salbuespen legedia bertan behera laga eta lege arruntaren ezarpena.

Azken hilabeteetan behin eta berriro esan dugu une historiko baten aurrean aurkitzen garela; Batetik, EH mailan salbuespen legedia bertan behera geratzeko lortutako adostasun eta akordioak gehiengo politiko, instituzional, sindikal eta soziala batzen dutelako. Bestetik, bai Madrilen eta baita Parisen ere espetxe politika aldatzeko borondatea agertu dutelako lehenekoz, nahi zeta eman diren urratsak, arnas-gune izanda ere, nahikoa ez izan. Aukera probestu beharrean gaude. Eta badakigu, guk bultzatu ezean, errealitate hau guk mahaigaineratu ezean, haizeak astintzen ez duen bandera modura, trapu bilakatu dela.

Bultzada horretan gaude. Ehundaka herri eta milaka herritar mugimenduan gabiltza asteburu honetan ere. Urratsez urrats, kilometroz kilometro, bidea gara eta bidean gaude!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!