Petri Romero Berdintasun zinegotziak Udaleko adierazpen instituzionala irakurri du:
COVID-19aren izurriteak gure bizitza eta herriak kinka larrian jarri ditu, pertsona guztien osasunari, segurtasunari, ongizateari eta erkidego-bizitzari erronka handia jarriz. Mundua ulertzeko eta bertan egoteko dugun modua aldatzen ari da. Konfinamenduak, mugimendu-murrizketek eta harreman-mugek agerian utzi dituzte, gordintasun osoz, mota desberdinetako indarkeria matxistei aurre egiten ari zaien emakumeen egoera ahulak.
Arrisku horiek oztopa edo atzera ditzakete gure herrialdean lortutako berdintasun-eskubideak, eta eragin negatiboa izan dezakete berdintasun-politiketan eta -aurrerapenetan.
Pandemiak sortutako egoeran, arreta jarri behar dugu etxeetan, lantokietan eta bizi-guneetan beren biziraupenagatik bortxakeriari aurre egiten ari zaizkion emakume eta neskengan. Testuinguru horretan, isolamendua, babesgabetasuna eta ikusezintasuna saihesteko baldintza egokiak sortzen jarraitu behar dugu.
Gizartearen aitorpen eta elkartasun osoa merezi dute. Horregatik, gogoratu nahi ditugu gaur erasoa jasan duten emakumeak eta, bereziki, aurten Euskal Herrian erail dituztenak. Errealitate mingarri horrek gizarte gisa kateatzen gaitu, eta lanean jarraitzera eta mobilizatzera garamatza, aurrerantzean gerta ez dadin.
Hala ere, hori guztia EZ DA NAHIKOA. Konpromiso politiko argia behar dugu, gizarteak erakundeei eskatzen baitie emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurka jotzea lehentasun politiko bihur dezatela. Inoiz ez bezala zerbitzu publikoen eta erakundeen laguntza eta baliabide guztiak izateko, emakumeei beren askapen-, berreskuratze-, ahalduntze- eta autonomia-prozesuetan laguntzeko garaia da.
Ezinbestekoa da emakumeek duintasunez eta segurtasunez bizitzeko oinarrizko eskubidea berreskura dezaten, duintasunez eta segurtasunez bizitzea merezi baitute.
Behar-beharrezko baldintza da, gainera, gure herriak eta hiriak bizikidetza seguru, solidario eta berdinzalerako gune gisa indar daitezen.
Horregatik guztiagatik, Andoaingo Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:
- Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen eskubideak arreta-prozesu osoaren erdigunean jartzea, haien beharrak eta eskaerak entzunda eta aintzat hartuta politika berriak diseinatu behar direla babeserako, arretarako, erreparaziorako eta berriro ez gertatzearen bermerako eskubidea ziurtatu ahal izateko.
- Identifikazioa hobetzea, indarkeria-egoeretan dauden emakumeen bortxakeria era eta profil berriak azkar hautematea horien aurka ekiteko.
- Indarkeria matxistaren edozein erari aurre egiten dioten emakumeentzako arreta- eta laguntza-zerbitzuei eustea, hobetzea eta egokitzea, beti ere ikuspegi konpontzaile batetik, erakunde bakoitzaren eskumenen esparruan.
- Emakumeen ahalduntzen eta Gazteen artean indarkeriari aurre hartzen laguntzeko programak bultzatzea, etorkizuneko indarkeria-egoerak eragozteko funtsezko tresnak baitira.
- Tokiko bizitzan berdintasun-programak zaintzea eta egonkortzea, emakume-gizatalde batzuen egoera ahulak areago ez daitezen.
- COVID 19aren krisiak emakumeen pobretzean eta zaurgarritasunean eta zainketen eremuan duen eragina aztertzea. Ildo horretan, eta aintzat hartuta zainketak gehienbat emakumeek egiten dituztela, Udalak horri buruzko diagnostikoa egiteko konpromisoa hartzen du, bai eta diagnostiko horretan agerian azaltzen diren beharrei erantzuteko programak, neurriak eta zerbitzuak abiaraztekoa ere.
- Genero-ikuspegia txertatzea udal eremu guztietan, krisiak eragindako enplegu eta diru-sarrera galerak eta beste eragin negatibo batzuk arintzeko neurrietan, kalte eta ondorio horiek guztiek eragin handiagoa izan baitute emakumeengan eta, gainera, indarkeria matxista jasaten ari direnek oztopo handiagoak topatzen dituzte egoera horietatik ateratzeko.
- Emakumeen elkarteen, udalen, foru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza eta koordinazioa eskatzea, emakume eta gizonen arteko berdintasunari dagozkion gaietan eta bortxakeria matxistaren aurka borroka egiteari dagozkion ekimen guztietan bitarteko eta baliabideak berma ditzaten.
- Udal honek konpromisoa hartzen du 2021eko udal aurrekontuetan murrizketarik ez egiteko eta beharrezkoak diren diru-kontuak handitzeko.
Amaitzeko, Andoaingo herritar guztiei dei egiten diegu azaroaren 25aren inguruan antolatu diren ekitaldietan parte har dezaten, bereziki indarkeria matxistaren biktimen omenezko ekitaldian. Ekitaldi hori Udalak antolatu du hainbat emakume-elkarterekin eta mugimendu feministarekin batera, azaroaren 25ean, 19:00etan, Goikoplazan.