Etxeetako langileen egoera aztergai

Aiurri 2020ko aza. 26a, 10:34

Berdintasun Sailak antolatu duen solasaldia on line eskainiko dute, ostiral honetan.

Isabel Otxoa EHUko irakaslearekin batera, Maitelan eta Emagin elkarteetako kideek parte hartuko dute iluntzeko 19:00tan hasiko den mahainguruan.

Berriki, Emaginek Beterri-Buruntza eskualdeko diagnostikoa egin du. Egindako ikerketa lan horren aurrerapena egin zuten Hernaniko Kronikan. Zaintza lanak demokratizatzeko prozesuan, lagungarri izan nahi duen analisia egin zutela adierazi zuten. "Eraldaketarako pizgarria izan nahi duen lana da; berregituratze baterako oinarrizko tresna; eztabaida soziala sustatzeko erreminta", adierazi zuen Miren Aranguren Emagineko kideak.

Eskualdean zaintza lanak nola antolatzen diren aztertu zuten. Horrez gain, proposamena ere garatu zuten. Lehendik zetorren gatazka azalerazi da, azterlan horretan: "Emakumeon eskubideen defentsak, zaintzen krisia eta mendeetako injustizia azalarazi egin ditu. Herritarren zaintzarako beharren eta zaintzeko baliabideen artean desoreka handia dago, eta horren kaltea emakumeak ordaintzen du. Egungo zaintzen antolaketak, beraz, ez ditu herritar guztien eskubideak errespetatzen".

Bi foko nagusi ezarri ziren. Lehenik, zaintza langileak. "Bai familia zaintzen dutenak, bai eta zaintza profesionalean jarduten dutenak, erresidentzietan, etxeetan, eguneko zentroetan, edo etxeko langile gisa". Eta bigarren fokoa, helduen zaintzara dedikatzen direnak. "Errealitate gordina da, zailtasunez beterikoa. Gatazka asko metatzen diren eremu bat da eta urgentziaz atenditu beharrekoa, gainera".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!