Aurreko edizioan bezalaxe, zortzi finalistaren izenak iragarrita zeuden. Kazetaritza eta Komunikazioa ataletan, hauexek aurtengo saridunak:
Kazetaritza saria 2020: Osasun Etxea, Euskadi Irratia
Epaimahaiaren erabakia: “Arantxa Arza kazetariak eta Felix Zubia medikuak osasun-kontsulta zabaltzen dute igande goizero Euskadi Irratian. Saioak entzuleei kalitatezko zerbitzu publiko eredugarria eskaintzen diela azpimarratu nahi du epaimahaiak, bereziki COVID-19ak mundu zabalean eragindako datu eta iritzi-anabasaren testuinguruan. Zer den alea eta zer lastoa bereizten lagundu duen erreferente informatiboa bilakatu da Osasun Etxea irratsaioa. Beraien zeregina gainera ez da koronabirusaren nondik norakoak azaltzera eta argitzera mugatu; izan ere, entzuleek beste edozein gaixotasunaz helarazitako kezka eta zalantzei erantzun diete, beti zehaztasunez, erraz ulertzeko moduko hizkera erabiliz eta gizatasunezko tratu pertsonalizatua lehenetsiz”.
Komunikazio saria 2020: Egunean Behin, Codesyntax:
Epaimahaiaren erabakia: “Euskaratik eta euskaraz sortutako 80.000tik gora galdera ditu egun datu-basean tribial estiloko joko honek. Haren helburua da euskara sustatzea eta euskal kultura ezagutaraztea. Aplikazioak 100.000 deskargen langa gainditzea lortu du eta horietatik gehienek jokatu izan dute egunero. 2019an 3,5 milioi partida jokatu ziren. Komunikazio-esparrua aldatzera datorren tresna nagusiari (Internet eramangarria duen eskuko ordenagailu-telefonoari) modu irudimentsu eta arrakastatsuan heltzen dion proposamena da. Mugikorrarentzat egina izatean, edozein lekutatik parte har daiteke, gehienez egunean behin eta denbora mugatuan. Joko-jolasaren bitartez euskarazko erabiltzaileen komunitatea eraikitzeko tresna dugu CodeSyntaxek merkaturatu duen APP hau. Azpimarratu behar da taldean jokatzeko aukera ematen duela eta 40.000 talde inguru daudela sartuta jokoan. Hala, dagoeneko komunitate bat bildu da jokoaren inguruan, #eguneanbehin traolarekin sare sozialetan isla duena. Etengabe berritzen doan egitasmo honek, gainera, mugikorrerako aplikazio batek eskain dezakeen aukerak gainditu ditu, erabiltzaileei Youtubez erretransmititutako zuzeneko partidak jokatu eta jarraitzeko aukera emanez”.
Bi ataleko irabazleek 9.000 euroko saria eta Xabier Laka eskultoreak RAKSerako berariaz egindako oroitikurra jaso zuten.
Bart gaueko kontakizuna egin zuen Aiurrik, sare ezberdinetan:
Osasun Etxea, Kazetariza Saria 2020. Arza eta Zubia igo dira taulagainera, saria jasotzera #RAKS #Andoain pic.twitter.com/qg78wWp5YF
— Aiurri hedabideak (@Aiurri) November 26, 2020
Kazetaritza saria atala. Finalistak:
- Arantxa Arza eta Felix Zubia, Euskadi Irratiko Osasun Etxea irratsaioagatik.
- Miel Anjel Elustondo, Berrian argitaratutako “Tonban ehortzirik” testu sortagatik.
- Euskadi Irratiko Albiste Faktoriaren lantaldea, 2019ko irailetik 2020ko iraila bitartean egindako irratsaioengatik.
- Berria egunkarian “Koronabirusaren azken datuak” atala egin duen lantaldea, aipatutako sekzioagatik.
“Komunikazio saria” atala. Finalistak:
- “Egunean behin” jokoa, CodeSyntasek egina.
- “Ene kantak” proiektu komunikatiboa, 2019-2020an emandako saltoagatik.
- Arteman, “Lur eta amets” filmaren komunikazio prozesuagatik.
- Mendiak eta Herriak elkartea, Et Incarnatus Orkestra eta Sorland Komunikazioa, “Urmuga” proiektuaren spotagatik.